Nafarroako Urrezko Domina. Elkarrizketa. Emilio Majuelo. Historialaria

«Campionek eta haren belaunaldiak urrezko aro bat eman zioten Euskal Herriari»

Arturo Campionen jakin-mina eta, katolikoa izanik ere, zientziari zion atxikimendua: ezaugarri horiek nabarmendu ditu Emilio Majuelok. «Aitortza zabal eta adostua» merezi zuelakoan da, ez izan den ika-mika.
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Iñaki Petxarroman

2017ko abenduak 3
Haserre dago Emilio Majuelo historialaria (Tutera-Nafarroa, 1953) Arturo Campionen harira azken asteotan sortu den iskanbila dela kausa. Haren obra eta pentsamendua bildu zituen La idea de historia en Campión liburuan. «Ausardia behar da pertsona baten 50 urte oparo hiru-lau esaldiren arabera laburtzeko».

XIX. eta XX. mendeen arteko intelektualik handienetako bat izan zen Campion. Zer ekarpen egin zion euskal kulturari??

Campionek eta belaunaldi hartako besteek urrezko aro bat eman zioten Euskal Herriari, II. gerra karlista bukatu zenetik 1936ko gerrara arte.

Eta Campion belaunaldi horretako figurarik esanguratsuenetako bat da. Zergatik?

Hark egin zuen bi belaunaldiren arteko lotura. Esan daiteke euskal kontzientzia modernoaren sortzaile bat izan zela. Oso gaztetan hasi zen idazten, 1876an, eta gerra karlistaren amaierako ondorio txar guztiak jasan zituen; oso markatuta geratu zen horren ondorioz. Baina XX. mende hasieran beste belaunaldi bat sortu zen, eta Urkijo, Azkue eta horiekin denekin aritu zen, aktibo eutsi baitzion 1925era arte gutxienez.

Belaunaldi horri errotik eragin zion foruen galerak, ezta?

Espainiarrentzat Filipinen eta Kubaren galeraren antzeko kezka intelektual eta agonikoa izan zen garai hartako euskaldunentzat foruen galera. Campion, Oloritz, Iturralde, Aranzadi eta beste ez ziren karlistak, baizik eta errepublikano federalak, eta foruak ezabatu izana kolpe handia izan zen haientzat. Altadillek gogoratzen zuen hori 1914an: «Gure belaunaldia oso markatua izan zen, ez bakarrik foruen galera zela kausa, baizik eta baita gizartea gerragatik suntsituta geratu zelako ere».

Campioni buruz zer azpimarratuko zenuke?

Haren jakin-mina. Eta, hain katolikoa izanik, nola saiatu zen gainditzen egiaren eta sinesmenaren arteko kontraesana. Bereizten zuen zer zioten elezaharrek, tradizioak eta froga zientifikoek. Halako kezka bat zuen gai guztiekin, eta horrek egiten zuen pertsona modernoa bere garairako.

Atzerakoia izatea egotzi diote.

Zer motatako ideologia izan behar zuen, bada? Haren garaian ez zen demokraziarik; borroka ideologikoak noizbehinka gori-gorian gertatzen ziren, eta auzi sozialari aurre egin zion… Hori guztia badakigu. Galdera beste bat da, hau da: nahiz eta atzerakoia izan, ea haren lan intelektuala garrantzitsua den garai hartako gakoak ulertzeko. Uste dut baietz. Hala ere, agerian da oraindik ere Campionen biografia politiko sendoa falta dela, idazteko baitago.

Campionek, izan ere, irakurri eta eagutzen zituen garai hartako Europako pentsamendu joera guztiak, sozialistak barne...

Garai hartako ia intelektual guztiak katolikoak ziren; nola leporatu hori Campioni? Badakigu nor izan zen haren eredua gaztea zelarik: Espainiako errepublikanoen gailurreko pertsona: Emilio Castelar, federalista eta katoliko fina... Gaur egungo egoeratik gauzak aztertu, ebaluatu eta epaitzea anakroniko hutsa da, eta hori bai, intelektualki behinik behin, ariketa erabat antzua.

Arrazakeria ere egotzi diote.

Campionek zioen nafarrak direla nafarren etsairik handienak. Arrazaz mundu guztiak hitz egiten zuen, baita anarkistek eta sozialistek ere, eta oker handi bat litzateke pentsatzea kontserbadore haiek izan zirela genozidio modernoen aitzindari. XIX. mende bukaeran, positibismoaren garaian, zeinean zientziari gur egiten zitzaion, jende guztiak pentsatzen zuen gure mugak zientzian arituta gaindituko zirela. Campionek ez zuen inoiz jarri arraza bat beste baten gainean; hain zuzen ere, katolikoa zelako. Euskaldun gisa, ez zuen onartzen inperio batek herri bat bere egitea. Humboldt, Herder eta Goethe izan zituen eredu, eta haiek humanista eta kosmopolita hutsak ziren, nahiz eta kultur partikularren defendatzaile izan.

Zer moduzko harremana izan zuen aranismoarekin?

Tirabirak izan zituen hizkuntzaren inguruko ikuspegiagatik. Hark zioen gauzak diren bezala direla, ez asmatu ditugun bezala. Campion aitzindaria izan zen fonologista gisa. Hitz bat nola idatzi behar zen erabakitzeko, tokian-tokian galdetzen zuen, eta horren arabera proposatzen zuen modu bat. Hau da, errealitatetik abiatzen zen estandar batera-edo iristeko. Politikoki, ordea, gauzak oso garbi zituen: federalismoa eta foruzaletasuna gauza bera ziren, haren iritziz. Federalista baino gehiago konfederalista zelakoan nago. Espainiar sentitzen zen Espainia ideal horretan. 1904an, esan zuen bere garaian nazionalismo hitza ez zela erabiltzen, eta gauza bera esateko haiek fuerismo erabili zutela. Beraz, EAJ baino lehen nazionalistak baziren, eta horren froga da bera.

Konpromiso sakona zuen euskararekin.

Euskara 8-9 hilabetean ikasi zuen. Haren gramatikak ez du garrantzi handirik egun, baina aitzindari moduan bai. Garrantzitsuena da harremana izan zuela Europako euskarologia saileko kideekin. Lucien Bonaparterekin harreman handia zuen. Liburuak eta bibliografiak izan zituen haren aldetik. Azkuerekin ere aritu zen mende hasieratik hizkuntzaren akademia bat sortzeaz. Azkue eta Urkijorekin batera aipatu zuen hizkuntza estandarraren beharra, euskara batua onartu baino hamarkada asko lehenago. Campionek antropologia landu zuen, historia soziala, etnografia, artikulugintza, kazetaritza, politika... Orokorrean hartu behar da haren ekarpena, eta horregatik erabaki nuen liburu batean biltzea haren pentsamendu historiko osoa, bestela ez delako ongi ulertzen haren ekarpena.

Campioni buruz azken egunetan esan dena zer da, ezjakintasuna edo asmo txarra?

Pentsatu nahi dut partez ezjakintasuna izango dela. Bestetik, zinismoa dago.

Zer diozu altxamenduaren harira idatzi omen zuen horretaz?

Denok ditugu gurasoak eta aitona-amonak, eta zu joaten bazara zure aitonagana Iruñetik Donostiara paper bat sinatzera behartzera... Zeren hori egin baitzuten, behartu. Baina, nahita sinatu bazuen ere, haren bizitzaren %99,99 justu kontrakoa da. Campion itsu zegoen, ez zen gai bere kasa ezer egiteko, eta agure bati kontuak ateratzea inkisitoriala da.

Baina esaldia harena da?

Aspaldi, Estornes Lasa elkarrizketatu nuen. Hark esan zidan Donostia Molaren armadak hartu baino egun gutxi lehenago Campionekin egona zela, eta altxatuen mugimenduarekiko maitasun eza azaldu ziola. Berez, Campionen iloba batek kontatu zuen osabak zer esan zuen Iruñeko adiskide batzuk bisitatzera joan zitzaizkionean: «Zer nahiko dute kabroi horiek?». Iloba hori bera izan zen gutun hura gero Iruñera eraman zuena. Campion antimilitarista hutsa izan zen, bereziki Espainiako armadaren aurkakoa. Ez zuen harremanik karlismoarekin, eta egurra eman zioten alde guztietatik. Lehen Mundu Gerran ere Alemaniaren inperialismoa gaitzetsi zuen. Campion espainiar faxismoarekin lotu nahi izateak ez du zentzurik, ez funtsik. Campionek, Artadillek, Aranzadik, Iturraldek, Oloritzek... merezi zuten benetako aitortza zabal eta adostua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna