165 hektarea erre dira Angelun, baina sutea kontrolatzea lortu dute

Ostegun arratsaldean hasi zen sutea, eta atzo goizerako kontrolatuta zegoen. Hamasei pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, intoxikaturik, baina denak etxera itzuli ahal izan dira

Xiberta oihana sutan, ostegun gauean. BOB EDME.
Ekaitz Etxamendi - Joana Ibargarai
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Angeluko (Lapurdi) Xiberta auzoko oihanak su hartu zuen ostegun arratsaldean, eta, beroaren, lehortearen eta haizearen ondorioz, inguruko etxeetaraino zabaldu ziren garrak iluntzerako, baita ke hodei handiak ere. Suteak basoaren zati handi bat kiskali zuen, ehun hektarea inguru—beste 65 ere hondatu ditu—, Pirinio Atlantikoetako prefeturaren esanetan. Hamasei lagun ospitaleratu behar izan zituzten keak intoxikatuta, baina denak etxera itzuli ahal izan ziren atzo.

Sutean 11 etxe kaltetu ziren; bost etxebizitza han ez inor bizitzeko eran geratu ziren; hiru, arrunt kiskalita. Herriko auzapez Claude Oliveren arabera, atzo goizerako egoera kontrolatuta zegoen, baina egoera «zaila» zen, etxeetatik hurbil gertatu baita sutea. «Drama bat da, katastrofe bat», erran zuen auzapezak.

Sutea ikusi zuen auzo batek—anonimotasuna atxiki nahi izan du — lekukotasuna eman zion BERRIAri atzo goizean, sutea itzaltzen ari zirela. «[Ostegunean] etxera sartu nintzen 18:30 inguru, eta urrunetik ke beltza ikusi nuen. Aski ongi ezagutzen nuen oihana. Jendea ikara gorrian zen. Batzuek beren familia xerkatzen zuten, han bizi diren adineko pertsonak».

Sua itzaltzeko bi hegazkin joan-etorrian ibili ziren ostegunean, baina arratsean auzapezak jakinarazi zuen hegaldiak etengo zituztela, eta suhiltzaileek lurretik ekinen ziotela garrak itzaltzeko lanari. 18:00etarako, ingurua hutsarazten hasiak ziren suhiltzaile eta poliziak, eta Xiberta-Blancpignon auzoko etxeak hustu zituzten ondoren.

«Haizea azkartu zen ukaldi batez, eta Barrako hondartzara buruz hedatu zen sua, su bide bat sortuz», azaldu zuen lekukotasuna eman zuen herritarrak. Denera, 150 suhiltzaile inguru aritu ziren lanean, baita hainbat polizia eta anbulantziatako langile ere. «Suhiltzaile anitz zen, eta auzoko bizilagunek ere parte hartu zuten suaren itzaltzeko lanetan; sugarrak itzaltzen zituzten, sua ez zedin berriz abia. Auzo batek lau edo bost etxe salbatu zituen etxean zuen ureztatze sistemari esker».

Atzo goizean ez ziren oraindik lanak amaitu. Egoera «kontrolatuta» egon arren, sua piztuta zegoen oraindik, eta ke beltzak Angeluko zerua goibeltzen zuen. Hala, hogei pertsonako lau talde ari ziren oihaneko zenbait lekutan lanean, eta hegazkinak berriz hasiak ziren joan-jinka, zaintzen.

Inguru guztia hestera

Sutearen eraginez, ehun bizilagun inguru eraikinetatik aterazituzten, eta atzo goizean ez zuten etxera sartzeko baimenik. 34 pertsonak herriko gimnasioan pasatu behar izan zuten gaua, eta beste batzuek, Gurutze Gorriak jarritako eremuan. Gainera, Eric Spitz prefetakinguruko eremu guztia hesteko agindua eman zuen Angelura bertaratu orduko, atzo goizean. Horrez gain, herriko etxeko besten gelan informazio eta laguntza gune bat ireki zuten. Herriko etxera deituz laguntza telefoniko bat eskuratzeko bidea ere plantan eman zuten, eta egun batzuez iraunen du. 0559-58 35 35 zenbakira deitu behar da.

Sutearen jatorriaren inguruko informaziorik ez zuten eman atzo, baina inkesta ireki zutela adierazi zuten. Izan ere, ohartarazi dute osteguneko eguraldi beroak nabarmen zaildu zuela sutearen kontrolatzea —tenperaturak 41,9 gradura iritsi ziren— eta horrek eragina izan zuela. Bi tokitan piztu zen sua: lehena, Orok Bat errugbi zelaiaren ondoan, Pignada izeneko baso zatian, eta bigarrena, berriz, Aturri hiribidetik hurbilago.

Lurraren berotzea

«Mundua berotzen eta erretzen ari da. Gertatu dena ez da harrigarria; aurreikus zitekeen. Aski da ikustea zolaren egoera eta zer lehorte izan den. Lurraren berotzearen ondorio bat da. Ez da Amazonian, Australian eta Portugalen bakarrik gertatzen halakorik; orain hona ere iritsi zaigu», gehitu zuen lekukoak. Gisa berean, eta, sutearen jatorria argitua ez bada ere, berotze globalak dituen eraginez ohartarazi zuen atzo Bizimugimenduak ere. «Hondamendi ekologiko bat da», salatu zuen. Neurri zorrotzak hartzera deitu zuten, Ipar Euskal Herriko «metamorfosi ekologikoa» hasteko, eta Lurraren berotzearen eraginak ahalik eta gehien murrizteko.

Frederique Espagnac eta Max Brisson Pirinio Atlantikoetako departamenduko senatariek ere suteak eragindako kalte ekologikoa izan zuten gogoan. Brisson: «Arrunt urbanizatutako hiri batean oihanaren 165 hektarea kiskaltzea desastre ekologiko bat da». Harekin bat egin zuen Espagnacek, eta Angeluko «arnasgunea» erre dela deitoratu zuen. «Biziki zaindua izan den arnasgunea da, bereziki kostaldeko eraikinen eta urbanizazioaren aitzinean». Bi senatariek baieztatu zuten inkesta bat abiatua dela sutearen jatorria zein den ikertzeko. Egoera hori ikusirik, lanean ari izan diren langileak eskertu dituzte, bide beretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.