Euskara. Lasarte-Oriako egoera

Ereindakoaren fruituak ontzen hasteko garaia

Euskarak aurrerapen nabarmena egin du azken hamarkadetan Lasarte-Orian. Immigrazioaren eragina oso bistakoa izan zen 1960ko hamarkadaren bueltan. Aurrerapauso horretan zuzeneko zerikusia izan du euskara indartzeko asmoz sortutako mugimenduak. Ezagutza erabilerara eramateko erronka dute orain.

Garikoitz Goikoetxea -

2016ko abuztuak 4
Erronka handia jarri dute Lasarte-Orian euskararen erabilera areagotzeko. Horrelako egitasmo bat martxan jartzeko egoera lortu dute aurreko urteetan. Nabarmen egin du aurrera euskararen ezagutzak; batez ere, gazteen artean, eskolaren bitartez. Herrian sortutako mugimenduak zuzeneko zerikusia izan du horretan. Maratoia da horren lekuko nagusietako bat. Ezagutza zabaltzearekin batera, erabilera handitzea dute erronka.

1980ko hamarkadan jarrita begirada, oso bestelakoa zen Lasarte-Oriako egoera. «Ez ginen herri ere. Bost udaletan zatituta geunden. Bertan behera utzita egotearen sentimendua zegoen». Mailu Arruti mintzo da; AEK-ko irakasle eta Ttakun euskara elkarteko kide izan zen herrian. «Etxe multzo bat» zen hura, haren esanetan. «Jende pilaketa bat. 1960ko hamarkadan kontrolik gabe eraiki zen; batez ere, Michelinen lantegiaren inguruan». Immigrazio urteak ziren. Milaka lagun heldu ziren kanpotik, batez ere Espainia aldetik. Aldaketa nabarmena eragin zuen horrek Lasarte-Orian.

Azpiegitura arazo handiak zeuden: osasun etxeak falta ziren, eskolak, ura etxeetan... «Bestelako egoera bat» zen hura oraingoarekin alderatuta. Hori nabarmendu du Jone Miren Hernandez antropologoak; Euskara, komunitatea eta identitatea. Transmisio eta transgresio elementuak doktore tesian aztertu zuen herrian izandako aldaketa. Bi komunitateen ideiak indar handia zuen Lasarte-Orian: euskaldunak eta erdaldunak. Bereizketa hori fisikoki ere nabari zen, Arrutiren esanetan: «Bi auzo handi sortu ziren. Komentuan zegoen muga: handik Andoain aldera, oso euskaldun gutxi zegoen». Hernandezek uste du, hala ere, «bestelako bereizketa batzuk» ere bazeudela: «Baserritarrak eta kalekoak, adibidez».

Erdaldunak eta Olentzero

Euskararen egoera ona ez zela datuek argi erakusten dute. Herritarren laurden bat pasa ziren euskaraz egiteko gai. Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko zuzendari teknikoa da, Zumaburu auzoan jaioa. «Gehienbat, Michelinera lanera etorritako jendez osatutako auzoa da». Datu bat eman du euskarak zuen lekuaren erakusle: «Gure atarian 28 etxe ginen, eta haietatik euskaldunak ginen gu eta beste baten zati bat». Adierazi du herrian «oso lokalizatuta» zeudela euskaldunak: ikastola zuten gune nagusietako bat. «Familia euskaldunetatik edo nahiko euskaltzaleak ziren familia erdaldunetatik joandakoak ginen. Gutxiengoa».

Datuek argi diote hori. 1986an, bost ikasletik bakarra ari zen euskaraz ikasten. Aurreko urteetan, are gutxiago. Gehienak ziren erdal adarrekoak. «Olentzero zein zen ere ez zekiten Lasarte-Oriako haur gehien-gehienek. Etxean gaztelania zuten hizkuntza, eskolan justu ikasgai bat zen, eta kalea basamortua zela esango nuke». Joxe Mari Agirretxe Porrotx mintzo da. Irakasle ikasketak eginda, umeekin ari zen ordurako; Olentzeroren jaia egin izana gogoan du.

Lasarte-Oria Berreuskaldundu Dezagun taldea abian zen 1980ko hamarkadaren erdialdera. Tartean zen Agirretxe. Gogoan du hasierako helburuak zein ziren: Donostia eta Tolosa arteko autobus berdeen errotulazioa euskaraz jartzea, herriko kale izendegia ere euskaratzea... «Poesia gutxi eta aktibismo asko. Gauza zehatzak eta helburu txikiak jarriz, eta ahal izanez gero, betez». Hari horretatik tiraka sortu zen, hain justu ere, Takolo, Pirritx eta Porrotx taldea. 1987a zen. Eta oraindik ere ari dira.

Beste egitasmo bat ere sortu zen talde haren jiran: euskararen maratoia. 1986an egin zuten lehenbizikoa. Agirretxek azaldu du hasierako ideia Agustin Mujika Takolo-k ekarri zuela. «Paper batean margotu zituen oholtza bat, mikrofono bat, kanpin denda bat eta komun bat. 40 orduko jai bat egitea proposatu zuen: etengabe euskaraz egiteko erronka». Duda handiak sortu ziren: «Ez genekien kapaz izango ginen, ez genekien Lasarte-Orian zenbat jendek hitz egiten zuen euskaraz...». Xedeak bete zituzten: 40 orduko jarduna osatu zuten etenik gabe. «1.200 pertsona inguru igo ziren oholtzara. Arrakasta izan zuen».

1988an egin zuten bigarrena, eta, harrezkero, lau urtean behin egiten dute. Bederatzigarrena da aurtengoa. Zortzikote bat arduratzen da ekitaldia dinamizatzeaz. «Genero ikuspegitik parekidea da, euskaldun zaharrak eta berriak daude, ideologikoki aniztuna da, eta adin ezberdinetako jendea dago». Zortzikoa aldatu egiten da aldi batetik bestera; Agirretxe bera, ordea, hasieratik dago, eta aurten ere hor ari da. Talde horrek «pisu handia» zuela azaldu du: «Herri mugimendua kultura aldetik ez zen indar handikoa. Eta herria bitan banatua bezala zegoen: komunitate euskalduna eta erdalduna. Komunitate erdalduna askoz handiagoa zen. Banaketa geografiko eta kulturala zen». Bi eguneko maratoia zen. «Esaten genuen: 'Bihartik aurrera denok euskaraz!'. Baina bihartik aurrera herriak berdin segitzen zuen nagusiki gaztelania erabiltzen».

Elkarlanerako bideak

Beste pauso bat 1991n iritsi zen, Ttakun euskara elkartearekin. Horrelako taldeak sortzen ari ziren beste herri batzuetan ere. Lasarte-Oriaren kasuan, Iñaki Arruti izan zen bultzagile nagusia, Suberbiolak azaldu duenez. «Gero izango zituen balioak jarri ziren: aniztasuna, euskara zentroan jartzea diferentzia politikoak onartuz... Ez zegoen asko argumentatu beharrik Lasarte-Orian bizitza euskaraz egitea ez zela erraza; denok genekien». Datu bat du bereziki gogoan Suberbiolak: «Txosten bat pasatu ziguten, eta bazegoen datu bat: gazteen erabilera %1,2 zen. Bagenekien baxua zela, baina datuak alarma piztu zuen».

Orduko ilusioa du gogoan Hernandezek: «Hizkuntzarekin lotuta sortu zen Ttakun; bereizketen gainetik, baziren halako elementuak». Errespetua aipatu du Suberbiolak: «Esplizituki aipatu zen joera desberdinak onartzea».

Itun bat zegoen herrian. «Idatzi gabeko itun bat», Arrutik dioenez. Udalean PSE zegoen alkatetzan, gehiengoarekin. «Euskararekin ez zuen aurrez aurre jartzeko jarrerarik; egiten uzten zuen. Izatez, euskara atala beste alderdietako zinegotziei uzten zien». Herri mugimenduan ohartu ziren egoera zein zen: «Ikusita zer herri profil zegoen, urteetan ez zela aldatuko udaleko egitura, bat egin zuten hizkuntzaren alde». Antzeko ikuspegia du Suberbiolak ere: «Lasarte-Orian lortu izan da euskararen aldeko dinamika bat, euskaldunagoak ziren herrietan lortu ez dena. Horretan abantaila bat izan genuen: PSEren gehiengo absolutuarekin eta euskaldunak gutxiengo garbia izanda, errazagoa zen elkartzea». Euskararen egoerak eginarazi du lana, Agirretxeren esanetan: «Beharretik aktibatu da herri ekimena. Askotan esaten dut txantxetan gu garela Gipuzkoako Sartaguda».

Aldaketa nabarmenak

Bideak eman du fruitua: euskara ulertzen ez dutenen kopurua erdira jaitsi da, erabilera ia bikoiztu egin da, eta umeen artean erabat zabaldua dago euskararen ezagutza. Eskolatik jaso dute, batez ere. «Oso desberdina da egoera. Garapena egon da. Orain ere jartzen gara pesimista, baina lortutakoa ezin da ahaztu. Gogoan izan behar da, adibidez, euskaraz ikasteko aukerarik ez nuela izan nik», azaldu du Hernandezek. Irakasle aritu zen Arruti AEKn. «Urte dezentez egon ginen talde bat. Gure kargu hartu genuen, oso egoera kaskarrean aritzen ginen. Energia asko jarri genuen. Kalea asko landu genuen: motibazioa, aldeko jarrera bultzatzea... Sekulako poza hartzen dut eskoletatik pasatutako jendea euskaraz entzunda. Gauza asko daude egiteko, baina merezi izan zuen. Orduko fruituak jasotzen ari gara orain».

Ezagutzan emandako aurrerapauso horiek erabileran gehiago nabaritzea da hurrengo erronka; hori da Irten armairutik egitasmoaren asmoa. Euskaraz arituko diren guneak sortzearen garrantzia aipatu du Agirretxek, eta nabarmendu du pauso handiak eman dituztela azken urteetan: bertso eskola, antzerki eta dantza taldea, abesbatza, literatura txokoa, solaskide saioak... «Gaur egun euskaraz sortzen eta antolatzen den kultura da hegemonikoa. Herriari eta haren nortasunari buelta eman dio». Kanpoan ere nabaritu dute: «Eskualdean herri erdaldun eta nortasun gutxiko gisa ikusten zen Lasarte-Oria; orain beste begi batzuekin ikusten da eskualdean eta kanpoan».

Eboluzioa kontuan hartzekoa dela dio Soziolinguistika Klusterreko kideak. «Lasarte-Orian egin den transformazioa Euskal Herriko beste leku batzuetan egingo balitz, dezente aldatuko litzateke egoera». Gaztelania da hizkuntza nagusia herrian oraindik, baina euskarak «zentralitatea eta legitimitatea» lortu du, haren iritziz. Hori aintzat hartu behar da: «Zailtasunak zein diren badakigu. Lorpenak gehiago baloratu behar dira, ematen zaiena baino garrantzi gehiago eman».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna