Muga ez igarotzeko mehatxua

Migratzaile askok Gipuzkoatik Lapurdira iristeko zailtasunak dituztela salatu du SOS Arrazakeriak: poliziek kanporatu egiten dituzte. Herrietan sareak ehundu dira pertsona horiei arreta emateko
Hainbat migratzaile Irungo plaza batean, igaro egunotako batean.
Hainbat migratzaile Irungo plaza batean, igaro egunotako batean. AMAIA OCA

Arantxa Iraola -

2018ko abuztuak 22
Mikel Mazkiaranek abokatu dihardu Gipuzkoako SOS Arrazakerian. Ongi daki zer-nolako zailtasunak izaten dituzten Lapurdiko muga igaro nahian Irunera hurbiltzen diren migratzaile askok. Eragozpenak jartzen dizkie Poliziak. Hondartzara, erosketetara, txangoetara... Arazorik gabe igarotzen dute bidea milaka herritarrek, baina Europan aurrera egin nahi duten migratzaileentzat ez da hain erraza, eta bueltan bidali ere egiten dituzte: berriro Hegoaldera. Hendaiatik bertatik kanporatzen dituzte zenbaitetan. Urrunagotik ere bai sarri. «Badugu Bordeleraino heldu, eta handik kanporatu izan duten jendearen berri», azaldu du Irungo SOS Arrazakeriako ordezkari Jon Arangurenek. Legeak horretarako ematen dizkien baliabideak erabiltzen dituzte poliziek zenbaitetan urrats hori egiteko. «Malagako Akordioa erabiltzen dute», azaldu du Mazkiaranek. Hain justu, Frantziak eta Espainiak itundutako hitzarmen bat da, migratzaileek muga igaro eta ondorengo lau orduetan era horretako prozedurak egiteko atea irekitzen duena. «Egunero era horretako 2-4 kanporatze egiten dira». Itun horren egokitasuna auzitan jarri dute maiz migratzaileen eskubideen alde ari direnek, baina lege esparru horren barruan bederen prozedura formalen bat ezinbestean bete behar dute beti poliziek kanporaketetan. Aldiz, gutxieneko prozedura hori gabe ere bueltan bidalitako migratzaileak badirela salatu dute SOS Arrazakeriako kideek. «Kanporatzen dute jendea prozedura edo erregistrorik gabe».

Migratzaileen lekukotasunek eman izan diete sarritan halako jokatzeko moduen berri. «Prozedurarik gabeko kanporaketak dira, mugan bertan egindakoak; bada, Melillan egiten dituztenak bezalakoak», adierazi du Mazkiaranek. Alde bat bada, gainera; ustez zirkulazio librea bermatu behar lukeen eremu batean gertatzen dira Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugako kanporaketak: Schengen eremuaren barruan. Jakina, kasu horiei buruzko informazioa urria dela salatu du Mazkiaranek: «Ez dakit egunean zenbat izaten diren». Baina badira. Frogak dituzte SOS Arrazakeriako ordezkariek: «Ikusi izan ditugu furgonetak, eta ikusi izan ditugu Frantziako Poliziaren autoak». Migratzailez beteta. Euskotrenek ere —Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga igarotzen du trenak— Hendaiara heldutako migratzaileak atzera botatzeko agindua jaso duela jakina da. LAB sindikatuak irmo salatu zuen hori joan den astean: «Euskotrenek barne prozedura bat garatu du Frantziako Poliziak atxilotutako pertsona desplazatuak Hendaiatik Irunera garraiatzeko eta ondoren, noski, kalean uzteko». Horrelako prozedurak baztergarriak direla adierazi du Mazkiaranek: «Prozeduraren bat beti egon behar da; migratzaileak ezin dira hartu eta eraman edonola».

Migratzaileek mugan dituzten zailtasunak dira, SOS Arrazakeriaren arabera, haiek Euskal Herrian dituzten premia askoren motiboa. Hain zuzen ere, uda hasieratik hona, ugaritu egin dira arreta premian dauden migratzaile taldeei buruzko albisteak. Eusko Jaurlaritzak berak erakunde arteko mahai bat eratu behar izan du horiei erantzuteko. Asteon Jaurlaritzak ezagutarazitako datuen arabera, bidean zeuden 2.507 migratzaileri eman zaie arta ekainaren amaieratik hona. Denera 3.019 gau pasatu dituzte. Beraz, administrazioaren arabera, argi dago: gehienek gau bat besterik ez dute igarotzen Euskal Herrian. SOS Arrazakeriak ondorioztatu du, ordea, mugan dituzten arazoek ekarri dutela migratzaile askok nahi baino gehiago luzatzea Euskal Herriko egonaldia, eta, hain justu, gabeziak ikusi dira. Irunen, esaterako, Renfeko tren geltoki inguruetan lotan egon izan da jendea; presioa egin da azken asteotan haien arreta bermatzeko eskatzeko, eta apurka ugaritu egin dira haientzako zerbitzuak. Aterpea emateko eta oinarrizko premietarako baliabideak ezarri dira.

Bete gabeko beharrei erreparatuta, herritar taldeak ere elkartu dira: Euskal Herri osoan. Bilbon, adibidez, herritarrek eratutako taldeak abian dira migratzaileei laguntzeko, eta Donostian ere hainbat ahotsek salatu dute bidean diren pertsona horiei eskaintzen zaizkien baliabideak ez direla aski. Irunen, oro har, gehienek muga zeharkatzea beste helbururik ez dute; gainerako tokietan badira Euskal Herrian geratzeko asmoa adierazten ari diren migratzaileak. Era batean edo bestean, premiari erreparatuta, gaztetxeetako eta auzoetako elkarteek sustatuta, otorduak eta arropa garbiak eman zaizkie migratzaileei hainbat udalerritan; bizi-bizi dago mugimendu hori. Kontuan hartu behar da migratzaileentzat abian dauden zerbitzuek gau kopuru jakin batean izaten dutela muga, eta, ondorioz, premian segitzen dutela askok.

Laguntzeko sare bat

Behar horiei erantzuteko ahaleginetan dihardute, esaterako, Irungo Lakaxitako gune okupatuan. Hiriko beste hainbat elkarterekin batera, migratzaileei Lapurdirako bidean igaroko dituzten egun horietarako oinarrizko laguntza ematea dute helburu. «Lehenengo, saiatzen gara kokatzen; sarri ez dakite ongi non dauden ere», azaldu du Arangurenek. Esku artean mapak dituela dabil, esaterako, Aizpea Babaze; Irunen migratzaileentzako zerbitzuak non dauden erakusteko baliabideak atontzen. «Harrera lantaldea, arropa lantaldea eta otorduak ematekoa eratu ditugu», adierazi du. Elkarlanerako era eman die horrek; ondokoak hobeto ezagutzekoa. «Hiriko jende oso ezberdina batu gara». Ulertu dute «mundua aldatzeko» asmoan ari direla hiriko elkarte gehiago ere. Bat dator Alaine Aranburu Etxegoien: «Gu gara gazteenak, eta jende berria ezagutu dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna