Egongelako suharra

Sean Rowe kantari estatubatuarrak bere herrialdeko sustraietatik edanez eraiki du bere musika unibertsoa. 'Madman' lan berriarekin beste esparru batzuk ere jorratu ditu.
Sean Rowe kantaria Zarautzen aritu zen iaz, eta Donostian izango da martxoan.
Sean Rowe kantaria Zarautzen aritu zen iaz, eta Donostian izango da martxoan. ANTHONY SAINT JAMES

Mikel Lizarralde -

2014ko abenduak 14
Sean Rowek (Troy, New York, 1975) AEBak zeharkatu ditu azkeneko urtean, gitarra hutsarekin, kontzertu intimoak eskaintzen. Intimoak hitzaren zentzu literalean. Jendearen egongeletan sartu da, baina «hauts xurgagailuen» ordez, «kantuarekin bat eginda datozen sentimendu horiek guztiak» saldu dizkie. Esperientzia bizigarria izan da emaile nahiz hartzaileentzat. «Ez daude ohituta kanpotar bat etxean sartu, musika jo, beren garagardoa edan eta janaria harekin partekatzera. Baina horrela izan beharko luke. Arraroa egiten zaigu erabaki dugulako arraroa dela».

Hurbiltasun hori dago Madman ahots sarkorreko kantariaren azken diskoaren atzean ere. Sentimenduak, kantua bera, irazki handirik gabe emateko gogoa. Van Morrison, Leonard Cohen, Richard Thompson eta Tom Waitsen ikasle aurreratu honek musika ulertzeko modu jakin bat du, folkari, herri musikari eta batik bat naturari lotutakoa, baina ihes egiten die estereotipoei, nature man baten keinuei —«natura oso inportantea da niretzat, eta kantuen parte da, baina ez naiz joaten basora gitarrarekin inspirazio bila»—, arima, soula finean, lehen planoan jartzeko.

Rowe 2004an estreinatu zen bere kasa argitaratutako 27 diskoarekin. Orduan ez zen ezer gertatu. Ezta bost urte geroago Magic (2009) kaleratu zuenean ere. Bi lan haietan —batik bat bigarrenean— bere burua aurkezten zuen kantariak. Tempo ertainetan, eta gutxirekin asko egiten dela dioen arauari jarraituz, Rowe zuzen-zuzenean zuzentzen zitzaion entzuleari, konponketa xume, edergarri baina inoiz ez hanpatuekin, bere ahotsa nabarmentzen zen beste ezeren gainetik. Beltza, sakona, beroa. «Nire ahotsak beti eraman nau tesitura grabeetara. Txikia nintzenean ere, kantatzean Johnny Cashek zuen aginte eta soiltasunak erakartzen ninduten».

Anti diskoetxeak, besteak beste Tom Waits, Joe Henry, Neko Case eta Nick Caveren diskoak argitaratu dituen zigiluak —ezin konpainia hobea irudikatu Rowerentzat—, 2011n Magic berrargitaratu zuenean bigarren aroa hasi zuen kantariak. Iluntasunetik argira egin zuen jauzi, haren musikaren ikusgarritasunari dagokionez behinik behin.

Arima, ezeren gainetik

The Salesmen and The Shark (2012) diskoan bere nortasun zeinuetan sakondu zuen Rowek, koloreen paleta apur bat zabalduz, eta Madman azkenekoan pauso bat eman eta orain arte zapaldu gabeko lurretan sartu da —edo hain agerikoak ez zirenak—. Madman kantua bera erritmoak eramaten duen doinua da, eta Desiree inoiz egin duen kanturik dantzagarriena izango da. «Oso ondo sentiarazten nauen kantua da. Sentitzen nuen halako kantu bat idatzi behar nuela!». Eguzkia ere badela bere musikan alegia. Beste batzuetan Mississippiko Deltako bluesaz bustitzen da, baina mimetismoan erori gabe: «Diskoa grabatzen nuen bitartean R.L. Burnside eta John Lee Hookerren diskoak entzuten nituen. Oinarrian gitarra eta perkusioa besterik ez dira, baina soinu basa dute. Horiekin batera, Otis Redding eta Ray Charlesen hasierako diskoak. Baina ez nituen soinu haiek bikoiztu nahi; alderdi batzuk jaso eta neure egin baizik». Berak ez baitu bere burua soul kantaritzat. «Ez zait kontzeptua gustatzen, batik bat musika komunitateak soul kantaritzat jotzen duena. Niretzat soul-az (arimaz) kantatzea da ehuneko ehunean sinestea egiten duzun horretan, musikarekin egia esatea. Otisek modu naturalean egiten zuen; Rayk modu naturalean egiten zuen». Hori du erronka Rowek. Arimatik arimaz aritzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna