Katalunia. Epaiketak

«Inhabilitazioa Kataluniako autogobernuaren aurkako atentatu larri bat da»

ANCk eta Omnium Culturalek deituta, milaka herritarrek protesta egin dute Espainiako Gorenaren erabakiaren aurka hainbat udaletxeren parean

Milaka lagun Bartzelonan, atzo, Torraren inhabilitazioaren aurkako protestan. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Erredakzioa
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun

Mugimendu independentista Kataluniako kaleetara itzuli zen atzo protesta egitera, oraingoan Espainiako Auzitegi Gorenak Quim Torrari baieztatu dion urte eta erdiko inhabilitazioaren aurka egiteko. Irudi deigarriena Generalitatearen egoitzaren parekoa izan zen, Sant Jaume plazan egindako manifestazioak utzitakoa: milaka herritarrek babesa helarazi zioten Torrari, hura adierazpen instituzionala egitetik atera zenean —preso independentistak aske uztea eskatzen zuen afixa bat zuen eskuan—. «Presidentea», «independentzia» eta «kanpora, kanpora Espainiako bandera» gisako oihuekin hartu zuten politikari independentista, ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak eta Omnium Cultural elkarteak deituriko protestan; Omnium haserre agertu zen Espainiako Gorenarekin: «Inhabilitazioa Kataluniako autogobernuaren aurkako atentatu larri bat da».

Manifestazioen atarian, Jordi Cuixart buru duen elkarteak salatu zuen Espainiako auzitegiaren erabakia «estatuaren botereen hamaikagarren mendekua» dela «independentismoaren aurkako gerra gordinean». ANC ere kritiko agertu zen sententziarekin, eta herritarrei eskatu zien Kataluniako Gobernua osatzen duten bi indar independentistei, Junts per Catalunyari eta Esquerra Republicanari, exijitu diezaietela «erantzun biribil bat».

Gerora, Marcel Mauri Omniumeko presidenteordeak adierazi zuen atzokoa egun «tristea» zela, eta Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia «Kataluniako herriaren subiranismoaren, adierazpen askatasunaren eta demokraziaren» aurkako eraso gisara deskribatu zuen. Elisenda Paluzie ANCko presidenteak bide beretik jo zuen Torraren inhabilitazioa kritikatzerakoan, eta erakundeekiko kritika bat gaineratu zuen: «Biltzarra ez dago pozik erantzun instituzional eta politikoarekin. Beste behin ere, gertaturikoa onartzea erabaki dute. Egitasmo politikorik eta proiekturik gabe jarraitzen dugu».

Bi elkarte horiek deituriko manifestazio batzuetan izan ziren CDR errepublikaren defentsarako batzordeak ere, eta horiek hiriburuan beste protesta bat antolatu zuten, Sententzia ditzagun lelopean; mossoek protesta horretan parte hartzen ari zen CDR bat atxilo eraman zuten.

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren egoitzaren aurretik pasatu zirenean, hasieran, ez zuten horren aurkako ekintzarik egin —mossoak zituzten parez pare—. Halere, poliziek erabaki zuten inguruko Pau Claris kalea ixtea, manifestariak egoitza horretara ez hurbiltzeko helburuarekin; horren ostean, CDRek petardoak bota zituzten, eta barrikadak eraiki zituzten inguruan aurkitu zituzten landareekin. Mallorca kalean, bien bitartean, txerrien buruak bota zizkieten mossoei. Gironan, batzorde horietako kideek Espainiako bandera bat erre zuten.

Beste hainbat ekintza ere izan ziren manifestarien artean: kostaldeko Vilassar de Marren, esaterako, bizilagunek N-II errepidea moztu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.