Etxeko langileak. Gizarte Segurantzaren diskriminazioa

Luzapena ez da nahitaezkoa

PPk emendakin bat sartu zuen 2018ko aurrekontuetan etxeko langileak 2024ra arte ez parekatzeko Gizarte Segurantzako erregimen orokorrarekin, baina ELEk dio posible dela 2019an parekatzea

Etxeko langile bat ekamuke edadetu bat zaintzen, Iruñean, artxiboko irudian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 18a
00:00
Entzun

Nahiko isilpean igaro zen jokaldia. Gizarte Segurantzak etxeko langileei historikoki ezarri dien diskriminazioa beste bost urtez —2024ra arte— luzatzeko asmoz sartu zuen PPk 2018ko aurrekontuen tramitazioan, azken unean, 6.777 emendakina. 2011n, PSOEren gobernuak erregimen berezitik erregimen orokorrera sartu zituen etxeko langileak, baina berezitasun batzuekin. Langabezia saria ukatu zieten, eta 2019ra arte atzeratu zituen bi neurri: soldata errealen araberako kotizazioa eta pentsioak kalkulatzeko lan egin gabeko hutsuneen estaldura. PPk, emendakinarekin, neurri horien aplikazioa atzeratu nahi zuen, 2019tik 2024ra. Baina baliteke emendakina ezerezean geratzea datorren urterako.

Diskriminazioa luzatzea ez da halabeharrezkoa, Bizkaiko ELE Etxeko Langileen Elkarteak ohartarazi duenez. PPren 6.777 emendakina aurreikuspen bat baino ez da, eta Pedro Sanchezen gobernuak 2019ko aurrekontuetan onar dezake etxeko langileen eskubideak erregimen orokorrekoekin parekatzea, borondate politikoa izanez gero. «Aitzakia hutsa» litzateke, ELEren iritziz, emendakina aipatzea bereizkeria beste bost urtez luzatzeko.

PPk, Ciudadanosek, UPNk eta EAJk babestutako 2018ko aurrekontuei «pentsioen aurrekontuak»izena eman zien Cristobal Montorok, orduko Ogasun ministroak. Foku mediatiko nagusia pentsio orokorrei emandako urtebeteko arnasa neurtuan zentratu zen: KPIaren araberako igoerak (+%1,6) onartu zituzten pentsioentzat. Askoz garrantzi mediatiko txikiagoa eman zitzaion etxeko langileen eskubideak urratzen jarraitzeko emendakinari. Eta Pedro Sanchezen zentsura mozioa babestu eta gero, oposizioak ere irentsi egin zituen aurrekontuak, emendakin eta guzti, EAJren babes politikoa lortu ahal izateko.

Edonola ere, etxeko langileak ez daude amore emateko, ezta 2024ra arte itxaroteko ere euren eskubideak betetzeko. ELEn uste dute borondate politikoa izanez gero alda daitekeela egoera eta konpon daitekeela diskriminazioa 2019ko aurrekontuetan: «Helburu nagusia da PSOE estutzea, modurik izan ez dezan PPren herentzia aitzakia gisa erabiltzeko, besteak beste, PPren argudioak gezurrezkoak baitira».

Gizarte Segurantzak betidanik gutxietsi eta baztertu ditu etxeko langileak, gehien-gehienak emakumeak eta zaintza lanetan dihardutenak. Besteak beste, ez daukate langabezia saria kobratzeko eskubiderik, bidegabeko kaleratzea izanagatik ere ez dute eskubiderik lanpostua berreskuratzeko, ez daude lan arriskuen prebentzioaren legearen barruan, ez daukate lan hitzarmen kolektiborik, oso ohikoa da haurdun egoteagatik kaleratzea... Gainera, sistemak soldataren oso gainetik kotizatzera behartzen ditu ordu gutxi lan egiten dutenak —ez kotizatzera bultzatzen ditu—; aldiz, oso azpitik kotizatzera behartzen ditu langile egoiliar asko, enplegatzailearen etxean bizi direnak; horrek, gerora, miseriazko pentsioak dakartza.

2011ko erreforma, herren

Sektoreko langileek urteak daramatzate eskatzen etxeko langileak ere benetan parekatzeko Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrarekin. 2011. urtean, PSOEren gobernuak aldaketarako bidea hasi zuen, baina oraindik ez da gauzatu parekatzea.

2011ko erreformak ez zuen konpondu soldata errealaren eta kotizazioaren arteko arrakala, nahiz eta hobetu egin zuen. Hamabost tartetako kotizazio sistema bat sortu zuen, soldata mailaren arabera bereizitakoak, errealitatetik gertuago.

Tarteak banatzeko, sektoreko batez besteko soldatak hartu zituzten kontuan: kotizazio tarte txikiena astean bi ordu lan egiten dutenen soldatekin bat zetorren, eta kotizazio tarterik handiena astean gutxienez 40 ordu lan egiten dutenenekin. Berez, 60 ordukoa da asteko gehienezko lanordu kopurua, baina, Bizkaiko ELEren azken datuen arabera, 60 ordutik gora lan egiten dute etxeko langileen %72k.

Beraz, soldatarik handiena dutenek dagokienaren azpitik kotizatzen zuten. Hori konpontzeko, erreformak aurreikusi zuen soldata handienei urtean %5 handitzea gorengoko kotizazio tartea 2019tik aurrera.

Baina bidean galdu zen 2011ko erreforma. 2012an PPren gobernuak zortzi tarte ezarri zituen hamabost kotizazio tarteen ordez. Aldaketa horrek bi arazo eragin zituen: soldatarik apalenek behar baino gehiago kotizatzen dute, eta soldata handienek, behar baino gutxiago.

Bestalde, bereziki larria da kotizazioen hutsuneak osatzeko sistema indarrean ez sartzea 2011ko pentsioen erreformaz geroztik, harrezkero azken 25 lan urteetako kotizazioak hartzen baitira aintzat pentsioa kalkulatzeko. Hutsuneen estaldurarena erregimen orokorrak daukan mekanismo bat da, kotizatu gabeko garaiak kotizatutzat emateko.

Gaur-gaurkoz, etxeko langileei ez diete horrelakorik aitortzen, eta, gainera, langile atzerritarren kasuan, erretiratutakoan jatorriko herrialdera bizitzera joaten baldin badira, sistemak ez die osatzen saria gutxieneko pentsiora ailegatzeko.

«Lanbide hau, dagoen bezala, desagertu egin beharko litzateke»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.