Maravillas gaztetxea

Ostikoz bota dute atea

Foruzaingoak Iruñeko Maravillas gaztetxea hustu du gauez, Espainiako Poliziaren laguntzarekin, baina arratsaldean berriz okupatu dute. Poliziak hainbat aldiz oldartu zaizkie goizean babesa ematera joan diren gazteei

Polizia anitz. Gazte bat, Espainiako Poliziaren hesiaren aurrean. JDIGES / EFE.
Iker Tubia, Uxue Rey Gorraiz
Iruñea
2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Gauez eta borrak eskuan. Horrela hustu du Foruzaingoak Iruñeko Maravillas gaztetxea. Alde Zaharreko bizilagun askok 2004ko abuztuan bizitakoa izanen zuten gogoan atzo goizaldean. Orduko hartan, Euskal Jai gaztetxea hustu zuen Poliziak UPNren aginduz. Gauez orduan ere, eta borrak eskuan. Denek argi zuten Maravillas hustuko zutela, baina airean ziren bi afera: noiz eta nola. Ez zuten inor atxilotu, baina poliziak jendearen kontra oldartu ziren. Eguna ilun argitu zen atzo Nafarroako hiriburuan. Ezustekoa arratsean gertatu zen: gaztetxea berriz ere okupatu zuten.

Goizean poliziek inguraturik zen Nabarreria plaza, hutsik. Arratsean kontrako irudia ikus zitekeen: hustearen kontra protestan ari ziren iruindarrez lepo bete zen plaza. Gaztetxeko atea itxita zegoen, poliziek soldatu baitzuten. Baina, halako batean, ateak ireki zituzten eta barnera sartzea lortu zuten hainbat gaztek. Goizeko amorrua, arratsaldeko euforia. Txalo eta oihu artean sartu ziren dozenaka gazte eraikinaren barnean.

Abisua emana zegoen, eta erne ibiltzeko eskaria: «Gaur Maravillas gaztetxea hustuko dutela pentsatzeko arrazoiak ditugu», zabaldu zuten gaztetxeko kideek herenegun. Osteguna izanagatik ere, goizeko bostetan bare zen Alde Zaharra, Nafarroako hamaika tokitan bestak baitira. Halako batean, foruzainen hainbat furgoneta agertu ziren Nabarreria plazan. Espainiako Polizia arduratu zen ingurua ixteaz. Hasi zen Maravillas gaztetxearen kontrako operazioa.

Gauak soinu banda bat izatekotan, Berri Txarrak taldearen Maravillas kanta paratu zekiokeen: Ostikoz bota digute atea, hala dio hasierako estrofak. Polizien furgonetak Rozalejo jauregiko atarira ailegatzerako, barnean prest ziren gazteak. Batzuk teilatuan, beste batzuk balkoietan kateaturik, bi gazte balkoi batetik bestera zintzilik, eta hainbat atarian lotuta. Barnean ziren hainbat gazte betoizko bidoietara loturik ziren, hustea oztopatzeko. Ordurako poliziak ez zuen Nabarreriara gerturatzen uzten. Kazetariei ere ez, hainbatetan eskatu arren.

«Beheko ate nagusitik sartzen saiatu dira, eta oihu egin diegu atea ez botatzeko, jendea kateaturik zegoelako eta arriskutsua izan zitekeelako», azaldu zuen barnean erresistentzian aritu zen gazte batek. Gaztetxeko beste kide baten arabera, kanpoan zirenen kontra oldartu zen Polizia. Gaztetxeak bitartekariak zituen poliziei barnean prestatutako «erresistentzia pasiboaren» berri emateko. «Saiatu dira atea behera botatzen, eta horren atzean jendea kateatuta zegoen. Azkenik beste ate bat bota dute, eta ozta-ozta ez zaio inori deus pasatu».

Barnean, hustea «nahiko lasaia» izan zela kontatu zuen bertan egondako ekintzaileetako batek. Bestalde, hesietan kateatutako lagunak kanporatzeko, hesiak apurtu zituzten poliziek. «Kontuan hartu behar da eraikina ondare historikoa dela, eta, beraz, hesi horiek ere bai». Kateak hautsi ahala, gazteak eraikinetik atera zituzten. Ez zuten inor atxilotu, baina 22 lagun identifikatu zituzten. Tartean lau adingabe zeuden; beraz, gurasoei deitu zieten. Garabi bat ere erabili behar izan zuten poliziek.

Rozalejo jauregia husteko operazioak bost ordu iraun zuen, eta 60 foruzainek parte hartu zuten. Eraikina hustu bitartean, Espainiako Poliziak inguruak zaindu zituen. Une oro, kaskoak jantzita, eta borrak eta pilota jaurtigailuak eskuan. Deia zabaldu bezain pronto hasi ziren hainbat bizilagun gaztetxe inguruetara hurbiltzen. Etxeko balkoietatik irudiak hartzen edo lapikoekin zarata egiten ari zirenak grabatu zituen Poliziak.

Bizilagunen babesa

Bien bitartean, jendea Caldereria, Curia eta Aldapa kaleetan biltzen hasi zen, tantaka, begietako makarrak kendu gabe haietako asko. Nabarreriara babes oihuak ailegatzen ziren bertan batzen diren karrika guzietatik. Une batean Curian zirenak gaztetxera gerturatzen saiatu ziren, eta Polizia oldartu zitzaien. Hala ere, istilurik handienak Aldapa kalean gertatu ziren. Espainiako poliziak zaindu zuen ingurua operazioa hasi zutenetik, baina 07:00etan foruzainek hartu zuten haien tokia. Aurrekoak ez bezala, Nafarroako poliziak urduriago zirela sumatzen zen. Oihuak ozenago aditzen ziren orduan: foruzainen eta Nafarroako Gobernuaren kontra. Azkenean, petardo batek piztu zuen istilua. Foruzaingoa gazteei oldartu zitzaien, gupidarik gabe. Gazte asko kolpatu zituzten, eta haietako bi ospitalera eraman zituzten, anbulantzian. Bati arnasa hartzea kostatzen zitzaion foruzainek barean emandako borrakada baten ondorioz. Besteak jipoia jaso zuen buruan eta bizkarrean. Zauritutako beste gazte batek kargu hartu zien poliziei: «Non da huste baketsua? Non?».

Hortik aurrera, hainbat aldiz oldartu ziren foruzainak bertan ziren gazteen aurka, baina orduan pilotak ere jaurti zizkieten. Bederatziak jo aurretik ailegatu zen albistea gaztetxeko kide baten ahotik: ez zen inor geratzen eraikinaren barnean. Hala ere, gazteek han jarraitu zuten, eta Espainiako Polizia oldartu zitzaien, bai Aldapa kalean, baita Mercaderes kalean ere, geroago. Asun Fernandez Garaialde EH Bilduko parlamentaria eta Maider Beloki Iruñeko Udaleko zinegotzia goizaldean agertu ziren Aldapa kalera, gertatzen ari zenaren berri izateko. Ez zuten operazioko buruarekin hitz egitea lortu.

Memoria historikoa

Baina atzokoak izan zuen aurpegi onik. Alde batetik, bizilagun anitzen babesa jaso zuten gaztetxean gotortu ziren gazteek. Sinbolikoki zuen pisuarengatik, Mercaderes kaleko babes keinua nabarmendu zen. 10:45 aldean Josefina Lamberto agertu zen Rozalejo jauregian. Gaztetxeak Maravillas Lamberto bere ahizparen izena du. 1936an frankistek bortxatu, hil eta bere gorpua txakurrei bota zieten. Asteazkenean omenaldia egin zioten gaztetxean, eta Josefina Lamberto han izan zen, hitzaldi bat ematen. Atzo, txalo zaparradak hartu zuen Mercaderes osoa Lamberto han agertu eta gaztetxeko kideak besarkatu zituen unean. Eguneko irudia izan zen.

Bero-bero zegoen giroa, eta gaztetxearen aldekoek ez zuten kalea uzteko asmorik. EAJren egoitzara joatea erabaki zuten, eta arrauteak bota zizkioten eraikinaren sarrerari. Napar Buru Batzarrak «erasoa gaitzetsi» zuen ohar baten bidez, eta memoria historikoaren karta berriz ere baliatu. Rozalejo jauregiaren okupazioa frankistek EAJren egoitza ebastearekin alderatu zuten, eta gazteek arrautzak botatzea «faxismoa» zela salatu zuten.

Gaztetxeko bozeramaileetako batek atzo gertatutakoa gogor salatu zuen: «Foruzainek ez dute soilik gaztetxea hustu; herritarren kontra oldartu dira». Nafarroako Gobernuari ere zuzendu zitzaion, bere jokabidea «errespetu falta» zela salatuz: «Gaurko [atzoko] jokabidearekin, aldaketaren alde egin zuten herritarren aurka jo du Nafarroako Gobernuak». Gainera, egun hauetan zerbait gertatuz gero, erantzuleak Maria Solana eta Nafarroako Gobernua izanen direla adierazi zuen.

Gertatutakoari erantzuna

Haserre eta suminduta deitu zuten batzarra arratsaldeko seietarako, Gazteluko plazan. Jendetza hurbildu zen. Gogor kritikatu zituzten Geroa Bairen erabakia eta Poliziaren indarkeria. Azaldu zutenez, erabilitako bortizkeriak agerian utzi du gobernuak ez zuela elkarrizketarako «benetako borondaterik». Zaurituak nabarmendu zituzten. Azaldu zuten zenbaki zehatzik izan ez arren, hamarnaka direla, eta frogak dituztela kasu askotan. Irudiak dituzte, eta horietako batean ikus daiteke polizia bati su-balak erori zitzaizkiola huste prozesuan. Xehetasun horrek are gehiago haserretu ditu. «Erabilitako bortizkeriak jendearen bizitza arriskuan jarri du», salatu zuen kide batek. Jendearen aurka ez ezik, eraikinaren aurka ere aritu direla aipatu zuten gaztetxekoek. Eraikina ondare historikoa izanda ere, Poliziak balkoiak hausteko arazorik izan ez zuelako, haien esanetan.

Abuztuaren 25erako deituta zuten manifestazioa mantenduko dutela argitu zuten, eta nazio mailakoa izanen dela. Euskal Herri osora luzatu zuten deia, jendeak proiektua defenda dezan. Balantzearen ostean, kalejira bat egin zuten Geroa Bairen egoitzaraino, protesta modura. Ezinegona oso nabaria izan zen ibilbide hasieratik, eta giroa are gehiago okertu zen Polizia agertu zenean. Sarasate pasalekuan Espainiako Poliziak oldartzeko keinua egin zuen. Keinu hutsean gelditu bazen ere, protestan zebiltzanak beste bide bat hartzera behartu zituen polizien presentziak. Protestak jarraitu egin zuen, hala ere.

Nabarreriara jo zuen zuzenean kalejirak. Gaztetxeko kideek beraiek ere ez zuten espero atzo bertan jauregia berriz hartzea lortuko zutenik. Baina hala egin zuten. Arratseko zazpietan sartu ziren. Eraikinaren alboko Nabarreria plaza gainezka zegoen, eta txaloka hartu zuten han batutakoek balentria.

Emozio eta tentsio handiko orduak izan ziren, eta bazen bi egunetan ordu bakarra lo egin zuenik ere. Hala ere, indarrik ez zitzaien falta. «Adrenalina honekin, nekea ez dugu sentitu ere egiten». Gaztetxean berriro sartzea lortu arren, kideak jabetzen ziren berriz husteko arriskua berehalakoa izan daitekeela. Horregatik, lo zakuak hartu, eta gaztetxean gaua pasatzera deitu zuten. Mehatxuak mehatxu, goizaldean poliziek ostikoka botatako atea parez pare irekita zegoen gauean, eta haserreak irribarreari egin zion toki.

 

 

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.