Albistea entzun

Beiruteko portuko leherketa

«Zauriak ezin dira sendatu justiziarik gabe»

Bi urte dira Beiruteko leherketa gertatu zela, eta oraindik ez dute inor kondenatu. Biktimen abokatuek salatu dute gobernuko kideak eurak ari direla justizia oztopatzen, eta sistema judiziala ez dela independentea.

Hainbat lagun leherketak hondatutako eraikinetako bati begira.
Hainbat lagun leherketak hondatutako eraikinetako bati begira. JOAN CABASES VEGA Tamaina handiagoan ikusi

Joan Cabases Vega -

2022ko abuztuak 4 - Beirut

Arratsaldeko seiak eta zazpi minutu zirela gertatu zen dena. Udako egun bat zen, eta asko zerbait hartzera joatekoak ziren, eguna hondartzan pasatu ondoren. Beste batzuk, berriz, lanetik irten eta etxera zihoazen, familiarekin elkartzera. Inork espero ez zuena bidean topatu zuten arte. Leherketa hain izan zen handia, non denek pentsatu baitzuten bonba bat lehertu zela beren bizitokian bertan.

Beiruteko portuaren inguruko auzoak beldurrezko film bihurtu ziren. Batzuk negarrez, beste batzuk batera eta bestera odoletan, eta asko beren kabuz ibili ezinik. Ateak eta leihoak airean irten ziren alde guztietara, eta beirutarren gorputzak jo. Hirian anabasa zabaltzen ari zen, eta Beirut hautsezko hodei batean zegoen.

«Hiroshima edo Nagasaki ematen du». Horiek izan ziren Beiruteko orduko gobernadore Marwan Abbuden lehen hitzak 2020ko abuztuaren 4ko arratsaldean. Kristalak zapaltzen zituen bitartean eta negarrari ezin eutsiz, Abbudek aitortu zuen inoiz ez zuela ikusi halako hondamendirik.

Beiruteko portuko leherketak triskantza handiagoa egin zuen segundo gutxi batzuetan, gerra zibilak hamabost urtean baino. Eztandak 218 pertsona hil zituen gutxienez, eta 7.000 baino gehiago zauritu. 300.000 lagun baino gehiago etxetik bota zituen, aldi baterako behintzat. Guztiaren jatorria: ehunka tona amonio nitrato lehertu ziren, 2013az geroztik Beiruten bihotzean biltegiratuta zegoen lehergai bat.

Laster argitaratutako dokumentu batzuek frogatu zuten ministerio askok bazekitela portuan amonio nitratoa zegoela, baina ez zutela ezer egin. Human Rights Watch erakundeak, 2021eko abuztuan argitaratu zuen ikerketa anbiziotsu batean, ondorioztatu zuen politikari batzuena zela gertatutakoaren erantzukizuna. Dokumentu horretan, leherketaren aurretik edo leherketa gertatu zenean gobernuko kide ziren zenbait gizon seinalatu zituzten: Ali Khasan Khalil Finantza ministro ohia, eta Ghazi Zeaiter eta Yussef Fenianos Lan Publikoetako ministro ohiak, besteak beste. Horiek guztiek bazekiten arriskutsua zela hangarrean lehergailuak izatea, hala portuarentzat nola hiriarentzat. Haietakoren bat garaiz jarri zuten jakinaren gainean, 2014. urtean.

Ebidentzia horiek eduki arren, hondamendia gertatu eta bi urtera ez dute inor ere kondenatu. Izan ere, ikerketa judiziala ez dago martxan. Kasua daraman epaileak, Tarek Bitarrek, zazpi hilabete daramatza lanik egiteko modurik gabe, klase politikoak ikerketa blokeatzea lortu baitu.

«Gobernua ikerketa sabotatzen ari da, eta kasua berriz martxan jartzea eragozten», azaldu du Ghida Frangieh abokatuak. Legal Agendako kidea da, Libanon sistema judizialaren funtzionamendu egokiaren alde egiten duen erakundeko kidea. «Finantza Ministerioak ez du sinatu nahi Libanoko auzitegirik gorenean epaileak jarriko lituzkeen dekretu bat, hau da, Kasazio Auzitegiko Batzar Nagusian», azaldu du Frangiehk. «Eta auzitegi hori gai litzateke ministro ohiek aurkeztutako salaketei aurre egiteko. Beraz, kasua etenda dago politikariek hala eskatu dutelako».

Frangiehk salatu du sistema judiziala ez dela independentea inondik ere, eta horrek ekartzen duela herrialdeko boteretsuak gai sentitzea epaileei mehatxu egiteko. Portuko leherketagatik edo gerra zibilean egindako krimenengatik, epaileei eraso egiten zaie haien aurkako auzi eskeak aurkeztuz, baita prentsan difamazio kanpaina handiak eginez ere. Urteetan eta urteetan, nazioarteko auzitegietan ebatzi dituzte Libanoko kasu garrantzitsuak, uste baitzen hango sistema judiziala ez zela gai izango kriminalak ikertzeko, eta ez zuela horretarako borondaterik izango: «Ondorioa da ez dugula sortu krimen garrantzitsuak ikertzeko gai den sistema judizialik». Gogoeta egin du Frangiehk: «Portuko ikerketaren bidez, Libanon justizia egiteko gai izango den sistema judizial bat sortu nahi dugu, nazioarteko auzitegien mende egon gabe».

Atzerrian ematen ari dira, ordea, Libanoko ikerketa berriro abiatzeko pausoak. Hildakoen bederatzi senideren izenean, Suitzako Accountability Now fundazioak amonio nitratoa Beirutera eraman zuen enpresa salatu du Texasen. Helburua zera da, konpainia horren eta Libanoko agintarien arteko harremanak ezagutaraztea. «Biktimek Beiruteko portuko leherketa eragin zuen ustelkeria sarea ezagutarazi nahi dute», esan du fundazioko abokatu Zena Wakimek. Baieztatu du zalantzazkoa dela Libanoko Energia Ministerioak eta Spectrum enpresak —lehergailuak eraman zituena— sinatutako kontratua: «Industria sismikoko enpresa batek zergatik pleitatu zuen 2.750 tona lehergai zeramatzan ontzi bat Beirutera, Siriako gerra etenda zegoen garaian?», galdetu du Wakimek.

Bien bitartean, Beiruten bizi diren milaka pertsona borrokan ari dira trauma hori atzean uzteko: «Oso zaila da aurrera egitea heriotza ikusi duzun leku batean, lazgarrikeria bat ikusi duzunean», esplikatu du Myriam Zarzur psikiatrak, Libanon osasun mentalaren alde lan egiten duen Embrace taldeko kideak: «Askok esan digute jada ez direla portuaren inguruan bizi edo Libanotik alde egin dutela, zer gertatu zen ez gogoratzeko». Hala ere, Zarzurrek argitu du, arranguraz, egungo egoeran ezinezkoa dela mina gainditzea: «Zauriak ezin dira sendatu justiziaz hitz egin gabe».

Ikusi gehiago: Bere historiaren aurka borrokan

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Dnipropetrovsk eskualdeko Marhanets hirian eraikin baten irudia, herenegungo bonbardaketaren ondoren. ©EFE

Hamahiru lagun hil dira Ukraina ekialdeko bonbardaketetan

Zuriñe Iglesias Sarasola

Eremu hondatua Zaporizhiako zentral nuklearretik hogei kilometrora dago. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak esan du ez dagoela berehalako mehatxu nuklearrik
Eskoziaren independentziaren aldeko hainbat ekitaldi egin dira urteotan. Irudian, 2018ko abuztuan Glasgown eginikoa; 35.000 herritarrek parte hartu zuten. ©EFE
 ©NOS DIARIO

«BNG izan liteke PPren alternatiba 2024ko hauteskundeetan»

Maria Obelleiro

'Nos Diario'-ri emandako elkarrizketan, Galiziako estatutuak Xuntari eta Parlamentuari ematen dizkien ahalak eta eskumenak «barrendik hustu» izana egotzi dio Beiras buruzagi nazionalistak Feijoori.
Martxo bukaeran 1.200 metro koadroko izotz plaka bat askatu zen Antartika ekialdean, eta icebergetan zatitu. ©NASA

Antartikako izotza salbatzeko, garaiz da, baina azken aukera izan liteke, zientzialarien arabera

Mikel P. Ansa

Batez besteko tenperatura bi gradu igoko balitz, munduko izotz geruzarik handiena urtzeko prozesua bizkortu egingo litzateke, eta horrek itsasoaren maila hazaraziko luke: bost metro ere haz liteke 2500erako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...