Albistea entzun

Kurdistan

Aurrera doa Turkiaren okupazioa

Turkiak gogortu egin ditu Siriaren menpeko eskualde kurduaren aurkako erasoak azken bi hilabeteetan. Milaka mertzenario lekualdatu dituzte herritarrek hutsik utzitako etxeetara
Turkiak gogortu egin ditu Rojavaren aurkako bonbardaketak azken asteetan. Argazkian Zirgan herrirako sarrera, Siriaren menpeko Kurdistanen.
Turkiak gogortu egin ditu Rojavaren aurkako bonbardaketak azken asteetan. Argazkian Zirgan herrirako sarrera, Siriaren menpeko Kurdistanen. ORSOLA CASAGRANDE Tamaina handiagoan ikusi

Orsola Casagrande -

2021eko abuztuak 24

Zaila da egunotan Rojava iparraldean eta ekialdean Interneten ibiltzea. Argindar orduak gutxi dira, Administrazio Autonomoak ahaleginak egin arren. Turkiak iturria ixten jarraitzen du Eufrates ibaian dauden urtegietan, eta Siriaren menpeko eskualde kurdu askok bi arazo dituzte: ur eskasia eta argindarrarena.

Turkiak ura baliatzen du bertako herritarren aurkako arma gisa. Uda bero honetan —42 gradu ere izan dituzte—, iturria ixtea krimen bat da bere horretan, baina oraindik gehiago ere bada kontuan izanik Siria iparraldea eta ekialdea, gainontzeko lurralde guztiak bezala, koronabirusaren beste olatu bat jasaten ari direla. Ia bi milioi eta erdi pertsonari eragiten die ur eskasiak Raqqa, Heseke, Deir ez-Zor eta Kobane eskualdeetan. Edateko ura lortzeko zailtasunek osasun arazoak eragiten dituzte eta gaitzak zabaltzen. «Baina Turkiak ez du bakarrik ura mozten. Egunero bonbardaketak ditugu hemen, Ayn Isan, Til Temirren, Zirganen eta Manbijen», azaldu dio BERRIAri Sherrek, zeina Berxwedango kanpalekuko kanpadenda batean bizi den senarrarekin eta hiru alabarekin, urtebete, 2 urte eta 6 urtekoak.

Turkiak 2018ko martxoan okupatu zuen Afrin, eta Shehban bizi dira hango desplazatuak. «Uste dut 2018tik ahaztu egin dugula zer den lo egitea. Gauero, gehienez ere, bi orduko atsedena lortu ohi dugu. Baina dagoeneko ez naiz gogoratzen zer den 5-6 ordu jarraian lo egitea. Eta arraroena da ez dudala ametsik egin Turkia Afrin bonbardatzen hasi zenetik», dio Sherrek.

Zirganen bonbardaketak gogortu egin dira azken bi hilabeteotan. SDF Siriako Indar Demokratikoetako Komando Nagusiak esan zuen atzo komunikatu batean AEBek eta Errusiak, potentzia bermatzaile gisa, esku hartu beharko luketela tripulaziorik gabeko Turkiako hegazkinek egindako erasoen aurka. «Turkiako Estatuak Serekaniyen eta Gire Spinen egindako erasoen ondoren, su-eten bat adostu zen, eta AEBek eta Errusiak hartu zuten hura bermatzeko ardura. Baina Turkiako Estatuak inoiz ez du bete, eta zibilei erasotzen jarraitu du. Nazioarteak esku hartu behar du ahalik eta azkarrena. Eraso horiek gelditzea oso garrantzitsua da eskualdeko bakerako eta segurtasunerako», azaldu zuen SDFko eledun Aram Henak.

Abuztuaren 17an, emakume bat eta haur bat hil ziren eta dozenaka zibil zauritu Turkiaren erasoaldietan. Uztailetik Turkiarekin lotutako mertzenarioak Zirgan inguruko herrixkei erasotzen ari dira; inguru hartan dauden 60 herrietatik 28 okupatu dituzte dagoeneko. Gutxienez 150.000 pertsonak utzi behar izan dute bere etxea. Atzo, berriz, Qamixli eta Al-Jat bonbardatu zituzten, bigarren hori Manbijetik gertu.

Mertzenarioek egunero bonbardatzen dute Zirgan, arma astunekin eta suziriekin. Telefonoz honela dio Azab B. irakasleak: «Eskola bat ere bonbardatu dute. Turkiako Estatuaren helburua da bertako herritarrak kanporatzea. Okupatzaileek aldatu egin nahi dute Zirgango egoera demografikoa, aurrez Afrinekin, Serekaniyerekin eta Gire Spinekin egin zuten moduan». Hiru eskualde horietara lekualdatu zituen Turkiak milaka mertzenario eta haien familiak, eta ihes egitera behartutako herritarren etxeetan egin zien tokia.

Azadek gogoratu du nola Siriako gerraren hasieran, 2012an, Al-Nusra fronteak hartu zuela Zirgan, Herriaren Babes Unitateek (YPG) 2013an askatu zuten arte. 2019ko urrian, Turkiak eta haren mertzenarioek Serekaniye eta Tel Abyad hiriak hartu zituztenean, saiatu ziren ere Zirganen sartzen, baina ez zuten lortu. Orduz geroztik, hiriari erasotzen jarraitzen dute, eta Turkiaren aldeko taldeen eta kurduek kudeatutako SDFren arteko borroken gune bilakatu da.

Azadek nabarmendu du azken egunetan kilometro eskas batek bakarrik banatzen dituela SDFren indarrak eta Turkiaren aldeko mertzenarioenak. «Herritarrek ez dituzte beren etxeak utzi nahi. Aurrekoan [abuztuaren 17an] Turkiak eta haren mertzenarioek egindako beste krimen baten lekuko izan ginen. Zibilen etxeak bonbardatu, eta ama bat eta haren haurra hil zituzten. Turkiak zibilei erasotzen die Administrazio Autonomoa menderatzeko asmoz, baina herritarrak ez daude prest hainbeste urteko sufrimendua eta errepresioaren ondoren lortutako garaipenei eta askatasunari uko egiteko. Administrazio Autonomoak jendearen sostengua du, eta hori da Turkiak jasan ezin duena».

Zozanek deitu du Zirgandik, eta abuztuaren 17an bizitakoaz hasi da hitz egiten. «Familia guztia etxean zegoen: ni, senarra eta haurrak. Bat-batean suziri bat erori zen etxe ondoan. Haurrak negarrez hasi ziren. Senarrak eta biok jateko zerbait hartu genuen eta sotora jaitsi ginen haurrekin. Baina sotoan jaten ari ginen bitartean, beste suziri bat erori zen bizilagunaren etxean. Odola ikusi nuen, eta ohartu nintzen semea zaurituta zegoela. Bizilagunen oihuak entzun, eta etxetik lasterka irteten ikusi nituen. Haurrak negarrez zeuden. Erabaki genuen senarra saiatuko zela bizilaguna eta gure semea erietxera eramaten, eta ni, beste bizilagunak eta sei haurrak sotora joango ginela».

Zozanek eta bere familiak Zirgango beren etxeko sotoan jarraitzen dute. «Eta nora joan ahalko ginateke? Gure etxea bakarrik dugu. Nire bizilagunak erietxean jarraitzen du, eta gu hemen gaude».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ROMINA LEMA

«Abortua ez dago bermatua lurralde guztietan»

Romina Lema

Mediku eta ekintzaileak salatu du Argentinako Gobernuak ez zuela inolako kanpainarik egin haurdunaldia borondatez eteteko eskubidearen inguruan informazioa emateko.
Huthien aldeko yemendarrak, ostiralean, azken bonbardaketak salatzeko manifestazio batean, Sanan. ©YAHYA ARHAB / EFE

Yemengo azken bonbardaketak ikertzeko eskatu du NBEk

Gorka Berasategi Otamendi

Nazioarteko koalizioak migratzaileentzako zentro bat suntsitu du, eta gutxienez 70 lagun hil ditu

Abortuaren kontrako mobiliazaioa, atzo, Washingtonen (AEB). ©SHAWN THEW

Milaka herritarrek protesta egin dute Washingtonen abortuaren kontra

Uxue Rey Gorraiz

Amerikako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak haurdunaldia eteteko eskubideari buruzko erabakia hartuko du datozen hilabeteetan. Ia mende erdia da abortua herrialde osoan legeztatua dela; eskubidea kolokan da orain.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.