Koronabirusa

Osakidetzak atzeratu egin behar izan ditu «premiazkoak» ez diren ebakuntzak

Gutxienez bi aste iraungo du neurriak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUetako oheen %53 bete dituzte COVID-19az kutsatutakoek. 938 gaixo daude Hegoaldean

Gurutzetako ospitaleko ZIUen gunea. MARISOL RAMIREZ/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Koronabirusak kutsatutakoen oldeak ondorio larri bat ekarri du Osakidetzaren sareko ospitaleetan: premiazkoak ez diren ebakuntzak atzeratu egingo dituzte,gutxienez bi astez. Azken asteotan nabarmen egin du gora COVID-19agatik egoera kritikoan dauden gaixoen kopuruak, eta Osakidetzak ezohiko neurriak hartu behar izan ditu, osasun sistemaren gaineko presioa arintze aldera. Hori hala, ebakuntza onkologikoak, premiazkoak edo atzeraezinak baino ez dituzte egingo datozen bi asteetan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ESI erakunde sanitario integratuek batera hartu dute erabakia. Aurreko astean, hala ere, Osakidetzako hainbat ospitaletan hasiak ziren neurriak hartzen: besteak beste, Gipuzkoako zentroetako langileak eta oheakGasteizko Txagorritxura desbideratu behar izan zituzten koronabirusak gaixoturikoak artatzeko. Hain justu ere, Felix Zubia Donostiako ospitaleko ZIUetako sendagileak asteburu honetan azaldu du ebakuntza geletako langileekin ari zirela hornitzen zainketa intentsiboetako unitatea, eta litekeena zela horren ondorioz programaturiko ebakuntza asko atzeratzea.

Oraintxe biziki iluna da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUen gaineko presioa. 192 paziente dira Osakidetzaren ardurapeko zentroetako ZIUetan; hau da, aurreko egunean baino lau gehiago. Eusko Jaurlaritzakemandako datuen arabera, atzo 62 gaixo erietxeratu zituzten birusaren sintomak larriagotuta. Oro har, Hego Euskal Herriko osasun zentroen egoera makurra da oso. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak atzo jakinarazitako datua iazko apiriletik erregistratutako beltzena da: 230 paziente daude Hegoaldeko ZIUetan erietxeraturik. Guztira, 938 gaixo dira Hego Euskal Herriko ospitaleetan: Osasunbidean 178 paziente daude ospitaleratuta, eta Osakidetzan, 760. Azken bost hilabeteetako kopururik handiena da hori. Zehazki, azaroaren 16tik ez zegoen hainbeste paziente ospitaleetan koronabirusak jota: orduan 950 ziren.

Kontingentzia plana

Koronabirusak kutsatutakoen oldeak osasun sistema behartu du gaixo horiek denak artatzeko lekuak atontzera, eta bereziki ZIU zainketa intentsiboetako unitate gehiago prestatzera. Osakidetzak aktibatuta dauka ZIUetako kontingentzia planaren hirugarren fasea —bost fase dira guztira— Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitale guneetan. Bigarren fasean, ZIUetako 282 ohe okupatzeko aukera ematen zuen planak. Hirugarren fase honetan, Osakidetzako ospitale sareak kritikoen 363 ohe ditu zabalik, eta haietatik%53 COVID-19aren ondorioz ospitaleratutako pazienteek okupatzen dituzte: 192 ohe, guztira. Osakidetzako ZIUetako okupazioaren ehunekoa, gaixo guztiak aintzat hartuta, % 83 da gaur egun. Hau da, 363 ohe horietatik 302 daude okupatuta. Behar izanez gero, 427 ZIU postu atontzeko aukera ere badute osasun arduradunek hirugarren fase honetan. Laugarren fasea ezarriko balitz, zerbitzua are gehiago handituko litzateke —558 postu—, eta bosgarren fasea ere jasota dago kontingentzia planean: horren arabera, 692 ZIU ohe jar litezke, gehienez.

Martxoaren hasieratik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUetan koronabirusarengatik dauden pazienteen batez besteko adina 61 urtekoa da, Osasun Sailak emandako datuen arabera. Paziente gazteen kopuruak gora egin du, eta 80 urtetik gorako pazienteen kopurua murriztu egin da, txertoaren ondorioz.

Osakidetzak premiazko ebakuntzak atzeratzeko neurria ofizialki jakinarazi aitzin, ospitaleen egoera larriaz abisu eman zuen Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Herri Irratian. Azken asteotako kutsadura tasa handia dela ohartarazi zuen: «Ikusi beharko dugu datozen egunetan kurbaren zelai batera heltzen garen, baina, oraindik, kutsadura altuegia da». Kutsadura tasa handi horrek «sistema osoari tentsioa» eragiten diola azaldu zuen, «oinarrizko arretatik hasita, kontsulta gehiago baitaude, ZIUetaraino».

Sistemak gainezka egin dezakeela ikusirik, Errioxako Gobernua (Espainia) Osakidetzako sare asistentzialaren gaineko presioa arintzeko prest agertu zen atzo. Sara Alba Osasun kontseilariak adierazi zuen bere gobernua prest dagoela Osakidetzari laguntzeko, eta, behar izatekotan, gaixoak artatuko dituztela Errioxako ospitaleetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.