Osasun arloan, erasoei konponbide argirik ez

Urteak igaro eta konponbiderik gabe jarraitzen dute osasun arloko profesionalek pairatzen dituzten erasoek. Iaz 515 eraso gertatu ziren Hego Euskal Herrian; andreek jasan zituzten %76. Aurrea hartzeko neurriak eskatzen dituzte sindikatuek.

Emakumeek pairatzen dute eraso gehien. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Lur Gil.
Gasteiz
2014ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Osasun arloan arazo bilakatu dira langileen aurkako erasoak. Osasun arloko sindikatuek urteak daramatzate egoera salatzen eta eraso horiek saihesteko neurriak eskatzen; baina halako erasoak «debalde» direla dio SATSE osasun sindikatuak, ez baitago horien aurkako zigor eraginkorrik. Osasun arloko emakume langileek eraso gehiago jasotzeko arriskua dute. Izan ere, iaz Hego Euskal Herrian osasun arloan gertatutako erasoen %76 baino gehiago emakumeek pairatu zituzten. SATSEk hitzetan, «ukaezina da genero indarkeriaren osagai garrantzitsua dagoela». Eraso gehienak ez dira salatzen; hamarretik bat baino ez dute salatzen, gertatutakoari garrantzirik ez emateagatik edo erasotzailea pertsona gaixo bat dela uste izateagatik. Hala ere, hamar langiletik zortzik aitortu dute erasoren bat noizbait jaso dutela.

Osakidetzan iaz egindakoa da orain arte Euskal Herrian egindako ikerketa saio zehatz bakarra. Txostenaren arabera, iaz 403 eraso gertatu ziren. Datu zehatzak argitaratu zituen Osasun Sailak txostenean; lanpostuaren araberako erasoen kopurua, esaterako: erizainak dira eraso gehien pairatzen dutenak —124 izan ziren iaz—. Ez dira bakarrak, ordea, mediku eta osasun laguntzaile teknikoen aurkako erasoak ere ugariak izan baitziren — 112 eta 91, hurrenez hurren—. Lekuari dagokionez, oinarrizko arretako zentroetan gertatzen dira eraso gehienak, baina ospitaleetan eta gehienbat larrialdi zerbitzuetan gertatutakoak ugarituz doaz azken urteotan.

Hego Euskal Herriko erasoen datuak baino ez dituzte eman argitara, sindikatuen eskakizunez, eta gobernuen osasun sailek ikertuta. Hego Euskal Herriko lau probintzietan, 515 eraso zenbatu zituzten iaz —aurreko urtean 612 izan ziren—. Bizkaian izan zen eraso gehien iaz (276); Nafarroan 112 izan ziren; Araban, 70; eta Gipuzkoan, 57.

Oihuekin hasten dira gaizki esanak; gero, iraintzen hasten dira gaixoak zein haien senideak; eta zenbaitetan eraso fisikoak ere egiten dituzte. Hego Euskal Herrian iaz gertatutako 515 erasoetatik 143tan lesio fisikoak edo ondorio psikologikoak izan ziren, eta 24 langilek gaixo agiria hartu behar izan zuten. Erasoak arrazoi hauengatik gertatu ohi dira: gaixoen edo euren senideen eskaerak ez betetzea; gaixo agiriak, errezetak eta antzeko tramitazioetan desadostasunak izatea; eta itxaron denbora. Gaixoak dira erasotzaileak kasuen %80tan; gainontzekoetan, laguntzaileak.

Agintaritza publikoa

Aragoin eta Gaztela eta Leonen bezala, osasun arloko profesionalak agintari publiko izendatzearen alde agertu da SATSE sindikatua. Duela zazpi urte, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sendagileen elkargoek protokolo bat sinatu zuten EAEko Justizia Auzitegi Nagusiarekin, medikuen aurkako erasoak agintaritzaren aurkakotzat hartuak izateko. Gainontzeko langileek, ordea, ez dute horrelako protokolorik. Ekainean, ordea, Ana Mato Espainiako Gobernuko Osasun ministroak iragarri zuen agintari publiko izaera emateko asmoa duela, lege bidez.

Badu aurretik beste eredu bat egitasmo horrek, hezkuntzan. Izan ere, LOMCE irakaskuntzarako legearekin, irakasleak agintari publiko bihurtuko dira. Sindikatu gehienek, ordea, ez dute legea begi onez ikusi, nahiz eta irakasle batzuen eskaria ere izan den erasoen aurkako neurriak hartzea. Osasun arloan ere harrera ezberdina izan du proposamenak sindikatuen artean. Neurriak bi ondorio izanen lituzke: alde batetik, poliziek eta epaileek daukaten egiatasun ustekizuna —profesionalen hitza gaixoenaren aurretik legoke—; eta bestetik, euren aurkako erasoak agintaritzaren aurkako erasotzat hartuko lituzkete —urtebete eta hiru urte arteko espetxealdiarekin zigortua, beraz—.

LAB sindikatua ez dator bat neurri «autoritario» hori ezartzearekin; izan ere, haren esanetan, «ez doa arazoaren errora». Sindikatuaren ustez, erasoek harremana dute, zuzenean, egoera soziopolitikoarekin eta mozketekin. Langileen baldintzen eta zerbitzuen murrizketen ondorio dira itxaron zerrendak eta larrialdietako pilaketak, LABek dioenez, eta behar bezalako lana egitea oztopatzen die langileei.

Arazo politikoa saihestu eta ordena publikoko arazo bihurtu nahi izana leporatu die LABek UPNri eta EAJri: «eskuin atzerakoiena bezala, arazoa handizkatu eta errua gaixoei egozten zaie, haien eta langileen arteko arrakala handituz». LABentzat, beraz, «errepresioa ezarri baino lehen, hezkuntza eta prebentzioa landu behar dira». Konponbidea, berriz, murrizketen politikak amaitzea litzatekeela adierazi du sindikatuak: «Itxaron zerrendak, larrialdi zerbitzuetako pilaketak, oinarrizko arretako hitzorduen atzerapenak eta elikadura txarra jasotzeak oinarri politikoa dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.