Koronabirusa

Tabernek 01:30ean itxi beharko dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Jaurlaritzak birusa kontrolatzeko neurri sorta baten berri eman du, eta asmoa da astebururako ezarrita egotea denak. Aldaketek ostalaritzan eta ekitaldi jendetsuetan izango dute eragina gehienbat

Murga eta Urkullu, atzo, izurriaren jarraipena egiteko Gasteizen egin zuten bilkuran. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Azken egunetan izan diren COVID-19 kasuen ugaritzeak ondorio zuzenak ekarri ditu: agintariek neurri murriztaileak hartzeko pausoa eman dute. Nafarroan, iragan astean mugatu zuten ostalaritzaren jarduera, eta Jaurlaritzak hori bera egingo du asteon. Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo iragarri zuen aste honen amaierarako agindu bat igorriko duela Jaurlaritzak neurri horiekin, eta astebururako indarrean izatea dela asmoa. Neurri batzuk, baina, prentsaurrekoan aurreratu zituen: taberna guztiek, esaterako, 01:30ean itxi beharko dute, eta ezingo dute goizeko seiak baino lehen ireki. Edukieran ere murrizketak izango dira hainbat eremutan.

Neurri gehienak aisialdiari eta bereziki gaueko aisialdiari lotuta egongo dira, azken agerraldietako asko giro horretan sortu baitira. Diskoteketako edukiera %60 izango da gehienez ere, eta dantza egiteko eremuak ezingo dira erabili, mahaietan eserita egoteko ez bada. Era berean, sailburuak azaldu du gauerditik aurrera mahaietan eserita kontsumitu beharko dela, barruan zein terrazetan. Azken asteetan, gazteak jomugan egon dira, positiborik gehienak haien artean atzeman baitituzte. Hori dela eta, gazte lokalak erabiltzea debekatu zuen iragan astean Jaurlaritzak, eta debeku horrek indarrean jarraituko du aurrerantzean ere.

Bestelako jatetxe edo ospaleku handiak ere mugatuta egongo dira: ehun pertsonatik gorako edukiera dutenak %80 baino ezingo dituzte bete. Gainera, mahai bakoitzean ezingo dira bildu hamar pertsona baino gehiago. Neurri horrek eragin zuzena izango du ezkontzen eta jaunartzeen gisako ospakizunetan. Bestalde, Murgak nabarmendu du taberna eta jatetxe guztietan beharrezkoa izango dela mahaien artean 1,5 metroko tartea mantentzea, pertsonen artean distantzia hori izatea helburu hartuta.

Era berean, neurriok eragina izango dute jendea pilatu daitekeen bestelako jardueretan ere, besteak beste, beilatokietan eta hiletetan. Beilatokietan ezingo dira 60 pertsona baino gehiago bildu, edukieraren %60 gainditzen ez bada betiere. Hiletetan ere horixe izango da muga: 60 pertsona. Bestalde, ezingo da erromeriarik, kontzerturik edo beste edozein ekitaldi antolatu ikusleek aurrez ezarritako eserlekurik ez badute.

Neurriok asteon sartuko dira indarrean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baina aurretik hainbat herritan ezarriak zituen Jaurlaritzak tankerako murrizketak. Agindu berria helaraztean, bertan behera geratuko dira Bergaran eta Tolosan (Gipuzkoa) aurretik ezarritako arauak, hango egoera epidemiologikoak hobera egin baitu azken egunetan. Indarrean jarraituko dute, ordea, Eibarren, Zarautzen (Gipuzkoa) eta Ermuan (Bizkaia).

Maskaren erabileraz ere aritu zen Murga agerraldian. Maskara janztea garrantzitsua dela nabarmendu zuen sailburuak, eta adierazi zuen arnas edota bihotzeko arazoak dituztenek ere jantzita eraman behar dutela.Murgak onartu zuen maskara «deserosoa» izan daitekeela pertsona horientzat, eta arnasa hartzeko eragozpenak sor ditzakeela, baina gehitu zuen COVID-19aren gaitzak «ondorio are larriagoak» eragin ditzakeela haiengan. Adierazi zuen halako gaixotasunak dituztenentzat dela «onuragarriena»maskara, eta «zentzugabekeria» dela haiei ez janzteko aholkatzea. Hain zuzen ere, Bizkaiko Medikuen Elkargoak atzo salatu zuen azken egunotan hainbat sendagileri erreklamazioak jarri dizkietela hainbat pazientek; kexua adierazi dute maskarak ez eramateko baimen bereziak ukatu dizkietela eta.

Apalaldia kasuetan

Azken zenbaketen arabera, behera egin du positiboen kopuruak Hego Euskal Herrian: 183 izan dira azken orduetan, aurreko egunean baino 65 gutxiago. Erdiak baino gehiago, baina, Nafarroan atzeman dituzte. Herrialde horretan ugaritu egin dira kutsatzeak: beste 97 kasu detektatu dituzte, herenegun baino 15 gehiago. Larunbatean, Bizkaian goia jo zuten kasuek; azken orduetan, berriz, gutxiago izan dira positiboak: 54. Gipuzkoan eta Araban ere beheranzkoa izan da joera: 24 kasu atzeman dituzte lehenengoan, eta zazpi bigarrenean. Jaurlaritzak jakinarazi du kasu bat atzeman dutela erkidegotik kanpo.

Azken orduetako datuak aurreko egunetakoak baino apalagoak dira, baina egin diren PCR probak ere gutxiago egin dituzte. Igandean, 6.271 PCR proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta atzo, berriz, 3.978. Lapurdiko kostaldean, doako PCR test masiboak egiten ari dira egunotan. Hilaren 23an, Bidarten aritu ziren; atzo, Donibane Lohizunen; eta, larunbatean, Miarritzen izango dira. Akitania Berriko ARS osasun agentziaren egitasmoa da, eta birusaren transmisio katea etetea du helburu.

Herrietako agerraldiei dagokienez, Bilbon detektatu dute kasu gehien: 77 bi egunean. Aurreko astean, Nekane Murga Osasun sailburuak hiriko taberna batean izandako agerraldi baten berri eman zuen, eta atzo jakinarazi zuen 50 positibo inguruk lotura dutela agerraldi horrekin. Agerpenak izan diren gainerako herrietan, gutxitu egin dira kutsatzeak: Ermuan (Bizkaia) zortzi positibo atzeman dituzte, eta Eibarren (Gipuzkoa), berriz, hiru. Bestalde, COVID-19 gaitza dela eta, bost pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan Hegoaldean, eta beste lau ZIUan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.