Zientzia

Euskal Herritik, itzal luzea

Munduan gehien aipatzen diren zientzialarien zerrenda argitaratu du Clarivate Analytics konpainiak. Zientzia publikazioen jarraipena eginda osatzen dute sailkapena, eta, aurten, Euskal Herrian lan egiten duten zazpi ikertzaile agertzen dira. Halako eragina zergatik duten azaldu dute.

Humberto Bustinze.
Humberto Bustinze.

Edu Lartzanguren -

2018ko abenduak 21

Zientziaren munduko elite moduko bat irudikatzen du Clarivate Analytics konpainiak, urteroko Asko Aipaturiko Ikertzaileak zerrendaren bidez. Azken hamar urteetan argitaraturiko artikuluak kontuan hartzen dituzte zerrenda egiteko, eta beste zientzialarien zenbat aipamen jaso dituzten zenbatzen dute. Euskal Herrian aritzen diren zazpi zientzialari daude aurtengoan.

HUMBERTO BUSTINZE Adimen artifizialaren ikertzaulea NUPen

«Galdera garrantzitsuak aukeratu ditugulako nago zerrendan»

Estatistika, informatika eta matematikak irakasten ditu Humberto Bustinzek Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Horrez gain, adimen artifiziala ikertzen du.

Gizakien arrazoibidea eta portaera ordenagailuetan erreproduzitzeko lanean ari da Bustinze. Informazioa fusionatzeko teknikak garatzen ditu, makinak gero erabakiak har ditzan. Ikertu du adimen artifizialek informazio multzo handiei nola erantzun behar dieten, hau da, big data deiturikoa nola kudeatu behar duten, eta makinek nola ikasten duten aztertu du. «Ikerketa ibilbide hori guztia prozesu natural bat izan da azken urteotan».

Irakasle bat gehien aipaturiko ikertzaileen zerrendan edukitzea oso garrantzitsua da unibertsitate batentzat, azaldu duenez, «unibertsitateen Shanghaiko rankingean 100-150 postu igotzea eragiten duelako». Unibertsitate batzuk zerrendan agertzen diren zientzialariak kontratatzen saiatzen dira, gora egiteko. Berak ere eskaintzak jaso ditu hartan agertu ondoren. Izan ere, horrela jakin izan zuen zerrendan zegoela.

Ikertzaileak ohartarazi du badirela sekulako lana egiten duten beste zientzialari batzuk, baina «oso eremu minoritarioetan», eta haiek ez direla agertzen zerrendan. Halako sailkapenen eraginez alor minoritarioak gero eta murritzagoak direla salatu du Bustinzek. «Ez da ikertu behar asko aipaturikoa edo aplikaturikoa bakarrik».



LUIS LIZ-MARZANCIC Biomaguneko zientzia zuzendaria

«Galdera garrantzitsuak aukeratu ditugulako nago zerrendan»

Donostiako CIC Biomagune zentroa kasu aparta da Euskal Herrian, zerrendako zazpi ikertzaileetatik hiruk han egiten baitute lan. Zentroko zientzia zuzendaria da Luis Liz-Marzan, eta nanopartikulekin eginiko ikerketengatik du sona mundu osoan. 450 artikulu baino gehiago argitaratu ditu nazioarteko zientzia aldizkarietan. Ezaugarri oso bereziak dituzten nanopartikulak sortzen eta manipulatzen ditu, besteak beste biomedikuntzarako erabil daitezkeenak. «Askotan aipatzen gaituzte, bai, nire ustez beti saiatzen garelako goi-goi kalitateko emaitzak lortzen gure lanean, alor honetako beste ikertzaileekin konparatuta», esan du; horrez gain, lana «gizartearen intereseko aplikazioekin» lotzea ere bada beste arrazoi bat. «Galdera garrantzitsuak aukeratu ditugulako nago zerrendan».

Zerrendan sartzea ez da erraza, ikertzaileak esan duenez, baina irautea, «ziurrenik, are zailagoa» izango dela adierazi du, lana oso goi mailan mantendu behar delako. Halere, ez du uste zerrenda erabili beharko litzatekeenik zientzialarien eragina neurtzeko irizpide bakar gisa. Azken batean, aipamen kopuruan oinarriturik egiten dute zerrenda, eta horrek ez du islatzen «zein den alorrean benetan duen eragina». Askoz parametro gehiago erabili beharko lirateke; besteak beste, alor bakoitzeko «adituen iritzia eta argudio sendoak» kontuan hartuta, ikertzailearen arabera.



JAVIER AIZPURUA Materialen Fisika Zentroko ikertzailea

«Gai exotikoak eta garrantzitsuak hautatzen asmatu dugu»

Javier Aizpurua fisikaria iaz agertu zen lehen aldiz zerrendan. Artikulurik aipatuenen lehen %1ean 17 testu ditu. Argiaren eta materiaren arteko elkarrekintza ikertzen du haren taldeak Donostiako Materialen Fisika Zentroan. Nanofotonika ikerketetan, laser argia erabiltzen dute, eta nanomateria. Zer fenomeno berriak sortzen diren aurreikusten dute.

Alor horretan jakin-min handia dago munduan, eta sekulako lehia. Aizpuruaren taldearen arrakasta denboraren kudeaketan datza, hark azaldu duenez. «Askotan izan gara lehenak efektu bat eta haren erabilera iragartzen edo proposatzen. Lehena izateak eragin handia dauka, eredua sortzen duzulako», adierazi du. «Denborarekin asmatzeaz gain, gai exotikoak eta teknologikoki garrantzitsuak aukeratzen asmatu dugu».



MAURIZIO PRATO CIC Biomaguneko ikertzailea

«Lehia oso handia denean, garrantzitsua da lehena iristea»

Maurizio Prato kimikari italiarrak urte asko daramatza karbonozko nanoegiturekin lanean, eta alor horren burua da CIC Biomagunean, 2015. urtetik. Egitura horien artean daude fulerenoak, karbono nanohodiak eta grafenoa. Aurrerapen erabakigarri sorta bat lortu du Pratok, eta eremu horretan lanean dabiltzan ikertzaileek hala onartu dute aipamen eginda, hark azaldu duenez. Esaterako, karbono hodien egitura eraldatzeko modu bat topatu du, gaur munduan asko erabiltzen dena. «Lehia handia denean, garrantzitsua da lehena iristea». Orain sendaezintzat jotzen diren gaitzetarako aplikazioak ikertzen ditu, baina baita «energia garbia» lortzeko moduak ere.



WOLFGANG PARAK CIC Biomaguneko ikertzailea

«Merituak hain dira ezberdinak, zenbaki batean ezin dira laburtu»

Wolfgang Parak alemaniarrak nanopartikulen eta zelulen arteko oinarrizko elkarrekintzan egiten du lan, hau da, nanomaterialak organismo bizidunen barruan nola erabili ikertzen du. Izan ere, oinarrizko prozesuak ulertzeak lagundu egiten die ikertzaileei nanobotikak garatzen. «Oinarrizko mekanismoak finduko baditugu, aurrena ulertu egin behar ditugu», esan du.

Kasu berezia da Municheko ikertzailea, bost urtez jarraian agertu baita gehien aipaturikoen zerrendan. «Beste hainbat ikertzaileri erabilgarriak iruditu zaizkie geure artikuluak, eta horregatik aipatu dituzte. Hala diote neurketek».

Edonola ere, Clarivate Analyticsen sailkapena kontuz hartzeko eskatu du, zientzian gertatzen delako gai batzuk modan egotea bolada batez. «Arrakastatsua izateko modu asko daude: artikuluak argitaratzea, patenteak erregistratzea, aplikazio industrialak garatzea, dirua lortzea egitasmoetarako...», esan du. «Merituak oso ezberdinak direnez, ezin dira laburbildu zenbaki batean».



ANGEL BORJA Azti Tecnaliako ikertzailea

«Ozeanoak aztertzeko mundu osoan erabiltzen diren tresnak egin ditugu»

Azti Tecnaliako Anjel Borjak eta haren taldeak abantaila bat dute oso aipatuak izateko lehian: ikerketa alor asko jorratzen dituzte. Esaterako, itsasoan neurtzeko tresnak garatzen dituzte, baina behatzen eta kontrolatzen ere aritzen dira, kutsadura aztertzen dute, ekosistemak, giza presioa... «Horrek eragiten du gure lanek mota askotako ikertzaileen arreta lortzea —biologoena, ekologoena, kimikariena, fisikariena, ingeniariena—, eta aipatuak izateko aukerak handitzen ditu», esan du.

Ikertzaileak azaldu duenez, bere artikuluetako batzuk 800 aipamenetan baino gehiagotan ageri dira, eta, denera, 11.000 aldiz aipatu dute haren lana. Baina, artikuluez gain, praktikan ere izan dute eragina: «Mundu osoan ozeanoak aztertzeko erabiltzen diren tresnak egin ditugu».



MIGUEL ANGEL MARTINEZ-GONZALEZ NUko irakaslea eta nutrizio ikertzailea

«Ez dut arazorik 'lobby'-en sasizientziari mozorroa kentzeko»

Miguel Angel Martinez-Gonzalezek 23 daramatza irakasten Iruñean, Nafarroako Unibertsitate pribatuan. Ikerketa taldea osatuz joan da doktoregai eta ikasle ohiekin. «Tomateak ereiten dituenak tomateak jasoko ditu». Talde «handi, harmoniko, lagunkoi eta trinkoa» daukala esan du.

Gizartean kalte handiena egiten duten gaixotasunak ikertzen dituzte: bihotzeko gaitzak, minbizia, diabetesa, gizentasuna, depresioa, dementzia eta hiesa tartean. Metodo epidemiologikoa erabiltzen dute: milaka pertsonari jarraipena egiten diete hamarkada luzez, gaitzok saihesteko gakoak aurkitzearren. «Jende argiak arazoak konpontzen ditu, baina jakintsuak saihestu egiten ditu».

Elikaduraren inguruko zientzia modan egoteak lagundu die lankideen arreta lortzen, baina, Martinez-Gonzalezek esan duenez, alderantziz ere gertatu da: «Gure artikulu askok halako emaitza ikusgarriak lortu dituzte, non areagotu egin duten nutrizioaren eta Mediterraneoko dietaren inguruko interesa mundu osoan, batez ere AEBetan». Irakasle bisitaria izan da ikertzailea Harvarden (AEB).

Zerrendan agertu izanak «lobby-en eragin perbertsoa» indargabetzeko balioko duela espero du ikertzaileak. «Ez dut arazorik lobby-en sasizientziari mozorroa kentzeko». Horrez gain, burokraziak ikerketari ezarritako trabak salatu ditu. «Indar handia kentzen digute».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna