ANALISIA

Sustraiak eta isiltasunak

Oihana Teyseyre Koskarat -

2019ko azaroak 6
Emakume bat hil du bikotekideak Baionan. Feminizidio bat gehiago, eta emakume bat gutxiago. Urte hasieratik, lau emakume hil ditu bortizkeria matxistak Euskal Herrian. 2003. urtetik, Lapurdin, 22 gizonek 22 emakume erail dituzte. Patriarkatuaren sustraietatik hezitako gizonek. Eta ez dira munstroak, ez: senarrak dira, bikotekideak, aitak, semeak, anaiak. Patriarkatuaren tututik hazi, hezi eta elikatu direnak.

Badira patriarkatuaren erroak sendoki atxikitzen dituztenak. Ez zikintzearren isilik egoten direnak, konplizeak; instituzioak, estatuak, justizia... Hilketa matxisten inguruan, prozedurak aitzakia gisa hartuta, isiltasuna da nagusi. Pentsa, larunbatean gertatu eta asteartean izan da Baionako hilketaren berri. Oraindik, izen-abizenik ez du biktimak; bizitokirik ere ez. Anonimotasunaren zulo beltzean erori balitz bezala. Hiltzaileari buruz ere, informazio gutxi. Beste hilketa batzuetan, minutu gutxiren buruan azaltzen dira informazioaren esferan aferaren nondik norakoak. Feminizidioen kasuan, isiltasuna: gizartearen sintomak kukutzeko bezala. Eta gordetzen laguntzeko, hitzak: «familia drama», «maitasun krimena» eta parekoak.

Indarkeria matxistagatik Poliziaren ezaguna zen larunbatean emaztea hiltzeagatik atxilotutako gizona. Galdera bat dakar horrek: eragotz ote zitekeen, eragozteko zer egin ote duten. Zer neurri hartzen ari diren indarkeria matxistaren ertz guztiak sustraitik ateratzeko: bortxaketak eragozteko, eta kolpeak, eta erasoak, eta hitz gogorrak, eta jazarpenak. Matxismoak hil egiten baitu. Eta jada hasi da atzerako kontua, hurrengoa non izango den: 102 emakume izan dira 2003tik.

Eskularruak jantzi, eta sustraiak errotik ateratzeko garaia da. Eta isiltasunak haustekoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna