Maia: «Prentsaren bidez izan dugu PPren erabakiaren berri»
Hiru urteko ibilbidearen ostean, Navarra Suma koalizio eskuindarrak bere azken uneak bizi ditu 2023ko udal eta foru hauteskundeen atarian. Enrique Maia Iruñeko alkateak Alderdi Popularrari egotzi dio taldeen arteko akordioa haustea: «PPk erabaki bat hartu du, eta esan du ez duela nahi Navarra Suma koalizioak aurrera jarraitzea. Haiek dira hori adierazi dutenak», esan du.
Aste honen hasieran hasi zen polemika: Miguel Tellado PPko antolaketa presidenteordeak koalizioa utziko dutela adierazi zion ABC egunkariari astelehenean argitaratutako elkarrizketa batean, eta iragarri zuen oraingoan beren siglekin aurkeztuko direla hauteskundeetara. Erabaki hori, ordea, ez zaie gustatu taldea osatzen duten beste bi alderdiei, UPNri eta Ciudadanosi, eta gogor egin dute Telladok adierazitakoaren aurka.
Maiak atzo egindako adierazpenetan esan zuen PPk koalizioa uzteko asmoa duela adierazteko modua ez dela egokia izan: «Prentsaren bidez izan dugu PPk hartutako erabakiaren berri. Normalena kontaktua mantentzen jarraitzea izango zen, eta ez hedabide bati esatea guri aurrez ezer esan gabe», esan du Maiak.
Bestalde, Maiak uste du Navarra Sumak emaitza onak izan dituela hauteskundeetan, eta ez du ulertzen PPk hori amaitzeko duen asmoa. Esan du Iruñeko Udalean koalizioko kideek «talde bakar» baten moduan jardun dutela, eta legealdia amaitu arte berdin jarraituko dutela gehitu du. Telladoren ustez, Nafarroan zentroko eta eskuineko indarrak PPren bueltan batu behar dira. Maiarentzat, ordea, Nafarroako politikarekiko ezjakintasuna erakusten du horrek: «Zentro-eskuinaren liderra UPN izan da historikoki, ez PP». Javier Esparza UPNko presidenteak ere adierazpenak egin zituen asteartean, eta Maiak horiek babestu ditu.
UPN, PP eta Ciudadanosen arteko koalizioa «alde bakarrez» haustea egotzi dio Esparzak PPri, eta gehitu du hauteskundeen atarian haien siglak lehenetsi dituztela. Maiak atzo esandako ideia bertsuak azpimarratu zituen Esparzak ere: «Nafarroa ez da Madril», nabarmendu zuen. Horrez gain, adierazi zuen 2019an UPN PPrekin «oso eskuzabala» izan zela, bere siglak erabiltzeari uko egin baitzion.
«Nafarroarentzat onena»
Fernando Sesma Ciudadanoseko Iruñeko zinegotziak uste du «Nafarroarentzat onena» koalizioari eustea izango litzatekeela: «Navarra Suma arrakastatsua izan dela uste dugu Nafarroako zentro-eskuina batzeko, eta oso ondo funtzionatu du». Ildo beretik, Esparzarentzat Navarra Suma sortzea «erabakirik onena» izan zen 2019an «gehiengo konstituzionalista» bat sortzeko: «Une txar batean zegoen PP hartu genuen orduan, Nafarroarentzat onena zela uste genuelako».
Ikusi gehiago: UPNk Navarra Suma koalizioa amaitutzat ematea leporatu dio PPri
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.