Kudeaketa ezegokiaren zantzuak ikusi ditu gobernuak Los Arcosen

2014tik iaz arte, LAMS enpresa pribatuak kudeatu du zirkuitua, eta, Nafarroako Gobernuak eskatutako auditoria baten arabera, hartzekodunekin milioi erdi euroko zorra pilatu dute

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Los Arcosko (Nafarroa) zirkuituaren kudeaketak zeresana ematen du inauguratu zenetik hamar urte bete diren honetan ere, eta Nafarroako Gobernuak kudeaketa ezegokiaren zantzuak ikusi ditu. Hartzekodunekin 496.828 euroren zorrak ditu; Nafarroako Ogasunarekin, 128.124 eurorenak; udalari ere jarduera ekonomikoei dagokion azken bi urteetako tasak zor dizkio; eta Iberdrolak ere bi jakinarazpen bidali zizkion kudeatzaileari urtarrilean 18.797 euro eskatuz. Horrez gain, zirkuituaren mantentze lanak egiteko 468.589 euroko gastua egin beharko litzatekeela azaldu zuen atzo Rebeca Esnaola Nafarroako Kultura eta Kirol kontseilariak, azpiegituraren auditoriaren aurkezpenean. Zirkuituaren kudeaketa egokiarekin eta bideragarritasunarekin kezkatuta dagoela esan zuen.

NICDO enpresa publikoa da azpiegituraren jabea, baina 2014tik Los Arcos Motor Sport (LAMS) enpresak kudeatu du zirkuitua. Joan den urtean, bi aldeek kontratua berritu zuten, eta zirkuituaren erabilera LAMSen esku geratu zen 2024. urtera arte. Baina egoerak ez zuen luzaroan iraun, uko egin baitzion azpiegituraren kudeaketari, argudiatuta ezin zituela bete kontratuan zehazten ziren neurriak. Urte hasieratik, NICDO da zirkuituaren jabea eta kudeatzailea, eta kontuak nola dauden zehazteko auditoria egiteko eskatu zuen. Atzo aurkeztu zuen Esnaolak, eta LAMSek ohar bidez azaldu zuen auditoria hori faltsua dela. «Aipatzen diren zorrak ez dira bertan biltzen diren bestekoak». Ez zuten zehaztu, ordea, zenbatekoak diren.

Kontuak kontu, zirkuituaren kudeaketa esku publikoetan dago egun, eta bideragarri izan dadin lanean ari direla esan zuen Esnaolak. Edonola ere, ez dio aterik ixten beste kudeatzaileren baten proposamenari, eta aukera guztiak aztertuko dituzte. Oposiziotik, ordea, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ezkerrak eskatu dute NICDOk jarraitu dezala zirkuitua kudeatzen.

NONDIK DATOR AUZIA?

Los Arcosko zirkuituarena finantza krisia lehertu aurreko proiektu handia da. 2007an, Jesus Samaniego enpresariak lurzorua erosi, eta zirkuitua eraikitzeko proposamena egin zion Los Arcosko Udalari. Sei milioi euroko aurrekontua izango zuen proiektuak, eta helburua inguruan aberastasuna sortzea izango zen.

Udalak Nafarroako Gobernura helarazi zuen proiektua, eta azpiegiturak sustatzeko SPRIN sozietate publikoak akordioa izenpetu zuen Samaniegorekin: Circuito Los Arcos SL enpresaren partaidetzaren %45 erosiko zuen, eta enpresa hori arduratuko zen eraikuntzaz. Lau hilabeteren buruan, zirkuituaren hasierako aurrekontua ia bost bider handitu zen, 28 milioi eurora arte, eta finantzaketaren zatirik handiena SPRINek jarri zuen.

ZENBATEKO GASTUA IZAN ZEN AZKENERAKO?

Sozietatearen %55 berea izanda, lanen eraikuntza Samaniegok bere gain hartu zuen, eta formula horren bitartez saihestu zuten eraikuntzaren inguruko lehiaketa publikoa egitea. Lanak 2008an hasi ziren, baina, hilabeteek aurrera egin ahala, kostuak are gehiago handitu ziren: 2009 erdialdean, 62,2 milioi eurotan zenbatu zen faktura osoa. Hau da, hasieran aurreikusitakoa halako hamar. Samaniegok faktura horri ezin zionez aurre egin, SPRINek enpresaren %95 bereganatu zuen. Nafarroako Kontuen Ganberak azterketa bat egin zuen 2010ean, eta nabarmendu zuen onuradun nagusia Samaniego enpresa izan zela: 33,4 milio euro jaso zituen.

ZERGATIK DA KUDEAKETA BERRIZ PUBLIKOA?

Zirkuituaren kudeaketa publikoa izan zen inauguratu ondoko lehen urteetan. Circuito de Navarra enpresa publikoak hartu zuen horren ardura, eta 2013ko abenduan NICDOren eskuetara pasa zen —Nafarroan kirol eta kultura azpiegitura gehiago ere kudeatzen ditu—. Kudeaketa esku pribatuetan utzi zuen 2014an, eta LAMSek hartu zuen zeregin hori bere gain. 2019an berriz atera zen kudeaketa lehia publikora, eta enpresa berdinak irabazi zuen. Aurreko urteetan ez bezala, atzerriko bazkide berriak lortu zituen LAMSek, eta horrek proiektuaren bideragarritasuna bermatuko zuelako egin zuten haren alde. Baina bazkide horiek alde egin dute proiektutik, eta LAMSek ezin du hitzartutakoa bete. Horregatik, kudeaketa berriz NICDOren esku geratu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.