Gari Bravo eta Mikel Bizkarra. Euskadi-Murias taldeko txirrindulariak

«Jarraitzea merezi zuen»

Mikel Bizkarrak eta Gari Bravok Euskadi-Muriasen ibilbideko bost urteen errepasoa egin dute. Oroitzapen gozoek amaiera garratzarekin bat egiten dute haien kontakizunean.

Gari Bravo eta Mikel Bizkarra, hizketan. MARISOL RAMIREZ / FOKUS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bergara
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Gari Bravo lazkaotarra da (Gipuzkoa), eta Mikel Bizkarra, mañariarra (Bizkaia). Mapa hartu, eta erdiko puntuan egin dute kafea hartzeko hitzordua: Bergaran (Gipuzkoa). Bost urte egin dituzte elkarrekin Euskadi-Muriasen —30 urte dituzte biek—, eta, atzera begiratzean, ez dute pena ezkutatu. Halere, lasai daude; biek dute taldea hurrengo urteetarako. Bravo Euskadi Fundaziora doa, eta zurrumurruek han kokatzen dute Bizkarra ere. Berak ez du argitu.

Euskadi-Muriasek herenegun jokatu zuen bere azken proba.Zer sentitzen duzue?

MIKEL BIZKARRA: Batez ere, tristura. Egitasmo polita izan da, Euskal Herrikoa, eta oso gustura egon naiz bertan. Errepidean erakutsi du jarraitzea merezi zuela, eta ez lortu izanak pena are handiagoa ematen du.

GARI BRAVO: Berdin. Hasieratik egon ginen biok; prozesu guztia ezagutu genuen. Mundu mailaraino hazi gara; taldea oso ondo aritu da, eta desagertzea tristea izan da.

Zer-nolako giroa duzue txirrindularien Whatsapp taldean?

G.B.: Denetarik dago. Gu lasai gaude, hurrengo urterako badugulako zerbait, baina jendea urduri dago; normala da. Horrelako egoerak zailak dira. Dena den, ezin dut besteen ahotik hitz egin.

Beteranoak zarete taldean, eta denetarik bizi izan duzue txirrindularitzan. Egokitu al zaizue etorkizuna ziurtatzeke duen gazteren batekin hitz egitea?

G.B.: Nik, adibidez, Chupete Lopez-Cozarrekin hitz egin dut. 2013an nik izan nuen atzeko egoeran dago. Euskaltelen nengoen orduan, bi urterako kontratuarekin. Bat egin, eta kalean bukatu nuen. Chupe antzera dabil. Urri erdian egotea eta ezer lotuta ez edukitzea zaila da, eta mingarria. Berak jarraitu nahi du, baina aukera gutxi ikusten ditu. Borrokan ari da, baina azken lasterketetan itzaliago bezala ari da.

M.B.: Niri asteburuan Frantzian lehiatzea egokitu zitzaidan, eta han zeuden Chupe bera, Dani Viejo eta abar. Orain talde barik gelditu dira. Gaztea denarentzat atzerapauso bat ematea ez da txarra. Ni bere garaian afizionatu mailara itzuli nintzen, eta ez da drama bat. 2020rako ez bada, 2021erako izan dadila.

Erretiroak eta langabeziak sortzen duten beldur logikoa da.

M.B.: Bai, bizikleta gaineko beharginak gara. Guk hori dakigu egiten. Ikasketak baditugu, baina bizikleta uztea bizitza erabat aldatzea litzateke.

G.B.: Nik lagun onak ditut langabezian, eta jakin behar da ahalik eta lasaien eramaten. Euskaltelen bukatu nuenean, oso gaizki pasatu nuen. Uste nuen nire kirol ibilbidearen amaiera izango zela. Baina talde bat aurkitu nuen Portugalen. Urte hura ere txarra izan zen; gutxi lehiatu nintzen. Han ere gaizki, baina ez ernegatzea erabaki nuen, lasterketa bakoitzarekin gozatzea. Itxaropenari esker, Murias aurkitu nuen, eta hemen nago bost urte geroago. Kideei esango nieke itxaropena ez galtzeko, eta lasai egoteko. Lasai bai, baina ez lo; telefonoa hartzeko, taldeetara deitzeko, eta, Fundazioan ez bada, Lizartera, Portugalera joan... Ezezkoa badaukazu, eta, jarraitu nahi baduzu, mugitu egin behar duzu. Jendea Japoniara joaten da; gogorra da, baina jarraitu egin behar da. Eta, bukatzen bada, zer egingo diozu? Baina, behintzat, saiatu.

Nolakoak izan dira azken hilabeteak taldean?

G.B.: Euskaltelen desagerpenaren aldean, hau ezberdina izan da. Orduan ez ziguten ezer esan, inoiz. Oroitzen naiz egun batean Ion Izagirre eta biok entrenatzen ari ginela, eta Gorka bere anaiak hots egin zigula, irratian entzun zuela Fernando Alonso 1 Formulako gidariak taldea erosi behar zuela. Handik bi astera, berriz ere irratiz, azkenean ezetz. Kolpetik bildu ginen Euskalteleko arduradunarekin, urri betean, eta esan ziguten taldeak ez zuela jarraituko. Hemen, aldiz, ekainean, Jon Odriozolak esan zigun nahi bagenuen zerbaiten bila hasteko, ezin zuelako etorkizuna bermatu. Eta gero, zerbait aterako balitz, eta beste nonbaiten sinatua bagenuen, onartuko zutela erabakia. Alde horretatik oso ondo portatu dira.

M.B.: Azken unean gogorragoa izan da. Vueltan bazirudien egoera bideratuta zegoela eta egitasmoak segituko zuela, eta albiste onak espero genituen. Baina azken unean denak txarrera egin zuen, egun batetik bestera, eta orduan bai izan dela umeari gozokia erakutsi eta kentzea bezalakoa.

Zer pasatu da? Dirua?

G.B.: Dirua izango zen, tamalez; betikoa da.

M.B.: Halako kasuetan dirua izaten da arazoa. Kopuru bat behar duzu, eta, ez baduzu lortzen, ezin duzu taldea atera. Horretarako babesle bila aritu dira; bazirudien nahiko lotuta zegoela, baina azken unean ez da aukera hori egon .

Euskal Herriko zaleak munduko onenetarikoak direla esaten da, baina ez du lortu enpresaren bat agertzea taldea salbatzeko.

G.B.: Euskal Herrian badaude enpresak. Baina enpresa batek egitasmo bat babestu nahi badu eta beste bat ez, horrela da, eta kito. Zergatik pasatu den? Ez dakit.

Zer gehiago egin behar du talde batek babeslea lortzeko?

M.B.: Kirol mailan ezin da gehiago.

G.B.: Txirrindulariok gure onena eman dugu.

M.B.: Hala da; lehiatu gara, irudi ona eman dugu, lasterketa onenetan etapak irabazi ditugu... Baina tira, nik esaten dut inori ez zaiola gustatzen beste bati dirua uztea, eta azkenean ezin izan da inoren laguntza lortu, eta horregatik bukatu da.

Nazio ikuspegia duen kirol egitasmo bat zen. Nabaritu duzue zaleen atxikimendu berezi hori?

G.B.: Bai! Pila bat!

M.B.: Batez ere azken bi urteetan. Kontinental mailan txirrindularitza zale handia denak bai, ezagutzen zaitu, baina ia ez zara existitzen. Kontinental Profesional mailan, berriz, Itzulian, Klasikoan, Vueltan... zaude. Hor beste aitortza bat dago. Jendea taldearekin dago, eta asko igarri da.

G.B.: Nik, hemen, eta kanpoan ere bai. Oscar Rodriguezek iaz Camperonan irabazi zuenean, kanpoko jendeak ere idazten zion prentsa arduradunari. Denak gure taldekoak bezala sentitzen ziren. Oso polita izan da, txirrindularioi iritsi zaigu. Ni aurten ez nintzen Vueltan egon, baina badakit kideek %200 eman dutela, eta hori zaleen berotasunak elikatzen du.

Asko esaten da euskal erakunde publikoek gehiago egin zezaketela, ahalegin handia egiten baitute Vuelta, Tourra eta itzuli handiak ekartzeko. Zilegi al da eskatzea erakundeei proiektu pribatu bat bultzatzeko?

M.B.: Eska dakieke, baina erakundeek erabaki behar dute non jarri dirua, eta haiek dakite gero zerk ekartzen duen dirua bueltan. Haiek jakingo dute, egiten dutena suposatzen da onerako dela. Eska daiteke, baina lortzea ez da erraza. Tourra ekartzen badute, izango da uste dutelako ona dela Euskal Herriarentzat. Nik nahiko nuke nire taldeari ematea dirua, baina askotan ezin da.

G.B.: Erakundeek hainbat faktore aztertu behar dituzte: zer den ona herriarentzat, zer txarra... Eta orain ikusten dute Tourra ekartzeko inbertitu behar dela. Mikelek esan du; eskatu, nik ere eskatuko nuke, baina ikusi beharko lukete zenbateraino den ona talde batean dirua sartzea. Hor dagoen jendeak baditu ikasketak erabaki horiek hartzeko.

Zer balantze egiten duzue bost urte hauen inguruan?

M.B.: Oso ona. Afizionatuetan nengoela, ez nuen espero profesionaletara itzultzea. Helburua bizikletarekin gozatzea zen; urte polita egin nuen, eta Muriasen aukera irten zen. Odriozolak konfiantza izan zuen nigan. Taldeak eta biok eskutik egin dugu gora.

G.B.: Oso polita eta positiboa. Taldea nola hasi zen eta nola bukatu den ikusi dut. Nire bigarren etxea izan da. Asko gozatu dut, iaz Oscarrek Camperonan irabazi zuenean profesional mailako hamar urte hauetan gehien gozatu dudan eguna izan zen. Taldekide baten garaipen bat gehien iritsi zaidan eguna izan zen. Eta Mikelena ere bai, iazko Aragoiko Itzulian [Bravo bigarren izan zen].?

M.B.: Hari esker irabazi nuen!

G.B.: Beste talde batzuetan ez ninduen hainbeste ukitzen beste batek irabazten zuenean. Ezta Euskaltelen ere, baina urte hauetan pila bat gozatu dut kideen garaipenekin: giroa, zein ondo aritu ginen...Orain arteko garairik politenak hemen bizi izan ditut.

Nola oroitzen duzue Muriasen lehen deia? Urte gogorrak izanak zenituzten.

M.B.: Nik poz handia hartu nuen. Hori, edo bizikleta utzi. Euskal talde bat, Kontinental mailan... Igotzea zen, berriz ere profesionaletan, Egoitz Garcia lehengusuarekin... Ordurako sinetsita nengoen beste zerbaitetan hasi beharko nuela beharrean.

G.B.: Niretzat ere bai. Fapel taldetik iritsi nintzen. Zurrumurruak bazeuden sortuko zela taldea. Beste aukera Manzana Postobon nuen, Kolonbian. Etxean curriculuma prestatuta nuen, beste zerbaitetan lan bila hasteko. Prest nengoen, baina badaezpada ez nintzen hasi enpresetara deitzen; itxaron egin nuen, eta ondo atera zen.

Odriozolak gorantza begiratzen zuen urtero. Beti izan zenuten fedea harengan?

G.B.: Nik bai; asko baloratu behar da haren lana. Hiru urtez eustea baliabide gutxirekin... Diruz justu, bidaiak autoan, furgoneta zaharra... Murias urtez urte haziz joan da: kontipro, azpiegitura... Kontuan hartu behar da baldintza gutxirekin noraino iritsi den.

M.B.: Ilusioa genuen, eta Odriozolak esaten zuena apurka lortu egiten genuen.

G.B.: Hobe da horrela hastea, miseriak pasatzen, eta gora egitea.

M.B.: Horrek indartu egin gintuen. Miseriak? Bizikleta gainean, asko, baina oroitzapen guztiak politak dira. Onena? Irabaztea beti da berezia, eta nik Aragoin irabazi nuen. Baina Vueltako bi etapa garaipenak ederrak izan ziren, eta taldeak lortu zuen aurrenekoa, Imanol Estevezena, Alentejon. Gari eta biok han geunden.

Proiektu askok ekonomikoki ez dute ondo bukatzen. Konturik ba al duzue kitatzeko?

M.B.: Ez. Diru kontuetan ez da inoiz arazorik egon; beti egunean jaso dugu soldata, eta alde horretatik lasai ibili gara.

G.B.: Hilabetero jaso dugu gure nomina, zorrik ez. Azken urteetan, bidaiak hegazkinez egin ditugu; ondo egon gara.

Zer iritzi duzue Jon Odriozolari buruz?

M.B.: Asko zor diot. 25 urterekin afizionatuetan dagoen txirrindulari bati deitzea... Jonek taldea zuen afizionatuetan, eta ni ez nengoen talde hartan. Berak bazituen txirrindulariak bere taldean, eta haiei eman ez zien aukera niri eman zidan. Ez da erraza. Asko eskertzen diot.

G.B.: Oso langilea da, itxaropena sortzen duten pertsona horietako bat. Nigan konfiantza izan zuen. Berak esan zidan: «Muriasera pasatuko zara, eta lehen urtea lasai hartu; joango zara apurka zure mailara itzultzen». Pazientzia izan zuen, eta hori edozeinek ez du egiten. Beste batek aukera eman diezazuke, baina, lehen urtean ez baduzu baliatzen, etxera. Eskerrak eman behar dizkiot.

Urte hasieran Fundazioarekin bat egitearen albistea irten zen. Nola hartu zenuten?

G.B.: Bi aldiz saiatu zirela uste dut. Muriasek eta Fundazioak euren azterketak egingo zituzten. eta ez zen akordiorik egongo. Txirrindulariok horri zegokionez ez genuen asko komentatu;negoziazio horiek gorago zeuden. Halere, zaila da bi taldek bat egitea; gauza asko daude lotzeko.

M.B.: Aukera ona izan zitekeen, baina bi talde elkartzean denak pozik bukatzea oso zaila da. Nik hau nahi dut, baina besteak ere bai... Denak irabazten irtetea ia ezinezkoa da.

Biek duzue taldea 2020rako. Negua lasai pasatuko duzue.

M.B.: Etorkizuna lotua izateak lasaitasuna ematen dizu. Negu lasaiak asko laguntzen du denboraldi-aurreari lasai ekiteko. Gabonetan talderik ez duenak gaitz izaten du gero aurkitzea.

G.B.: Berdin, batez ere lasai [Euskadi Fundaziora doa]. Data hauetan zerbait itxita edukitzea ona da. Azken urteetan abenduan sinatu izan dut kontratua, eta itxarotea gogorra da.

Murias desagertu da, baina Fundazioa igo da, Lizarte hor dago, euskal txirrindulari berriak daude World Tourrean...

M.B.: Euskaltelekin euskal herritar asko zegoen World Tourrean. Muriasekin ere lortu dugu asko maila altuan egotea. Euskal txirrindularitza oso ondo dabil. Begira zer maila duten World Tourrean daudenek, eta ez gaude oso urruti Euskaltelen garaitik. Duela hamabost urte profesional gehiago zeuden, baina, nire ustez, egungo egoera duela bospasei urtekoa baino dezente hobea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.