Koronabirusa

18 urtetik gorakoak ekainean hasiko dira txertatzen Iparraldean

Urkulluk udarako 50 urtetik gorakoak txertatzea espero du, eta Txibitek biztanleen %40 immunizatzea aurreikusi du ordurako. Osakidetzak «txertaketa masiboa» egingo du astebururako

Oihana Teyseyre Koskarat - Maria Ortega Zubiate - Uxue Rey Gorraiz
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Txertaketa prozesua arintzeko ahaleginak egiten dabiltza agintariak. Horren erakusgarri da Emmanuel Macron Frantziako presidenteak egindako iragarpena: ekainaren 15etik aitzina, 18 urtez gorako herritar guztiek hartzen ahalko dute txertoa. Hala, Ipar Euskal Herrian, egun horretatik aitzina, koronabirusaren kontrako txertoa jartzen ahalko dute helduek. Maiatzaren 15etik aitzina, 50 urtez gorako herritar guztiei zabalduko zaie txertaketa kanpaina Ipar Euskal Herrian. Zaurgarri diren 18 urtetik gorako herritar guztiak, berriz, asteburu honetatik goiti txertatuko dituzte.

Macronek Twitter bidez baieztatu zuen atzo Frantziako Gobernuak diseinatutako txertaketa planaren hurrengo pausoa: pandemiaren aurkako neurriak arinduko dituztela jakinarazi eta hurrengo egunean. Izan ere, ostegunean eman zuen horren egutegia. Astelehenetik aitzina hasiko da lehen fasea, eta beste hiru urratsetan eginen dute, ekainaren 30era bitarte. Neurri horien arabera, «ziurtagiri sanitarioa» beharrezkoa izanen da leku zenbaitetara sartzeko eta bidaiatzeko. Frantziako hainbat hedabidetan gaur zabaldutako elkarrizketan, Macronek zehaztu du ziurtagiria hainbat informaziok osatuko dutela. Txertoa jarri duten herritarrek eta immunitatea lortu dutenek eskubidea izango dute leku horietara sartzeko, betiere frogagiria erakutsiz. Beste herritarrek PCR proba negatiboa beharko dute, 48 ordu baino gutxiagokoa.

Baina Iparraldean soilik ez: Hego Euskal Herrian ere aurrerapausoak eman nahi dituzte, pandemiaren bukaera helburu. Hala, atzo Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren 50 urtetik gorako herritarrak txertatuak izan daitezkeela uda hasten denerako, baldin eta txertaketa erritmoak gaur egungoari eusten badio. Agerraldi berean, berretsi zuen Jaurlaritza azken unera arte saiatuko dela alarma egoera luzatzeko ahaleginean. Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, orain arte 740.000 dosi jarri dira. Nafarroako lehendakari Maria Txibitek ere Urkulluren bide beretik jo du txertaketarako bere aurreikuspenetan: adierazi du espero duela herrialdeko biztanleen %40ek gutxienez dosi bat jasotzea uda hasierako.

«Txertaketa masiboa»

Hain zuzen ere, txertaketa arintzeko prozesu horretan dabil orain Osakidetza. Izan ere, orain arte izandako dosi kopururik handiena du esku artean: 120.000 dosi. Helburua dosi berriak heldu orduko horiek banatzea da, eta, ondorioz, astebururako «txertaketa masiboa» egin ahal izateko eremuak atonduko dituela jakinarazi dute. Bilboko Casilla pabiloian eta Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan izango direla aurreratu dute.

Txertaketa erritmo bizia espero da astebururako. Inoizko dosi kopuru handiena izateaz gain, 70 urtetik gorako biztanle guztiek txertoaren lehen dosia behintzat hartzeko helburua baitu Osakidetzak. Hain zuzen ere, horregatik, orain arte Pfizerren txertoak izan dira adin irizpideengatik txertatutako jendeak gehien jaso duen txertoa, 70 urtetik gora gomendatuta dagoelako.

Orain, berriz, 60 eta 65 urte arteko biztanleei SMSak bidaltzen hasi zaizkie txertorako ordua hartzeko, Osakidetzak jakinarazi duenez. Eta adin tarte horretakoentzat AstraZeneca dago gomendatuta, orain arte 60 eta 65 urtekoen artean baino erabili ez badute ere.

Txertatzeko dituen dosi gehienak Pfizer botika etxearenak dira, baina atzo bertan jakinarazi zuen Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak AstraZenecaren 1,5 milioi dosi banatuko dituela. Oraindik ez dago argi, ordea, zenbat egokituko zaizkien Hego Euskal Herriko administrazioei. Modernaren 10.000, Janssenen 6.800 eta AstraZenecaren 4.800 dosi ere badituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.