Lindanoaren auzian udalen laguntza eskasa dela adierazi du Arriolak

Ingurumen sailburuak azaldu du udalek eta lur errentariek trabak jarri dituztela Jatako eta Enekuriko zabortegiak ikertzeko. Oposizioak leporatu dio ez heltzea arazoari bere osotasunean

Lindanoa, Jatako zabortegia zeneko lurretan, uztailean. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila «bere esku dagoen guztia» egiten ari da, baina udalek ez diote behar bezala erantzuten haren eskaerei. Hori argudiatu du Iñaki Arriola sailburuak Bizkaiko Jatako zabortegian —Mungiako Udalarena da— eta Enekuriko zabortegian —Bilboko Udalarena— aurkitutako lindano arrastoak direla-eta sortutako polemikari buruz; BERRIAk argitara eman zuen uztailaren 25ean. Elkarrekin Podemosek eskatuta, Arriolak agerraldi bat egin zuen atzo, Eusko Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordean.

Jatako zabortegia 1987an itxi zuten, eta Enekurikoa, 1999an; haien gainean basoak daude orain. Garai batean, enpresek inolako kontrolik gabe botatzen zuten lindanoa —pestizidak egiteko prozesuan sortzen den hondakin toxiko bat—. Sailburuak aitortu duenez, Jaurlaritzak aspalditik zuen susmoa leku horietan substantzia hori egon zitekeela; kutsatuta egon daitezkeen lurren katalogoan azaltzen dira, baina ikerketa ofizialak falta dira.

Jataren kasuan, baina, gobernuak ez zuen urratsik egin 2017an Ekologistak Martxan elkarteak salaketa jarri zuen arte, eta gauza bera gertatu da Enekuriko kasuan, aurten salaketa jaso duen arte. Era berean, talde ekologistak bi ikerketa independente egin ditu leku horietan. Legebiltzarreko saioan, halaber, EH Bilduko Mikel Oterok Arriolari gogoratu dio 1989ko agiri ofizial batek jasota daukala inguru horretako kutsadura. «Jaurlaritzak ez du urratsik egiten beste batzuek salaketak jarri arte edota komunikabideetan agertu arte».

Sailburuak azaldu duenez, legearen arabera gobernuak ezin du ofizioz jardun; egoera konpontzeko egin behar diren lanak abiatzeko, aurrena, erantzuleak bilatu behar ditu. «Badirudi soilik Jaurlaritzarena dela ardura. Baina legeak dio gobernuak erantzuleak bilatu behar dituela, eta, ahal duen neurrian, haiei egotzi behar diela eta haiek ordaindu behar dutela eragindako kaltea».

Horretarako, ezinbestekotzat jo du udalen kolaborazioa. Jatako zabortegiaren kasuan, sailburuak azaldu du Mungiako Udalak zer urrats egin dituen eta zer erantzun eman dituen, gobernuak prozedura abiatu eta urte eta erdira. Ondorioa: udalak ezin izan du bete ingurua hesiz ixteko, lixibatuak birbideratzeko eta isurketa gertatu zen ingurua irazgaitz bihurtzeko eginiko eskaera, Ingurumen Sailari azaldu dioenez, lurraren errentariak jarritako trabengatik.

Arriolak zehaztu duenez, udalaren eta lur errentariaren aurkako zigor prozedurak abiatu ditu Jaurlaritzak. Azkena, aurreko astean: errentariaren aurkako 25.000 euroko isuna. Enekuriko zabortegiaren kasuan, berriz, Bilboko Udalari egotzi dio ardura: jakinarazi du ez diela erantzun Jaurlaritzak aurtengo udan eginiko eskaerei, eta irailean zigor espediente bat abiatu zuela. Oztopoak oztopo, sailburuak nabarmendu du lanean jarraituko duela Jatako eta Enekuriko kasuak konpondu arte.

Konponbide integrala

Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamen bat onartu zuen aho batez martxoan, eta, neurrien artean, instituzioen artean lindanoaren arazoari konponbideak bilatzeko lan mahaiak sortzea aurreikusi zuen. Horren harira, oposizioko taldeek kritikatu dute sailburuak Bozeramaileen Batzordean soilik Jata eta Enekuriko «kasu zehatzei buruz» hitz egin duela, nahiz eta Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezek agerraldia baliatu duen auziarekin loturiko beste hainbat galdera egiteko.

Horrekin batera, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek salatu dute martxoan adostutakotik ezer ez dela martxan jarri; «iruzur» egitea leporatu diote Arriolari, eta gogoratu diote auziak konponbide integrala behar duela, eta ez unean uneko polemikei erantzutea.

Arriolak nabarmendu du Elkarrekin Podemosek eginiko agerraldi eskaeran bi kasu horiei buruz galdetu diola, eta, bestelako informaziorik nahi badu, horiek eskatzeko, legebiltzarreko mekanismoen bidez.

PSE-EEko Natalia Rojok, berriz, gogoratu du «oinordetzan» jasotako auzi bat dela, eta adierazi du arazoari konponbidea ematen ari zaiola legealdi honetan. EAJko Mikel Arruabarrenak esan du «xehetasun txiki batzuk» gelditzen direla konpontzeko, eta «lan handia» egin dela 1995etik —urte horretan egin zuen Jaurlaritzak lindanoari buruzko lehen plana, lindanoa debekatu eta bederatzi urtera—.

Ekologistek urteak daramatzate hondakin horren arriskuez ohartarazten. Haien arabera, oso ondorio larriak izan daitezke zabortegien gainean sortzen diren basoek su hartuz gero, fosgeno izeneko substantzia pozoitsu bat askatuko bailuke lindanoak; bestetik, hango zura erabiltzea ere arriskutsua izan liteke. Gainera, inguru horietako urak ere kutsa litzake —urtegi bat dago Jatatik gertu, eta itsasoa—. Era berean, eragin handia dauka gizakien osasunean: besteak beste, 2015ean Osasunerako Mundu Erakundeak minbizi eragiletzat jo zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.