Koronabirusa

EBk gerrikoa askatuko du

Merkelek agindu du «beharrezkoa den guztia» egingo duela koronabirusaren krisiari aurre egiteko, eta ontzat hartu du defizit mugak arintzea. EBZk neurriak hartuko ditu gaur

Angela Merkel Alemaniako gobernuburua, atzo, Berlinen. HAYOUNG JEON / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Ezohiko egoera bati aurre egiteko ezohiko politikak indarrean jarriko dituzte Europako Batasuneko gobernuek. Eta EBn, azken urteetako politika izan da aurrekontuak bai ala bai orekatu egin behar zirela eta defizita ahal bezainbat txikitu. Politika horren bultzatzaile nagusia, Angela Merkel Alemaniako gobernuburua, gerrikoa askatzeko prest azaldu zen atzo. «Ez diogu geure buruari egunero galdetuko zer ondorio duen geure defiziterako. Egoera ezohikoa da, eta beharrezkoa den guztia egingo dugu».

Italiako Gobernua jarri da eskuzabaltasun hori baliatzeko lehen lerroan. Atzo eskatu zion Europako Batzordeari defizita %2,2tik %3,3ra handitu ahal izateko, 25.000 milioi euro erabili nahi baititu koronabirusaren aurkako borrokan. Espero da EBk luze gabe onartuko dituela eskaera hori eta beste kide batzuek egindakoa —datorren aste hasieran Ekofinek bilera du—. Oztoporik ez du espero Merkelek berak: «Nik uste dut Egonkortasun Itunak nahiko malgutasun baduela ezohiko egoeretarako. Horrek esan nahi du ezin diogula Italiari ezezkorik esan bere osasun sisteman dirua inbertitu nahi badu, soilik zor aldetik arau batzuk ditugulako. Egoera berezia da».

Alemaniako Gobernuak joan den igandean aurkeztu zuen plan bat, baina nahiko apala. Kurzarbeit politika zabaldu nahi du, hau da, enpresei laguntzak ematea langileen lanaldia murriztu ditzaten, langileak kaleratu gabe.

Merkelek erabilitako hitzek gogora ekarri dute 2012an Mario Draghi Europako Banku Zentraleko orduko presidenteak 2012an esandakoak, zorraren krisiaren ondorioz eurogunearen beraren iraupena kolokan zegoenean. «Beharrezkoa den guztia egingo dugu, eta, sinets iezadazue, nahikoa izango da», agindu zuen Draghik; merkatuak lasaitu zituen, eta egoera onbideratzeko sustraiak jarri zituen.

Antzeko egoera batean legoke orain eurogunea eta Europako Batasun osoa, ekonomista askok ohartarazi dutenez. Oharra egin dutenen artean dago Christine Lagarde EBZko presidentea. Astearte gauean larrialdi dei bat egin zien EBko gobernuei. «Premiazko neurriak eta koordinatuak» eskatu zizkien, halakorik orain hartu ezean «2008ko krisiaren antzeko egoera bat» izan bailiteke Europan. Hau da, sektore guztiei eragingo liekeen krisi luze eta gogor bat. Lagardek uste du erantzun egokia emanez gero kolpea aldi baterako bakarrik izango dela.

EBZk gaur bertan du aukera borroka horretan bere ekarpena egiteko. Ezin du egin Erreserba Federalak joan den astean eta Ingalaterrako Bankuak atzo egindakoa, hau da, interes tasa ofizialak puntu erdi jaitsi, eurogunean interesa %0n baitago 2016az geroztik. Banku zentralakhar ditzakeen neurrien artean gehien aipatu dira likidezia lerro gehiago irekitzea bankuentzat enpresa txikiak finantza ditzaten, zorra erosteko programa zabaltzea—azaroaz geroztik 20.000 milioi euroren zorrak erosten ditu hilero—, eta bankuek dirua EBZn gordetzearen truke ordaintzen duten %0,4ko interesa %0,5era igotzea.

Europako Batzordeak asteartean iragarri zuen 25.000 milioi euroren funts bat sortuko zuela krisiaren kalteei erantzuteko. AEBetan, Donald Trumpek beste bide bat hartu nahi du: urtea amaitu arte eten nahi du errenta zergaren ordainketa. Ikusteko dago Kongresuak onartzen ote duen, hauteskundeei begirako neurritzat dute eta.

Euskal Herrian ere bai

Gobernuak neurriak hartzeko prestatzen ari dira Euskal Herrian ere, baina oraindik ez dute neurri zehatzik hartu. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi zuen atzo 300 milioi euroren funts bat prestatzen ari direla osasun eta hezkuntza arloetan izango diren gastu gehigarriak ordaintzeko. Halaber, familiei, enpresei eta enpleguari laguntzeko dirua izango da.

Nafarroako Gobernuak ere jakinarazi du neurri batzuk prestatzen ari dela. Ezer iragarri aurretik, ordea, «egoeraren bilakaera» aztertu nahi dutela azaldu du Izaskun Goñi Enpresa Politikako zuzendari nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.