Albistea entzun

Katalunia. Erreferendumaren ondorena

Prozesua, bozen amildegian

Puigdemontek hauteskundeak baztertu ditu ez duelako jaso Madrilen bermerik, 155.a bertan behera uzteko. ERCk eta CUPek ez dute begi onez ikusi bozen bidea. Vila kontseilariak dimisioa eman du
Carles Puigdemont Kataluniako presidentea, Generalitateko jauregian, agerraldia egin ondoren, atzo.
Carles Puigdemont Kataluniako presidentea, Generalitateko jauregian, agerraldia egin ondoren, atzo. ALEJANDRO GARCIA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2017ko urriak 27

Azken-azken unera arte bat egiten ez duten hari nahasi eta intrigaz jositakoen gidoia izan zen atzo Kataluniako prozesuak eman zuena, amaiera irekia duena oraindik ere. Bi agertoki nagusi: bat Bartzelonan eta bestea Madrilen, eta agertoki horien atzean hamaika eztabaida gune, alderdienak, erakundeenak, herritarrenak; denak garrantzitsu, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak goizean mugitutako fitxak aztoratuta guztiak: hauteskunde autonomikoak aurreratuko zituela esan, eta ordura arteko bidea, subiranista, txiki-txiki egin zela zirudien, baina egunak luze jo zuen, eta goizean partidaren amaiera zirudienak luzapena du, beste behin.

Arratsaldeko bostetan, Generalitatearen jauregian, bost orduko atzerapenarekin agertu zen presidentea —gertaera asko tarteko—. Haren aurrean mundu bat zegoen zain, goizean prozesuari eman zion irauliaren iragarpena baieztatuko zuen jakiteko. Ez. Ez zuen goizean erabakitakoa aurrera eramango: ez du boz automomikoetara deituko, Espainiako Gobernuak ez dizkiolako beharrezko bermeak eman. Horixe erantzuna. Beraz, goizean Junts Pel Siko diputatuei egindako jakinarazpena atzean utzi, eta, etor daitekeena legebiltzarraren esku jarri zuen. «Legebiltzarraren gehiengoari dagokio erabakitzea zer egin 155. artikuluaren ondorioei aurre egiteko». Sant Jaume plazan elkartutako jendetzak arnasa hartu zuen, hitz horiek entzun orduko.

Puigdemont, baina, saiatu zen «azken unera arte» irtenbideren bat topatzen 155. artikulua aplika ez zezaten, baina ostera atzera egin zuen, itxitzat jo zuenean Madrilekin ustez zabaldutako bidea. «Inork ezingo du aurpegiratu alde katalanak elkarrizketarako borondate falta izan duenik; inork ezingo du esan ez naizela prest egon sakrifizioak egiteko elkarrizketak aukera izan dezan. Inork ere ez. Badakizue prest egon naizela hauteskundeak antolatzeko, betiere baldintza batzuk betez gero, erabateko normaltasuna ezartzeko. Ez dago bermerik hauteskundeak antolatzea justifikatzen duenik».

155. artikuluak ekar lezakeen agertoki bortitzaren aurrean zer egin erabakitzeko egunak zeramatzaten bilerak eta bilerak egiten, eta asteazken gaua luze joan zitzaien, baita atzo goiza ere. Hainbat hedabidek zabaldu zuten Puigdemontek Oriol Junqueras presidenteordeari mahai gainean jarri ziola trena gidatzeko aukera. Ordu horietarako sartuak zeuden negoziazioetan Espainiako eta Kataluniako ordezkariak, eta, hortxe ere Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren bitartekaritza.

Bien bitartean, PSOEk posizioa hartu zuen. Pedro Sanchezen taldeak emendakin bat aurkeztu zion Espainiako Gobernuaren dekretuari, eskatuz 155. aplikazioa bertan behera utz zezala, Puigdemontek legebiltzarra desegin eta hauteskundeetara dei egiten bazuen. Hauteskunde autonomikoetara betiere, independentziaren deklaraziorik gabe eta konstituziogileak izan gabe. Azken unera arte bide hori defendatuko zutela nabarmendu zuten sozialistek. Paraleloki Moncloan eztabaida mahai gainean zuten, baina PPko ordezkarien adierazpenek ez zuten kontrakorik adierazten: alegia, hauteskundeak antolatzeko erabakiak molda zezakeen artikuluaren aplikazioa, baina ez zeuden amore emateko prest.

La Vanguardia egunkariak atzo goizean aurreratutakoaren arabera, lau baldintza ezarri zizkion Puigdemontek Rajoyri halako normaltasun bati bidea egiteko: Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea eta Jordi Sanchez ANCkoa askatzea, 155. artikulua ez aplikatzea, Guardia Zibila eta Espainiako Polizia Kataluniatik ateratzea, eta fiskaltza lotzea agintari katalanen kontra erabakirik ez hartzeko.

Baina fiskaltzak Cuixarten eta Sanchezen askatasun eskaera atzera bota zuen, eta Auzitegi Gorenak ez zuen onartu Generalitateak aurkeztutako helegitea Ministroen Kontseiluak hartutako erabakiari —155. artikuluaren aplikazioa—. Senatuaren ariketa konstituzionala geldiarazteko ahalmenik ez zuela argudiatu zuen gorenak. Auzitegi Konstituzionalak ere ez zuen aintzat hartu ERCk eta PDECatek aurkeztutako babes helegitea, artikulu beraren tramitazioa geldiarazteko.

Katalanen desadostasunak

Puigdemonten kezka iturria ez zen Madril soilik. Aurreko egunetan tentsioa nabarmena zen alderdi subiranisten artean, eta akordio «leunak» baino ez zituzten lortu ordura arte. Goizean hauteskundeetara joateko erabakia jarri zuen mahai gainean, Junts Pel Siko kideekin eta gobernuko ordezkariekin egindako bileran, Madrilen «muturreko indarkeria» saihesteko asmoz, bileran egondako iturriek zabaldu zutenez. Burumakur atera ziren ordezkari asko bilera hartatik, eta berehala agertu zuten desadostasuna ERCko kideek eta PDECateko hainbatek. Bi alderdietako ordezkariek nork bere egoitzara egin zuten, premiazko bilera egiteko eta gertatutakoari buruzko ondorioak ateratzeko. Dimisioa emango zutela jakinarazi zuten, besteak beste, Albert Batalla eta Jordi Cuminal PDECateko diputatuek, eta banaketa hotsak entzun ziren.

ERC, berriz, erabaki baldintzatu bat hartuta atera zen bileratik: ez zetorren bat hauteskundeen deialdiarekin, eta Generalitateko gobernua utziko zuen, Puigdemontek hauteskundeetara deitzen bazuen.

Presidentearen asmoak telefonoz jaso zituen CUPek goizean, presidentearen beraren eskutik, eta lehenak izan ziren erreakzionatzen. Carles Riera CUPeko diputatuak hauxe esan zuen: «Orain arte independentistek arazo bat zeukaten: Espainiako Estatua. Hauteskundeak egingo balira, bi arazo lituzkete». Nuria Gilbert CUPeko Idazkaritza Nazionaleko bozeramailearen arabera, berriz, ez dute bulegoetako itunik babestuko, eta legebiltzarkideei dei egin die urriaren 1eko agindua bete dezaten. «Agindu bat daukagu, eta bete egin behar dugu. Diputatuek independentzia deklarazioari buruzko irakurketa solemnea egin behar dute». Ezin baita ziurtatu Madrilekin haria etenda dagoela independentzia deklaratu arte. Santi Vila kontseilariaren dimisioa da, beharbada, deklarazioa gertu dagoelako seinaleetako bat, alde bakarreko bidearen kontrako jarrera erakutsia baitu.

Jordi Sanchezen mezua

ANC Biltzar Nazional Katalana haserre agertu zen goizean Puigdemonten erabakiarekin, gerora animoak baretu baziren ere. Arratsaldean Jordi Sanchez presidentearen mezua heldu zen espetxetik, «jakituria, adorea eta batasuna» eskatuz, eta, Assemblea dels Carrecs Electes indarrean jartzeko ordua zela iragarriz. Instituzio katalanak defendatzeko sortutako erakundea da, Madrilek bertan behera utziko balitu. Gaur ere egunak luze joko du.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Macron eta Putin prentsaren aurrean, joan den otsailaren 7an Moskun egindako bileraren ondoren. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidenteak elkarrizketa batean adierazi duenez, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu, aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»
Karakalpakstango 22 ekintzaileren kontrako epaiketaren hasiera, joan den astelehenean, Uzbekistango Bukhara hirian. ©BERRIA

Karakalpakstango protesten epaiketa hasi du Uzbekistanek

Gorka Berasategi Otamendi

Hogei urte arteko zigorrak eskatu dituzte 22 auzipetuen kontra. Manifestariek salatu zuten presidenteak eskualde autonomoaren subiranotasuna ezabatu nahi zuela konstituzio erreforma batekin
Macron eta Putin, joan den otsailaren 7an, Moskun. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidentearen arabera, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen badu aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.