urtzirrutikoetxea
Kataluniako erreferenduma. LEKU-LEKUTAN

Dena merezi dute

2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
PEN Internationalen urteroko kongresutik itzuli nintzen duela egun batzuk. Ia hamabost urteko ibilbidea egin dugu, Egunkaria itxi eta katalanek munduko idazle foro handienera salaketa eraman zutenetik; handik gutxira geure taldea eratzen ere lagundu ziguten. Egunkaria, Egin, hedabideen aurkako atentatuak eta kazetariei mehatxuak, Euskalerria Irratia, ETB Nafarroan ikusteko zailtasunak, Frantziako Errepublikaren hizkuntzekiko jarrera, Mozal legea... asko dira urteotan landu ditugun gaiak. Aurten, aspaldiko lasaien joan da bilkura, aberasgarria ohi bezala tamil idazleak ezagutzea, edo nola munduko ehunka idazleren presioak Kamerungo sortzaile espetxeratu bat askatzeko balio izan duen. Baina geuretik ekarritako gutxi, lagunei elkartasuna emateaz gain. Memoria antifaxista, Eguna-ren faksimilak banatu ditugu. Bangladesh, Bielorrusia eta Belgikako bi zentroen artean egokitu zaio bileran Basque taldeari, aretoan aurre-aurrean. Parez pare, Carles, bilerako gidari, beti konplize, iaz Donostian Protokoloa aurkeztean esaterako. Basque-ren atzean Catalan PEN. Gemma eta Carme bartzelonarrak, Raffaella, napolestar bartzelonartua. Errepresioari ihesi datorren jazarritako kazetari bati aterpea ematen diote, bi urtez gutxienez. Ostegunean, Hamza Yalçin kazetaria espetxetik ateratzea lortu zuten. Itzela da egiten dutena.

Gemmarekin ari nintzen gosaltzen duela hamar egun, hango eta hemengo esperientziez eta elkarlanaz. Bilerara sartzean, Carme eta Raffaellaren aurpegi kezkatuak aurkitu nituen. Espainiako Estatuaren kolpea abian zen. Atxiloketen, miaketen eta iristen ari ziren milaka poliziaren irudiak zabaltzen ari ziren. Estatu-kolpeak gelditzen diren eran gailendu ziren katalanak: kalean. Italiarrak, eskandinaviarrak, ingelesak, nederlandarrak, alemanak harrituta ari ziren begira euren Bartzelona kuttunean zer ari zen gertatzen. Hedabideetan ere, Europa osoaren sinpatia bereganatu dute. Espainiako Gobernuaren errepresioa salatzeko ebazpena elkarrekin aurkezteko eskatu ziguten katalanek. Ohorea guretzat.

«Herrien elkartasun gutxiago eta estatuen babes handiagoa» esango du baten batek. Herenegun Estonian EBko 27 estatutako buruzagiak batzartu ziren, Mariano Rajoy baino ez zela falta. Denek hitz egin zuten espainiarraren alde, klubeko kideek ez dute elkar oztopatzen, pragmatismoak hala eskatu arte. Ez zutela aitortuko esan zion James Bakerrek Belgraden Esloveniari independentzia-aldarrikapenaren bezperan, ezetz bozkatzeko eskatu zien Obamak eskoziarrei, Donald Trumpek Espainia batuaren alde egin du Rajoyren aldamenean. Eta Mandelarena gogoratu behar, «beti dirudi ezinezko, eginda egon arte». Europako gobernuak ez daude «barne-gatazkek» aztoratzeko, edo klubeko beste baten aurka jotzeko... bere «barne-gatazka» bihurtu ezean, bere iritzi publikoak behartu ezean. Frantzia, Erresuma Batua edo Ipar Europan txundituta daude bozkatzeko eskubidea eskatzen duen mugimendu zibikoarekin, eta izututa hori eragozteko edozertarako gai dirudien estatu horrekin. Nork bizi gura luke horrelako estatu baten. Lituaniako egunkari baten agertu da: «Nazio txiki gisa, sinpatia beharko genuke katalanen asmoekiko. Behinola mendebaldea kritikatzen genuen koldarra zelako, eta orain gauza bera egiten ari gara».

Ilusioa eta zuhurtzia nabari dira bazterrotan. Distantzia pixka bat hartuta, oso erraz ikusten da zein den aldartea: etsipena Espainian, euforia Katalunian. Eta bai, euforiak badu arriskurik, eta etsipena ez da erabatekoa ere, Espainiarik atabikoenak itsu eusten dio konkista-planari: Andaluziako hirietan guardia zibilei «a por ellos» oihu egiten zien jendetzaren bideoak etsipena ekarri die espainiar askori, baina Mariano Rajoyk badaki horiek direla bereak, oposizioaren etsipen hori ez zaiola kalterako.

Hogei egun barru hogei urte beteko dira Jose Elorrietak «Estatutua hil da» famatua esan zuela. Laster jaio zen Lizarra-Garazi, eta Espainiako autonomia-estatutuen ereduak huts egin zuela agerian gelditu zen hortik aurrera. Baina zelan edo halan, eutsi dio beste bi hamarkadatan. Hogei urte nituen orduan, berr(iz)-hogei egun gutxi barru. Bi hamarkada, ordura artekoa amaitzen ari zela ikusten: erregimena, monarkia, autonomia-estatutuak, gatazka armatua, eta horietako bakar bat ezin burutu. Gaur hiltzear da gutako gehienok beti ezagutu izan dugun erregimen politikoa.

Hau idatzi ahala, milaka katalan eskolak zabalik eusten ari dira. Dozenaka mila katalan ikastetxeetan asteburu pasa, demokraziaren alde, bozkatzeko eskubidearen alde. Hantxe gaua ematen. Poesia irakurraldia antolatu dute PENeko lagunek. Carme eta Senen ditut gaur gogoan. Josep Maria eta Montse. Carles. Gemma. Raffaella. Eta datorren asteko independentzia-aldarrikapenaren alde dena eman eta egun ez daudenak. Dena merezi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.