Koronabirusa

Irizpideak zorrozteko prest

Eguberrietarako neurriak gogortzeko baimena eman die Madrilek erkidegoei. Irizpideak zorroztu ezean izurriaren hirugarren oldea «larria» izango dela uste dute BERRIAk kontsultatutako adituek

Donostiako Konstituzio plaza Eguberrietako argiztapenarekin. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Edurne Begiristain.
2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Eguberriei begira neurrien arintze bat agindu eta gutxira, atzera egin eta irizpideak gogortu daitezkeela esaten ari dira orain osasun agintariak. Izan ere, egoera epidemiologikoa ez da batere ona, eta izurriaren hirugarren olatu batek gogor jo dezakeen izua dago.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo egin zuten oharra: COVID-19aren kasuen ugaritzeak jarraituz gero, ez dute baztertzen neurriak zorroztea. Hain justu, Espainiako Osasun Ministerioak Eguberrietarako planaren irizpideak zorrozteko proposamena mahai gainean jarri zien atzo erkidegoei: besteak beste, baimena eman zien etxe berean bil daitezkeenen kopurua murrizteko, erkidegoen arteko bidaiak mugatzeko eta etxeratze agindu goiztiarragoak ezartzeko. Bilera baino ordu batzuk lehenago, Urkulluk egin zuen abisua: Eguberriak hasi aurretik ere neurriak gogortzeko urratsen bat egin dezake Jaurlaritzak. «Aukera bat da». Antzera mintzatu zenSanchez goizean, Espainiako Kongresuan: «Orain neurriak sobera arintzen badira, hirugarren olatu bat oldartu daiteke. Adi jarraitu behar dugu, orain arteko borroka ezin dugu pikutara bidali».

Gabonen garairako kezka erakutsi du azken egunotan Frantziako Gobernuak ere, birusa hedatzeko lekua izan daitezkeelako familia eta lagunarteko bazkariak. Hala, zazpi eguneko bakartze prebentiboa egiten ahalko dute ikasleek. Ipar Euskal Herrian, atzo eta gaur ikasleentzat ez da «derrigorrezkoa» eskolara joatea.

Agintarien mezuek ongi islatzen dute izurriaren egoera kezkagarria dela, eta datozen asteotan hartzen diren neurrien araberakoa izango dela hirugarren olatuaren oldarraldiaren indarra. BERRIAk kontsultatu dituen adituek ere argi dute: hirugarren olatua etorri etorriko da, baina orain neurriak arintzen badira, askoz ere larriagoa izango da. «Hirugarren oldea iritsiko zaigula ziurra da, baina kontua da nola nahi dugun olatu hori ailegatzea, hau da, zein gogortasun edo kaltegarritasunarekin». Miren Basaras EHUko Mikrobiologiako irakasleak ez du zalantzarik koronabirusaren kutsatze kurba apaltzeko zorroztu egin beharko direla neurriak: «Ezinbestean izan behar dute zorrotzagoak, bestela ez dugu hirugarren olatua kontrolatuko, eta ospitaleratzeek gora egingo dute izugarri».

Egungo egoera epidemiologikoari kezkaz begiratzen dio Basarasek, datuak ez direlako onak: «Antzeko egoeran geunden urri hasieran, neurri zorrotzagoak ezarri zirenean. Positiboen jaitsiera ez da izan espero genuen bezalakoa». Basarasek koronabirusak hildakoen azken datuetan jarri du arreta gutxienez 115 lagun hil dira astebetean Hegoaldean eta horri lotuta egin du gogoeta: «Kontuan hartu behar dugu positiboen kopuruak gora egiten duen heinean, ospitaleratzeak ere gehiago izango direla datozen asteetan, geroz eta gaixo gehiago egongo direla ZIUetan, eta, zoritxarrez, hildako kopuruak ere gora egiten jarraituko duela».

Gabonak, gakoa

Basarasek uste du positibo kopurua beheratzeko «tresna bakarra» mugimendua murriztea dela. Eta Eguberriei begira, oharra: «Gure familia unitatea ez direnekin harremanak ugaritzea arriskutsua izan daiteke».

Gabonez argi eta irmo mintzatu da, halaber, Rafael Bengoa osasun politiketako nazioarteko aholkularia: «Hirugarren olatuaren astinaldia oso gogorra ez izatea nahi badugu, neurriak zorroztu behar ditugu. Garaiz gaude oraindik». Bengoak uste du, Europako hainbat herrialdek neurriak zorroztera egin badute ere, Espainian eta Hego Euskal Herrian politika «leunagoak» lehenetsi direla eta horrek ondorioak ekar ditzakeela: «Izurriaren bigarren oldearen aparrak desagertu gabe etor liteke hirugarrena». Hori gertatu ez dadin, baina, Gabonak dira gakoa, eta iragarritako neurriak gogortzea baino beste biderik ez du ikusten Bengoak. Hiru aipatu ditu: ostalaritza ixtea, joan-etorriak erkidego barrura mugatzea, eta Eguberrietan «nork bere buruari murrizketak» ezartzea.

Murrizketak indartzearen aldekoa da Ignacio Lopez-Goñimikrobiologiako doktorea ere. Zurrun, gainera: «Ikuspuntu epidemiologiko batetik gomendagarriena da dena erabat ixtea». Uste du munduko beste herrialde batzuetan ez bezala, Europan birusarekin bizitzea erabaki dela, neurriak aldiro malgutuz eta zorroztuz, eta hori ez dela «biderik egokiena». Lopez-Goñik ohartarazi du hirugarren oldearen astindua latza izan daitekeela, eta txertoaren bitartez herritarrak immunizatuta egon arte birusarekin «kontu handiz» ibili beharko dela: «Bestela, negua hondamendia izan daiteke: sarraski erabatekoa».

Aditu guztiak bat datoz: Eguberriak salbatzea helburu jartzea akatsa da. Lopez-Goñik uste duposible dela Eguberriak ospatzea, baina argi izanda birusa kontrolpean izateko «arduraz» jokatu beharra dagoela. Basaras: «Bizitza eta osasuna dira lehentasunak». Bengoa: «Gabonak baino gehiago, bizitzak salbatu behar dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.