Beste astebete beharko du Mahaiak Aznarezen egoeraz erabakitzeko

Esparzak auzitan jarri nahi izan du Parlamentuko Mahaiak legelariari txosten juridikoak eskatzea, baina Geroa Baik, EH Bilduk, PSNk eta Ezkerrak atzera bota dute UPNk aurkeztutako errekurtsoa

joxerra senar
Iruñea
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Beste zazpi egun irabazi dituzte.Orain Baik Ahal Dugu-ko hiru parlamentariak kaleratzeko erabakia aurkeztu ondotik, iragan asteko bileran eskaera hori juridikoki aztertzeko txostena eskatu zuen Parlamentuko Mahaiak. Denbora irabazteko trikimailua zela salatuta, presio neurri gisa, UPN ahalegindu zen erabakia bizkortzen, eta errekurtsoa aurkeztu zuen txosten juridikoa eskatzearen aurka. Atzo, astero legez, organo horren eta talde guztietako eledunen bileran, legelari nagusiak azaldu zuen errekurtsoa ez zela beharrezkoa. Hala ere, eledunen batzordean gehiengoa zuela pentsaturik, UPNk bozketa eskatu zuen. Ezustean, PSNk bat egin zuen Geroa Bairekin, EH Bildurekin eta Ezkerrarekin. Ondorioz, Ainhoa Aznarezek, gutxienez, beste astebete jarraitu ahalko du Nafarroako Parlamentuko presidente gisa.

Mugimendu horren aurrean, PSNko Maria Txibitek argudiatu zuen «errespetu osoa» zor diela legelari nagusiaren ikuspegi juridikoak, eta UPNk jarritako helegitea «onartezina» zela azaldu zuen. «Matraka horri buruz hitz egiteaz nekatuta» dago Txibite.

Bide beretik jo zuen EH Bilduko Adolfo Araizek. «Denbora gehiegi ematen diogu aferari, eta gutxiago beste gai garrantzitsuagoei». Haren hitzetan, UPNk ez du legelari nagusiaren iritzia entzun nahi izan, eta, Araizen hitzetan, ondorioa sinplea da: «Zuzenbideko lehen mailako edozein ikaslek badaki administrazioaren prozedura orotan ezin zaiela helegiterik jarri tramite arloko ekintzei, eta oraindik ez da sakoneko erabakia hartu».

Asko dago jokoan. Orain Bairen eskaera aurrera ateraz gero, Aznarezek parlamentuko presidentetza galduko du, lehendakari berria hautatzeko prozesu berria aldaketaren aldeko indarrak higatzeko baliatu dezake oposizioak, eta, gainera, egungo gehiengoak gal daitezke bai Parlamentuko Mahaian eta bai batzordeetan. Bi kasuetan, PSNk eta Orain Baik zeresan handia izango dute.

Susmoa legelariaren gain

Jokaleku horretara ahalik eta azkarren heldu nahi du Esparzak, eta ez da fio beste alderdien asmoez. «Auzia hamar egunen buruan konponduko den galdetu dut bileran, eta ez didate erantzun». Haren hitzetan, txostenak etengabe eskatuz legealdia amaitu arte luzatu daiteke auzia. Era berean, legelari nagusiaren gainean presioa handitu nahi izan zuen. Kontrako balizko iritziaren beldur, UPNren jarrera azaldu zuen: «Taldeen jarrera politikoak agindu behar dizkigu legelari nagusiak? Hark esan behar digu talde batean nor kanporatu daitekeen, taldearen izena aldatu dezakegun, edo nor izan daitekeen eledun?», galdetu zuen.

Legelariak bileran ziurtatu zuen astebete barru emango duela bere ikuspegi juridikoa. Hori jakinda, Geroa Baik nabarmendu zuen UPNk parlamentua «segurtasun juridikorik gabe» utzi nahi izan duela, bere interesen mesedetan. Izan ere, helegitea onartu izan balitz, iragan asteko erabakiak baliorik gabe gera zitezkeen, eta hemendik aurrerakoa erabat baldintzatu.

Horregatik, Ahal Dugu-ko Mikel Builek «positibotzat» jo zuen helegitea onartu ez izana. «Nahiko argi geratu da Orain Baiko lau parlamentari transfugek, de facto, aliantza egin dutela eskuin nafarrarekin».

Zazpi egunen faltan, Ezkerrako Jose Miguel Nuinek beste behin dei egin zien Orain Baiko parlamentariei atzera bota dezaten Mikel Buil, Ainhoa Aznarez eta Tere Saez taldetik kanporatzeko eskaera. Orain Baiko CarlosCousok, ordea, aurrera egiteko asmoa agertu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.