Luca Guadagnino izango da Donostiako Zinemaldiko epaimahai ofizialeko burua

Marisa Fernandez Armenterosek, Michel Francok, Lena Mossumek eta oraindik iragarri gabeko bosgarren kide batek osatuko dute epaimahaia. Segurtasuna bermatu ahal izateko, aretoetako edukiera eta emanaldiak murriztuko dituzte

Ruth Perez Anuzita, Maialen Beloki eta Jose Luis Rebordinos, atzo, Donostian egindako agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Ezohiko Donostiako Zinemaldia izango da aurtengoa. Koronabirusaren ondorioz, antolatzaileek ziurgabetasun handiarekin prestatu behar izan dute jaialdia, eta festibala hasteko bi aste falta direnean, oraindik ez dakite zein zinemagile eta aktore etorri ahalko diren Donostiara; ezta hainbat epaimahairen behin betiko osaketa ere. Nolanahi ere, festibala «aurreko urteetan bezain erosoa» ez izanda ere, aurtengo jaialdiko programazioaz «harro» azaldu zen Jose Luis Rebordinos zuzendaria atzo goizean egindako aurkezpenean. Murrizketak murrizketa, Donostiako 68. Zinemaldia bere ohiko datetan egingo da: irailaren 18an hasiko da, ostiralez, eta 26an amaituko da, larunbatarekin.

Atzoko aurkezpena Zinemaldiko sail ezberdinetako epaimahaiak iragartzeko baliatu zuten Rebordinosek, Maialen Beloki jaialdiaren zuzendariordeak eta Ruth Perez de Anuzita komunikazio arduradunak. Hala ere, horiek ere erabat osatu gabe daude oraindik. Luca Guadagnino zuzendari italiarra —besteak beste, Call Me by Your Name filmaren egilea da— izango da epaimahai ofizialeko burua, eta harekin batera Marisa Fernandez Armenteros ekoizleari, Michel Franco zuzendariari, Lena Mossum jantziteria diseinatzaileari eta oraindik zehaztu gabeko bosgarren kide bati egokituko zaie Sail Ofizialeko sariak erabakitzea.

Gainerako epaimahaiei dagokienez, euskal zinemaren Irizar sariarena Maider Oleaga zinemagileak, Diego Soto kazetari eta gidoigileak eta Irati Crespo Elias Kerejeta Zine Eskolako ikasleak osatuko dute; Kutxabank-Zuzendari Berriak saileko epaimahaiko burua Belen Funes zinemagilea izango da, eta Horizontes sariarena Jayro Bustamante zuzendaria.

Egoerara egokituta

Filmak zinema aretoetan ikustearen aldeko «apustu irmoarekin» helduko dio aurtengo edizioari Donostiako Zinemaldiak, Rebordinosek adierazi zuenez. Jakinarazi zuen Europako zortzi zinema jaialdi nagusiek bilera bat egin dutela egunotan, Venezian, eta bilkura horretan, festibal guztietako arduradunek adierazi dutela euren helburua beti izango dela filmak zinema aretoetan ematea.

Helburu hori buruan, segurtasunean jarri du fokua zinemaldiak, eta Rebordinosek iragarri zuen hartutako erabakiek edukieran izango dutela eragina. Hala, Kursaaleko auditoriumean gehienez 600 lagun sartu ahalko dira (%40), eta gainerako aretoetako edukiera %60ra murriztuko dute publiko orokorrarentzako emanaldietan, eta %50era akreditatuentzako saioetan. Horri lotuta, areto bakoitzean egunero izango diren emanaldiak ere murriztu egin dituzte, saio eta saio artean aretoen desinfektatze lanak egin ahal izateko. Edukiera murrizketa horiek zinemaldiko jarduera guztietan ezarriko dituzte: prentsaurrekoak, argazki saioak, aurkezpenak...

Aurretiazko sarrerak aurten Internet bidez baino ezingo dira eskuratu —Zinemaldia Plaza zerbitzua kendu dute—, eta hilaren 13an, igandez, jarriko dituzte salgai. Lehen egun horretan, jaialdiaren aurreneko hiru egunetarako sarrerak besterik ezingo dira eskuratu (irailaren 18, 19 eta 20rako). 14an, astelehenean, 21erako, 22rako eta 23rako sarrerak jarriko dituzte salgai, eta 15ean, azkenik, 24ko, 25eko eta 26ko saioetarako sarrerak eskuratu ahalko dira. Hilaren 16tik aurrera, saio guztietarako sarrerak erosten jarraitu ahal izango da. Sarrera guztiak zenbakidunak izango dira, eta sistema informatikoak berak esleituko ditu. Gainera, elkarrekin bizi direnek elkarren alboan esertzeko bi sarrera erosi ahalko dituzte gehienez. Zinema aretoetako txarteldegiak ere irekiko dituzte jaialdia hasten den egunean, 18an.

Emanaldien kopurua ere ohi baino txikiagoa izango da. 2019an baino 159 emanaldi gutxiago izango ditu Zinemaldiak —%23 gutxiago—, eta filmak ere iaz baino 65 gutxiago izango dira —%31 gutxiago—. Antolatzaileek adierazi dutenez, sarbide ordenatuagoak ahalbidetzeko eta aretoak husteko denbora gehiago izatea ekarriko du horrek. Era berean, zinema aretoak desinfektatu egingo dituzte emanaldien artean. Kursaaleko auditoriumean, Kursaal 2n, Viktoria Eugenia antzokian eta Antzoki Zaharrean—edukiera handieneko aretoak— emanaldien arteko tarteak 90 minutu iraungo du, eta gainerako guneetan, aldiz, ordubetekoak izango dira tarteak.

Maskara nahitaez erabili beharko da une oro, eta emanaldia lau ordutik gorakoa bada, derrigorrezkoa izango da maskara profesional homologatu bat eramatea (KN95 edo FFP2).

Bestalde, aurten ez da saiorik izango Belodromoan eta San Telmo museoan, eta ekitaldi sozialak eta festak —inaugurazioko eta itxierako jaiak, euskal zinemaren jaia— bertan behera geratuko dira.

Segurtasun neurriek zinemaldiak kalean duen presentzian ere izango dute eraginik. Hala, alfonbra gorria jarriko dute Kursaalaren sarreran, baina publiko orokorra ezingo da bertara gerturatu, eta komunikabideetako argazkilariek baino ezingo dute bertan egon. Aktore eta zuzendariak Donostiara iristen direnean ere ez da haiengana argazkiak egitera hurbiltzeko eta sinadurak eskatzeko aukerarik izango.

Nolanahi ere, zinemaldiaren antolatzaileek jakinarazi dute sareko eskaintza indartu egingo dutela, eta jaialdiaren webgunean ikusi ahalko direla artisten iritsierak, baita Sail Ofizialeko prentsaurrekoak ere. Gainera, aurten publikoaren eta artisten arteko online topaketak ere antolatuko dituzte.

Izenik gabe

Zinemaldia hasi aurreko aurkezpenean iragarri ohi dituzte festibalean izango diren zuzendarien eta aktoreen izenak, baina atzokoan ez zuten izenik eman nahi izan. «Egoera oso aldakorra da, eta ez dugu izenik eman nahi, arrazoi bat edo besterengatik gero baliteke-eta norbait ez etortzea», adierazi zuen Rebordinosek.

Zinemaldia Woody Allenen Rifkin's Festival-ekin hasiko da, eta antolatzaileen asmoa zuzendari estatubatuarra Donostiara etortzea bazen ere, azkenean ez da hala izango. «Azken asteetako gorabeheren ondorioz, erabaki du ez etortzea. Kontuan izan behar dugu 82 urte dituela».

Bestalde, Donostia sari bakarra emango du, aurten, zinemaldiak. Viggo Mortensenek jasoko du, eta Donostiara etorriko da saria jasotzera zein zuzendu berri duen lehen filma (Falling) aurkeztera. Atzoko aurkezpenean, Rebordinosek aitortu zuen bigarren Donostia sari bat lotu nahi izan dutela, baina azkenean ez dela posible izan. «Europako herrialdeetako legediak etengabe aldatzen direnez, esaten ziguten zinemaldia hasi baino pixka bat lehenago baieztatuko zigutela, baina ezin genuen itxaron».

Azkeneko hilabeteetan Sail Ofiziala osatuko duten filmak iragartzen joan da Donostiako Zinemaldia, baina Rebordinosek jakinarazi duenez, oraindik lehian izango den azken film bat falta da, eta datozen egunetan emango dute haren berri.

Perlak saila, aldiz, bi ekoizpenekin osatu dute: The World to Come (Mona Fastvold) eta Nomadland (Chloe Zhao). Bi filmak Veneziako Zinemaldian aurkeztuko dituzte egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.