Koronabirusa. Neurriak

Udalerriak itxi ditu Jaurlaritzak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak ezingo dira udalerritik atera justifikatu gabe. Nafarroan, eremu pribatuetan, ezingo da bizikide ez den inorekin elkartu

Donostiako Parte Zaharreko jatetxe bat, itxita. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Irati Urdalleta Lete - Jon O. Urain
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun

Igandean Espainiako Gobernuak COVID-19aren izurriaren hazkundeari aurre egiteko alarma egoera ezarri eta neurri batzuk jakinarazi eta gero, ikusteko zegoen Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak zein neurri hartuko zituzten pandemiaren datuak onbideratzeko. Atzo arratsaldean jakinarazi zituzten neurri gehigarriak, eta, besteak beste, mugikortasuna dezente mugatzera jo du Jaurlaritzak; herritarrak ezingo dira bizileku duten udalerritik irten hori justifikatuko duen arrazoirik ez badute. Nafarroako Gobernuak, berriz, espazio pribatuetan elkartu daitezkeen pertsonei ezarri dizkie muga esanguratsuenak: soilik elkarrekin bizi direnak egon ahal izango dira etxebizitza berean, salbuespenak salbuespen.

Gaur goizaldean sartu dira indarrean Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako neurriak, Jaurlaritzaren dekretua Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera. Nafarroakoak, berriz, bihar ezarriko dituzte, espero baita Maria Txibite lehendakariak gaur sinatzea neurri horiek hartzeko foru dekretua.

Labi EAEko Babes Zibileko Planaren aholku kontseilua atzo arratsaldean batzartu zen, izurriari aurre egiteko neurriak aztertzeko. Hori amaitu ostean eman zituen azalpenak Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Neurrien jarraipena eta «etengabeko ebaluazioa» egingo dute gehienez hamabost eguneko epean, eta neurriak luzatu, aldatu edo bertan behera utzi ahal izango dituzte. Sagarduik azaldu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera «arduratzeko modukoa» dela, eta, behin alarma egoera onartuta, «tresna guztiak» erabili behar direla izurriaren bilakaera zuzentzeko.

Javier Remirez Nafarroako presidenteordeak eta Santos Indurain Osasun kontseilariak eman zuten herrialde horretarako neurrien berri. Remirezen hitzetan, «uneotan» gobernuak ez du aurreikusten «erabateko konfinamendua» ezartzeko beharrik, eta erantsi du «egungo egoeraren araberako neurri egokiak» hartzen ari direla.

Era berean, Indurainek ohartarazi du Nafarroako osasun sistema «jada jasaten» ari dela azken asteetako kutsatze mailaren ondorioak: «Erietxeratutako jende kopuru handia jadanik ez da orekatzen alta jasotzen dutenen kopuruarekin, erietxeratze asko izaten ari direlako, eta ospitaleratze larriak eta luzeak direlako». Indurainek azaldu du kutsatze kopurua «nahitaez» murriztu beharra dagoela.

Udalerritik atera ahal izango da?

Eusko Jaurlaritzak hartu du neurri murriztaileena; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezingo da norberak bizileku duen udalerritik atera. Espero zen erkidegoko sartu-irtenak mugatzea, baina ez hiru herrialdeetako udalerri guztietakoak. Neurri hori egon zen indarrean lehen konfinamendua leuntzeko aurreneko fasean.

Badira salbuespenak, halere: udalerritik irten ahalko da jarduera profesionalak, osasun arlokoak, hezkuntzakoak, eta adingabeen, adinekoen edo mendekotasunak dituztenen zaintza lanak egiteko; baita dokumentazio ofizialak eskuratzeko, administrazio tramiteak edo azterketa ofizialak egiteko ere. Horrez gain, hiru herrialdeetako biztanleak ondoko udalerrira joan ahalko dira «jarduera sozioekonomikoren bat» egiteko bada, edo ariketa fisikoa egiten ari badira. Jaurlaritzak ziurtagiri eredu bat jarri du enpresen eskura, euren langileek eraman dezaten, joan-etorriak justifikatu ahal izateko.

Nafarroan, arinagoa da muga; herritarrak ezin dira irten herrialdetik, baina mugi daitezke udalerrien artean. Herrialdetik ere irten daitezke Espainiako Gobernuaren dekretuak ezarritako salbuespenen kasuan; alegia, osasun, hezkuntza, lan, zaintza eta ekonomia jardueretarako, besteak beste. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, joan-etorriei ezarritako murrizketa bakarra da etxeratze behartuari dagokiona: 21:00etatik 06:00etara ezin da etxetik atera.

Zein ordutan ezingo da kalean egon?

Hego Euskal Herrian, etxeratze agindua ezarri dute 23:00etatik 06:00etara. Ipar Euskal Herrian, berriz, 21:00etan hasten da agindu hori. Arlo horretan ere badira salbuespenak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan: kalean egon ahal izango da ordu horien artean osasun zentroren batera, larrialdi baterako albaitariarenera, lanera edo zaintza lanak egitera joateko bada. Halaber, kalean egon ahalko da ordu horien artean etxera itzultzeko bada, eta baita gasolindegi batera joateko ere, aurrez aipatutako jardueraren bat egitera joateko bada, betiere.

Zenbat lagun elkartu daitezke?

Neurri zorrotza hartu du Nafarroako Gobernuak; espazio pribatuetan, adibidez etxebizitzetan, ezin izango da inor elkartu, etxebizitza horretan bizi diren pertsonez harago. Hori gomendatua zuen orain arte, baina orain bete beharreko neurri bat izango da, alarma egoerak horretarako bidea eman baitu. Haatik, utziko dituzte salbuespen batzuk: bakarrik bizi direnei edo menpekotasunen bat duten pertsonei bisitan joan ahalko zaizkie, baina, gobernuak aholkatu duenez, bisita horiek bakarka egin beharko dira, eta ahal bada euren esparru sozial gertueneko jendea joan behar zaie.

Gurasoak bananduak dituzten adingabeen kasuan ere onartuko dute etxebizitzan bizi ez den gurasoa bisitan joatea, eta aparte bizi diren izatezko bikoteak ere joan daitezke bikotekidearen etxera. Esparru pribatuan, Jaurlaritzak sei laguneko taldeak onartu ditu gehienez.

Esparru publikoan, berriz, Hego Euskal Herrian araua izango da gehienez sei pertsona elkartzea. Ipar Euskal Herrian gomendioa da gehienez seinaka elkartzea.

Tabernak itxita daude?

Nafarroan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bai. Nafarroako Gobernuak ostalaritzaren itxiera ezarria du, salbuespen hauekin: eskoletako eta ospitaleetako jantokiak, jantoki sozialak eta etxerako zerbitzua dutenak. Iparraldean, ostatuak itxita daude, baina jatetxeak, zabalik, 21:00ak arte.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, indarrean zegoen alde bat; COVID-19 kasu metatuen arabera eremu gorrian zeuden herrien eta ez zeudenen artekoa. Horren arabera, ostalaritza zabalik zen gauerdira arte, eta edukiera %50era murriztuta, eremu gorriko herrietan izan ezik: haietan, 21:00etan zuten ixteko ordua, eta ezin zen barran kontsumitu. Orain, desberdintasun hori erregulatzen zuen araua baliogabetu du Jaurlaritzak, eta, beraz, ostatuak 23:00etan itxi beharko dituzte beranduenez. Asteko egun guztietarako ordutegi bera ezarri du Jaurlaritzak.

Zabalik al daude kultur eta aisialdi eremuak?

Nafarroan, ikuskizun handietarako eta erabilera anitzeko guneak itxi dituzte. Museo, antzoki, zinema areto eta bestelakoetan, edukiera %30era murriztu dute. Eusko Jaurlaritzak, berriz, %50era murriztu du kultur jardueren edukiera. Hori buruzko aipamen zehatzik ez du egin gaur indarrean sartu den dekretuan, baina, udalerritik irteteko muga ezarrita, pentsatzekoa da ezingo dela horietara joan norbere bizilekua den udalerritik kanpo badaude. Museoetan, taldeko bisitak ezingo dira izan sei lagunetik gorakoak, gida barne.

Ipar Euskal Herrian, kultur ekitaldiak antola daitezke, hiru baldintzarekin: gehienez mila ikusle hartzea, maskara etengabe jantzita izatea, eta pertsonen arteko distantzia bermatzea.

Kirola egin daiteke?

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, adingabeen kirol federatua baimendua dago; helduena, berriz, debekatua. Nafarroako kirol instalazioetan, berriz, edukiera %30era murriztu dute, eta joko zelaia edo pista ez diren gainerako espazioak itxi: dutxak, aldagelak, saunak eta abar. Taldekako jardueretan, gehienez sei pertsonako taldeek parte har dezakete, kirol profesionalean izan ezik, hori baimenduta baitago.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bertan behera utzi dute taldekako kirol jarduera oro. Bakarka egin ahalko da kirola, Jaurlaritzaren dekretuak eranskinean jaso duenez. Hala ere, salbuetsita egongo dira gimnasioetan antolatutako ikastaroak eta jarduerak —maskararekin—, eta lehiaketa profesionaletan edo erdi profesionaletan dauden taldeetako kideak ere entrenatu ahal izango dira taldeka. Kirol federatuan edo eskola kirolean, entrenamenduak egin ahalko dira, seinaka.

Aldiz, bertan behera utzi dute profesionala edo semiprofesionala ez den lehiaketa oro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.