Greziarentzat 2008ko krisia bezainbestekoa aurreikusi du OCDEk

xabier martin
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Koronabirusa dela-eta osasun mailan gehien kaltetutako herrialdeak Italia eta Espainia dira 27en Europako Batasunean, kutsatzeak eta heriotzak kontuan hartuz. Baina COVID-19an eragindako krisi ekonomikorik latzena Grezian pairatuko dute, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera. 2008an abiatu zen Atzeraldi Handia bezainbesteko krisia aurreikusi du Greziarentzat OCDEk, «edo handiagoa, bigarren olatua egon ala ez». Espainia eta Italia izango dira haren atzetik arazo sakonei aurre egin beharko dieten beste biak.

Erreskateen eta beltzezko gizonen aroa atzean geratu zen, baina aurrean dagoenak orduan bezainbesteko zartada eman dezake, erakundeak egindako txostenaren arabera. Aurreikusi du %9,8 uzkurtuko dela Greziaren BPGa aurten, eta %8 baino ez litzatekeela izango uzkurtze hori bigarren olaturik ez balego. 2021erako %2,3 eta %4,5 arteko suspertzea finkatu du, agerraldien ugaritzearen arabera. Kontua da EBko langabezia tasarik handiena duela Greziak, eta, azken sei urteetan tasak behera egin duen arren, datozen hilabeteetan %21etik gora kokatuko da.

«Koronabirusak Greziaren suspertze prozesua eten du, eta inbertitzaileen konfiantza berreraikitzeko lorpenak ere bai. Baina krisi honen kudeatze egokiak erakutsi du azken urteotako erreformak lagungarri izan zaizkiola», idatzi du Laurence Boone OCDEren ekonomista buruak.

Paradigma aldaketa

Alemaniako analista asko EBko akordioaren inguruan ari dira azken orduetan, eta «paradigma aldaketa» bat gertatu dela azpimarratu dute, estreinakoz zorpetuko delako EB, erakunde gisa, estatu kideen ekonomiak suspertzeko. Analista horietako gehienek, ordea, argi dute Alemaniak Europako hegoaldeko herrialdeen erreforma sakonagoak nahi dituela, eta Alemaniak hartu duen konpromisoaren mugak oso argiak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.