Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Zabaltegi-Tabakalera

Izurrite baten lehen notak

Gaur estreinatuko dute Koldo Almandozen 'Plágan' film laburra Donostiako 65. Zinemaldian
Edonora edonoiz bidaiatzeaz eta guztia iruditan jaso eta elkarbanatzeko beharraz mintzo da Almandozen <em>Plágan</em> film laburra.
Edonora edonoiz bidaiatzeaz eta guztia iruditan jaso eta elkarbanatzeko beharraz mintzo da Almandozen Plágan film laburra. BERRIA

Maialen Unanue Irureta -

2017ko irailak 24
«Izurria: Latinezko plaga hitzetik dator. Kolpea, zauria. Esanahia: espezie bereko izaki biziak bat-batean eta modu masiboan agertzea, animalia edo landare-populazioei kalte handiak eraginez. Kaltegarri baten zerbait gehiegi egotea». Koldo Almandozen Plágan (Izurria) film laburraren sinopsia da: gaur estreinatuko dute Zinemaldian, Zabaltegi-Tabakalera sailaren barruan.

National Geographic-en dokumentalen estiloa du Plágan-ek. Ingurune bat erakusten du hasieran: ur-jauziak, geiserrak, txoriak hegan bake-bakean dagoen paradisu lurtarrean. Islandia. Espezie bereko bi ale agertzen dira, bat-batean: segundoek eta planoek aurrera egin ahala, gero eta gehiago dira. «Ia-ia eboluzio bibliko bat: hasieran natura zen, gero Adam eta Eva, eta horren ostean, badakigu... Izurritea», dio, brometan, Almandozek.

Espezie horretako kideek erraz identifikatzeko bi elementu komun dituzte, oro har: bi hanken gainean dabiltza —edo lau gurpilen gainean—, eta argazki kamera bat dute lepotik zintzilik —izan kamera profesional bat, izan GoPro bat, izan smartphone bat—. Bakoitza bere kameraren objektiboan dago kontzentratuta: ikuspunturik onena bilatzen ari dira batzuk, irribarre perfektua entseatzen beste batzuk. Eta halako leku eder baterako espezie bereko talde handi samarrean, bi edo hiru dira, gehienez, inguruari begira, inguruaz gozatzen, kamerarik gabe daudenak —arreta jarri ezean ez dira sumatzen, ezkutuan bezala geratzen dira—.

«Bat-batean» etorri zitzaion ideia Almandozi: «Sortu baino gehiago, azaldu egin zen. Natur eremu zabal batean, gizakiaren presentziaren dimentsioan eta jokabidean fijatu nintzenean. Bat-batean, mikroskopio batetik, bakteria edo birus bat organismo bati eraso egiten irudikatu nuen».

Islandian zegoela otu zitzaion film laburra: kamera «txiki» bat zeraman, eta grabatzeari ekin zion. Ez zuen, beraz, berariaz aukeratu lekua. Maite du filmak horrela sortzea, «gehiegi hausnartu gabe, modu instintibo eta obsesiboan». Filmatzeari ekiteko nolabaiteko «aurkikuntza» egitea. Dena den, istorioa han kokatzeak ematen dio plus bat, haren esanetan: «Bertan naturak duen dimentsio eta indarrak, areagotu edo muturrera eramaten du pelikulak erakusten duen gizaki garaikidearen portaera».

Ez dago off-eko ahotsik, irudietan ageri direnak deskribatzen dituenik. Irudien sekuentziak berak egiten du hiztegi lana, definitzen du izurrite kontzeptua. «Pelikula dokumental obserbazionala» dela dio Almandozek; bere asmoa ez dela izan ezer kritikatzea. «Pelikulak ez du objektibitatea bilatzen, jakina, baina izenburuak kontrakoa adierazten duela dirudien arren, ez dago ez iritzirik ez epairik, izurriak ere gertakari naturalak direlako».

Egungo garaien erretratu bat egin du: «Teknologia aurrerapenek eta sistema kapitalistak ahalbidetu duten aisialdi modelo zehatz batez mintzo da pelikula: edonora edonoiz bidaiatzeko aukeraz; bizi beharrean, momentu oro irudi gisa gorde eta konpartitzeko beharraz».

Izurrite horren partetzat du bere burua zinemagileak: «Diferentzia bakarra, objektiboa eta fokua beste nonbait jartzen duela [zinemagileak]. Baina ez da testigu inozentea. Inoiz. Batzuetan sinistu nahi dugunaren kontra, turistak ez dira besteak... Turistak gu gara». Iazko ekainean grabatu zituen irudiak, eta urte hasierarako amaitua zuen lana. Turismoaren inguruko eztabaida gerora sortu zen, «pelikularen onerako eta txarrerako».

Baliabide gutxirekin aski

Zuri-beltzean dago eginda; hala planteatu zuen hasieratik. «Batetik, aipatu mikroskopioen irudi horiek izan ditudalako beti buruan. Bestetik, bidean jabetu naiz, aukeraketa estetikoa izateaz gain, baduela alderdi pragmatikoa ere: zuri beltzak, nolabait, dena sinplifikatu eta ekartzen du unibertso berdin batera». Filma «oso sinple» egin duela dio, ahotsik gabe, musikarik gabe: «Ez du beste ezer behar».

Beste proiektu batean murgilduta dago Almandoz, Oreinak izeneko filmean. Baina ez du gehiago aurreratu nahi, oraingoz: «Modan ez badago ere, intimitatea zaintzearen aldekoa naiz: proiektuei eta bizitzari ez datorkie gaizki misterio apur bat».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna