Afganistan
Gobernua osatzeko negoziazioak hasi dituzte talibanek

Inoizko gerrarik azkarrena izan da Afganistangoa. Izan ere, talibanek bi astean eta ia batere borrokarik egin gabe berenganatu dute herrialdea —hiri gehienetan aspaldian ari ziren talibanekin hitz egiten, nola amore eman adosteko—. Maiatzaren hasieran AEBetako tropen erretiratzea hastearekin batera, gogortu egin ziren Afganistango Gobernuaren eta talibanen arteko borrokak, eta berehala geratu zen argi Washingtonek trebatutako 300.000 soldaduak ez zirela gai izango borroka irabazteko. Hala, azken bi asteetan herrialdeko hiri nagusiak bata bestearen atzetik erori dira haien eskuetan, igande arratsaldean Kabulera heldu ziren arte.
«Jainkoari eskerrak, gerra amaitu da herrialde honetan», esan zuen igande iluntzean Mohammad Naeem talibanen bozeramaileak. Naeemek aurreratu zuen ez dela beren asmoa Afganistan bakartuta geratzea, eta datozen egunetan iragarriko dutela zer-nolakoa izango den herrialdea kudeatuko duen gobernu berria. Dena den, zehaztu dute ez dutela urratsik egingo atzerriko indarrak herrialdetik irten bitartean: «Gerrillariak probintzietako hiriburuetan biltzen ari dira, eta elkarrizketak hasiko ditugu gobernua eratzeko. Bien bitartean, hala ere, herritarrek normaltasunez jarraitu ahal izango dute».
Axraf Ghani presidenteak atzerrira ihes egin du ezkutuan, iturri ofizialek berretsi dutenez. Ghanik berak gerora zabaldutako ohar baten arabera, «odol gehiago isurtzea eragozteko» irten da Kabuldik —talibanek haren dimisioa eskatu zuten, inolako akordiorik izango bazen—. Gauza bera egin dute haren gobernuko beste hainbat ministrok ere, besteak beste, Defentsa ministro Bismillah Khanek eta haren hiru semeek. Ez dira, baina, guztiak ihesean joan: gobernuaren ordezkaritza bat Dohan da, talibanekin gobernuaren eskualdatzeaz hitz egiteko. 2001etik 2014ra bitartean Afganistango presidente izandako Hamid Karzai ordezkaritza horretako kideetako bat da.
Miliziek beren irudia hobetzeko ahalegina egin arren, Mendebaldeko estatu gehienek nahiago izan dute han dituzten ordezkaritzak hustu eta beren langileak lehenbailehen handik atera. AEBek asteburuan bertan hustu zuten Kabulgo enbaxada —Washingtonentzat lan egindako afganiarretatik 44.000, ordea, hiriaren kanpoaldean daude oraindik ere, noiz ebakuatuko dituzten zain—, eta asmo berarekin ari dira lanean Europako herrialde gehienak ere. Horiek hala, 60 estatuk baino gehiagok eskatu diete talibanei erraz ditzatela atzerriko langileak handik ateratzeko lanak.
Baina, atzerritarrak ez ezik, afganiarrak ere ez dira fio agintari berriez; besteak beste, askok beren azalean bizi izan dituztelako haien erabakien ondorioak. Hala, igande iluntzean milaka herritar Kabulgo Hamid Karzai nazioarteko aireportura sartu ziren, azken orduko hegaldiak hartzeko asmoz; gehienak han zeuden gaur goizean oraindik ere. Azken orduetan, gainera, sei hildakoren berri eman dute; ez dago argi tiroz hil dituzten edo jendetzak zapalduta hil diren. Aireportua AEBetako indarren kontrolpean dago oraindik ofizialki. Ihesaldi saioak irudi beldurgarriak utzi ditu.
Bien bitartean, aire konpainia handiak hegaldiak desbideratzen hasiak dira, airekoak Afganistan gainetik igaro ez daitezen. Gehienek Pakistan eta Irango aire eremuetara jo dute. Gainera, jakinarazi dute Kabulgo nazioarteko aireportutik irtetekoak ziren hegaldi komertzialak ere bertan behera geratu direla. Rakhshanda Jilali giza eskubideen aldeko ekintzaileak salatu du irten den azken hegaldi komertzialean atzerriko ordezkariei soilik utzi dietela sartzen: «Hau gure aireportua da, baina diplomazialariak dira hegazkinetara igotzen ari direnak, eta gu, berriz, zain gaude, eta inork ez digu azalpenik ematen».
Hiriburua hutsik iratzarri da gaur, bart gaueko milizien ospakizunen ostean. Kalean ez dabil ia inor —asko etxean ezkutatuta daude, eta beste hainbatek ihesari eman diote—, eta gerrillariak etxez etxe dabiltza arma bila. Miliziek eurek jakinarazi dutenez, indar berezietako mila kide inguru heldu ziren herenegun hirira, eta haien kontrolpean dago segurtasuna. Armadako soldaduei dagokienez, gehienek beren burua entregatu zuten, eta beste askok zibilez jantzita ihes egin zuten hiriburutik.
Berrespena erabakiari
AEBetako presidente Joe Bidenek defendatu egin du Washingtonen estrategia, agerraldi batean. Bere aliatu direnen funtzionarioak herrialdetik ateratzen lagundu ostean, «misio militarra» amaitutzat emango dutela jakinarazi du. Haren arabera, duela bi hamarkada Afganistanera tropak bidaltzearen helburua AEBen aurkako erasoak geldiaraztea zen, eta inolaz ere ez «nazioa eraikitzea». Gainera, kritika egin die Ghaniri eta AEBetako tropek trebatutako Afganistango soldaduei. Presidenteari egotzi dio laguntza diplomatikoa baztertu izana, eta soldaduei, borrokarako borondaterik ez izatea: «Ezin diegu eskatu tropa amerikarrei tropa afganiarrek egin nahi ez duten gerra batean parte hartzea»
Kritikak kritika, zenbait herrialdek dagoeneko aitortu dute talibanen garaipena. Txina eta Iran izan dira horietan lehenak. Pekinen kasuan, gobernuak uztailean aurreratu zuen Afganistanen «egonkortasuna» zela lehentasun nagusia, eta hitza berretsi zuen atzo, esanez prest dagoela talibanen gobernuarekin harreman onak garatzeko. «Txinak errespetatzen du beren etorkizuna modu independentean erabakitzeko afganiarren eskubidea... Horregatik, Afganistanekin adiskidetzan oinarritutako harremanak garatzen jarraituko dugu», nabarmendu du Hua Chunyingek, Atzerri Ministerioko eledunak.
Irango presidente Ebrahim Raisik ere adiskidetze nazionalerako deia egin zuen: «Iran eta Afganistan, auzokoak ez ezik, anaiak ere badira. Amerikaren erretiratze azkarra porrot militar bat da, baina baita bizitza, segurtasuna eta bake egonkorra berreraikitzeko aukera bat ere». Iranek eta Afganistanek 600 kilometroko muga partekatzen dute, eta auzoko herrialdea 800.000 iheslari afganiarren eta paperik gabeko bi milioi afganiarren aterpea da. Haietako askok Sobiet Batasunaren okupazioa hasi zenean jo zuten Iranera babes bila.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.