Esanahiaz harago, hitza

Hilaren 27an ehun urte izango dira Dylan Thomas jaio zela, XX. mendeko ingelesezko poesiaren ordezkari nagusietako bat. Hitzez txikitatik maitemindurik egin zen poeta.
Dylan Thomas, BBCren irratsaio batean. Arrakasta handia izan zuen zeregin horretan.
Dylan Thomas, BBCren irratsaio batean. Arrakasta handia izan zuen zeregin horretan. Z / BERRIA

Juan Luis Zabala -

2014ko urriak 19
Hitzez maitemindu nintzelako idatzi nahi nuen poesia. Ezagutu nituen lehen poemak sehaska kantak izan ziren eta, irakurtzeko gauza izan aurretik ere, maite nituen haien hitzak, hitzak bakarrik. Hitz horiek zer adierazten zuten, zeren ikur ziren, edo zer esan nahi zuten, bigarren mailako gauza zen hori... hitzen soinua zen garrantzizkoena, arrazoi bat edo besterengatik nire munduan bizi ziren pertsona nagusi urrun eta ulertezinen ezpainetan aurrenekoz entzuten nituenean». Testu horretan aitortu zuen moduan, izan zezaketen esanahiaz harago, hitzez maitemindu zen Dylan Thomas hitzez, hitzen soinuaz batez ere, eta hitzen musikak bideratu zuen poesiara, harik eta XX. mendeko ingelesezko poesiaren ordezkari nagusietako bat bilakatu arte. Urriaren 27an ehun urte izango dira jaio zela, Dylan Marlais Thomas izenarekin, Galesko Swansea hirian, eta leku askotan baliatuko dute mendeurrena haren lanak gogora ekartzeko.

Kontatzen dutenez, lau urte baino ez zituela William Shakespeareren King Richard the Second tragedia osoa buruz errezitatzeko gai zen. Kazetari lanetan hasi zuen, hala ere, hitz argitaratuekiko bere harremana, artean 16 urte baino ez zituela, South Wales Evening Post egunkarian. Bereziki laudatuak izan ziren, beren indar liriko eta poetikoarengatik, argitalpen hartan idatzi zituen hilberriak. Hainbat aldizkaritan poemak argitaratzen hasi zen gero, eta 20 urte zituen estreinako poema liburua, Eighteen Poems, kaleratu zuenean. Ingelesezko poesiaren giroa astindu zuen, bere ibilbidearen hasieratik, musikaltasun handiko poemak idatziz. Poesiarako zaletasuna hitza esanahiaz harago bere soinuagatik maitatzetik zetorkionez, ezinbestekoa zuen musikaltasuna poesian.

Arazo ekonomikoak

Londresera aldatuta zegoen bigarren poema liburua argitaratu zuenerako, Twenty-Five Poems (1936). Arrakasta zuen poeta gisa, baina arazo ekonomikoak zituen, baita alkoholismo arazoak ere. Alkohola poesia idazteko lagun izan zuen garai hartan, baina bizitzarako etsai gogorra. Bere buruaz ari zela, «munduko gizonik mozkorrena» zela esan ohi zuen askotan.

Bigarren Mundu Gerra hasi zelarik, 1939an, armadan sartzen saiatu zen, baina ez zuten onartu, biriketako gaitz baten ondorioz. Irratirako egin zuen lan ondorengo urteetan, gidoilari eta esatari moduan, arrakasta handiz. Horrez gain, bost filmetarako gidoiak ere idatzi zituen. Hori dena poesia idatzi eta argitaratzeari utzi gabe: 1939koak dira The World I Breath eta The Map of Love poema liburuak —azken hori hitz lauzko testuz ere hornitua—, eta 1940koa Artistakume baten erretratua (jatorrizkoan Portrait of the Artists as a Young Dog) narrazio autobiografikoen bilduma, gaztaroko oroitzapenetan oinarritua.

Alkoholak presentzia handia du Artistakume baten erretratua osatzen duten kontakizunetan. Koro Navarro itzultzaileak liburuaren barruko ipuin batetik hitzaurrera aldatu zuen honako pasarte hau, alkoholaren eragin hori ilustratzeko: «Gustatzen zitzaidan garagardoaren zaporea, apar zuri bizia, sakontasun latoi-kolorea, edontziaren horma ilun bustien barreneko mundu bat-batekoa, ezpainetarainoko makurtze lasterra eta sabelerainoko irenste mantsoa, gatza mingainean, aparta ezpainen ertzetan».

AEBtan hitzaldiak

Deaths and Entrances argitaratu eta gero, 1946n, AEBetara bidaiatu zuen, hango hainbat unibertsitateren gonbitei erantzunez hitzaldiak ematera joana, eta 1952an Collected Poems. 1934-1952 argitaratu zuen. Hurrengo urtean hil zen, New Yorkeko erietxe batean, pneumonia batetik sendatzen ari zenean, Igor Stravinskiren obra batentzako gidoia lantzen ari zenean izandako delirium tremens baten ondorioz. Hurrengo urtean estreinatu zuen BBCk haren Under Milk Wood «ahotsetarako drama», egilearen obrarik ezagunenetako bat. Berebiziko arrakasta izan zuten emanaldiek.

Askotan esaten da Bob Dylanek —jatorrizko izenez Robert Zimmerman— Dylan Thomasen eta haren poesiaren ohorez hartu zuela izen hori, eta bada bien lanen artean parekotasun nabarmenik ikusten duenik ere, baina Bob Dylanek ukatu egin izan du lotura hori. «Nik benetan pentsatuko banu [Dylan Thomas] hain handia dela, haren poemak kantatuko nituen, eta arrazoi berarengatik nire izenaren ordez Thomas har nezakeen», adierazi zuen behin kantariak.

Dylan Thomasen liburu bakarra dago osorik euskarara itzulita, Artistakume baten erretratua arestian aipatua, Koro Navarrok itzulia eta Alberdaniak 1999an argitaratua. Horrez gain, bi poema eta bi ipuin ere badaude euskaratuta. Poemen itzultzaileak Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandia dira, eta ipuinen itzultzailea Joseba Urteaga.

Joseba Sarrionandiaren Izuen gordelekuetan barrena liburuan (Bilbo Aurrezki Kutxa, 1981, Pamiela argitaletxeak aurki zuzenduta eta eguneratuta berrargitaratzekoa), Dylan Thomasen aipamen bat dago. Poema bateko ni poetikoa harekin elkartzen da, «whiskiz erabat horditurik», Dublinen: «egun / berriz ere / oilaritearen tenorean / taberna guziak hertsita / euria erortzen ari delarik / elkartu gaitun Dylan Thomas eta biok / whiskiz erabat horditurik / hire erretratuari begira / euria zunan orduan / oraintxe bezala / hire gainean / Dublinen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna