Errefuxiatuak Euskal Herrian

Atsedenerako garaia heldu zaie

Iritsi dira zazpi errefuxiatuak Baigorrin antolatu 'atseden zentrora'.Frantziako Estatuak martxan jarri sarea da Baigorrikoa; Calaisko «oihana» hustu eta iheslariei neguko atsedena ekartzea da xedea

BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Baigorri
2015eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Lehen salda beroa Baigorriko (Baxenabarre) auzapez Jean-Mixel Koskaratek berak zien zerbitzatu Baigorrira iritsi bezain laster, goizeko ordu bietan. Hautetsiei garrantzitsua zitzaien ongi etorria gisa horretan sinbolizatzea Sudan, Eritrea, Afganistan eta Kenyatik etorri zazpi errefuxiatuei. Calais hiritik Baigorrira dozena bat orduko autobus bidaia eginik, oraindik erdi desorientaturik ziren zazpi gizon gazteak, baina eskertu zuten keinua. Eskertu zuten bezala Baigorriko agintariek beren VVF bakantza guneko ateak ireki izana.

Hiru hilabeterako atseden zentro bilakatu dute lekua. Errefuxiatuen laguntza lanetan ari den Baionako Atherbea elkarteak dauka horren kudeaketarako ardura. Otsailaren 15ean ateak zerratuko ditu zentroak, berriz ere bakantza toki bilakatzeko. «Xede nagusia lasaitasuna ekartzea da. Pausatzeko aukera ematea. Eta gero posible bati atea irekitzea. Beren jaioterrietan ez baitzuten halakorik», azaldu du Denis Boutin Atherbeako koordinatzaileak.

Zazpiek beren borondatez onartu dute Baigorrirako autobusa hartzea Calaisen. Azken hilabetean kasik egunero abiatzen dira autobusak Calaistik, Baigorrira bezala beste hamaika lekutara. Libre dira errefuxiatuak. Autobusa hartu ala ez, horren ate aitzinean berean erabaki dezakete. Frantziako Estatuko gobernuak plantan jarri egitasmoaren barnean sartzen da egitasmoa.

Calaisko «oihanean» sortu kanpamentu inprobisatuetan, 6.000 lagunera iritsi da Erresuma Batura bertako tuneletik pasatu nahi duten errefuxiatuen kopurua. Muga «erabat hetsi» dutela iragarri dute Frantziako agintariek, milioika euroren truke. Ondorioz, abiatzeek ez dituzte gehiago heltzeak konpentsatzen. Duintasun gabeko egoera batean utziz bertaratzen direnak. Azkenean, Frantziako Gobernuak iheslariak estatuan gaindi sakabanatzea hautatu du. Hasieran, atxilotu, eta atxikitze zentroetara bidaltzen hasi ziren; gutxienez zazpi izan ziren Hendaiakora bidaliak. Segituan askarazi zituen epaileak. Kanporaezinak ziren, gerra eremuetatik datozelako. Gehienak berriz joan ziren Calaisera. Urritik, berriz, Baigorrikoaren gisako atseden zentroak aurkitzeko xedea abian jarri zuten. Hortik, Pirinio Atlantikoetako prefetak Baigorriko Udala deitu zuen, neguan normalki hetsirik duten bakantza gunea ea prestatzen ahal zuten. Donibane Garaziko Udala ere deitu zuten, gisa bereko lekua baitute han ere. Baina hango herriko etxeak ez zien erantzunik eman. Baigorrikoak segituan eman zien baietza.

Berez, 50 errefuxiaturentzat baliteke lekua Baigorrin. Baita familia osoentzat ere. Beste autobus batzuk etortzekoak dira, hain zuzen. Baina baliteke orduan ere ez betetzea. Errefuxiatuen artean ez dira beti denak prest Erresuma Batuek irudikatzen duten ametsetik urruntzeko. Han asiloa errazago lortzen dela eta lana ere eskuragarriago dutela deritzote.

Zazpi horiek hautua egin dute. Zenbait hitz partekatzea onartu duenetako batek esplikatu du Baigorriko harrerak hunki duela. Sulivan deitzen da —izen osoa ematea ezin—. 23 urte ditu. Ingeles soil eta hauskor batean Sudanetik heldu dela azaldu du. Darfur eskualdetik. Hango errealitate gogorraren berri emateko, eskuekin arma bat irudikatu du eta tiro hotsak egin ditu. Sudandik, Libia, Italia eta Frantzia zeharkatu, eta iritsi da Calaisera. Hamabost egun egin ditu han. Erresuma Batuak bere gibelean utziak ditu orain: «Hara joatea ezinezkoa da. Frantzian, gainera, sudandar anitz daude. Bordelen, Tolosan, Parisen». Horiengana hurbiltzea du xede orain. Arreba Calaisen utzi du, baina Baigorrira etortzea konbentzitzea espero du.

Baigorrin jatekoa ausarki badela poztu da Sulivan: «Calaisen biziki jateko gutxi genuen. Lurrean lo egiten genuen. Hotz egiten zuen. Hemen dena bada». Nahiz hasiera batean Baigorri bezalako herri txiki batean izateak doi bat uzkurtu dituen errefuxiatu guztiak. Dena den, zalantza nagusia, asiloa dute. Eta alde horretan, atzo goizean berean hasi ahal izan zituzten lehen urratsak. Integrazio eta Migraziorako Frantziako erakundeko (OFII) funtzionarioak banaka entzun zituen Baigorrin bertan. Haren ondoan, prefekturako langileak ere banaka hartu zituen. Bakoitzaren errealitatea aztertzen hastea zen xedea. Asilorako eskubiderik bazuten ala ez, eta araberan, eskaera martxan jartzeko.

«Birlokalizatze ekimenak»

Behin behineko harrera horrez gain, epe luzerako «birlokalizatze ekimenak» ere antolatzen ari dira prefekturan. Errefuxiatu guztiak ez baitira Calaistik helduak. Italia eta Greziara iritsiko dira gehienak. Siria, Irak eta Eritreatik dira heldu, eta asilo eskaera azterketa lastertua antolatua zaie. Horien laguntzeko, Ipar Euskal Herriko hamar bat udalek proposatu bizitegien aztertzen ari da prefektura.

Segurtatua da Hendaiara iristekoak direla bi familia. Horiez gain ohiko bideek ere segituko dute. Ordea, asilo eskaeraren erantzunak epe luzeagokoak izan dira. «Kasu honetan egina den hautua da asilo politikoetara mugatzea, asilo ekonomikotik ezberdinduz. Gerlan den herri batean zaudela frogatzen baduzu, edo diskriminatua zarela, hor atea irekia da, herriaren ahalen arabera. Pobreziagatik bazara heldu, ez duzu zertan Frantziara etortzerik», zehaztu nahi Franck Hourmat, Kohesio Sozialeko Pirinio Atlantikoetako zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.