Merkataritza denden %2 itxi dituzte, horietako gehienak herri txikietan

Salmentek %1,7 egin dute gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Euskomerrek dio hamar urtean 5.000 dendari autonomo galdu direla

Euskomerreko ordezkariak, atzo, Bilboko aurkezpenean. JUNE PRIETO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Merkataritzaren bilakaera positiboa izaten ari da, Euskomerren arabera. Baina bilakaera positibo hori «apala» izaten ari da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkatariak batzen dituen konfederazioaren esanetan. Iazko datuen berri eman zuen, atzo, Jon Aspuru presidenteak, eta, haren arabera, salmentek %1,7 egin zuten gora hiru lurraldeetako dendetan. Igoera hori, ordea, apalagoa izan da txikizkako dendetan, %0,8ko hazkundea izan baitzuten. Datu horietan oinarrituta esan zuen Aspuruak hazkundea apala izaten ari dela.

Salmenten igoera horrek eragina izan zuen enpleguan, eta txikizkako merkatarien artean lanpostuek %1,28ko gorakada izan zuten. Baina argiak ere baditu bere itzalak, eta salmenta eta lanpostu berrien sorrera hazkundearen atzean denden itxiera ere nabarmendu zuen Euskomerrek. Joan den urtean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako denden kopuruak %1,93 egin zuen behera. Jaitsiera hori, gainera, herri txikietako merkataritzak izan duen beherakadak bultzatuta gertatu dela azaldu zuen Aspuruak.

Elkarren artean kontraesanezkoak diruditen datuak eman zituen, beraz, Euskomerrek: enpleguak gora egin zuen urte berean denda gutxiago baitzeuden. Aspuruak, ordea, errealitate horrek ezkutatzen duena azaldu zuen: «Merkataritza sektoreko enpleguaren datuetan ez da kontuan hartu enplegua galdu duten langile autonomoen kopurua, eta erkidegoko denden erdietako langileak gisa horretakoak dira». Hain zuzen ere, horregatik azpimarratu du Aspuruak herri txikietan itxi direla denda gehiago, inguru horietako denden jabeak, oro har, autonomoak direlako.

Edonola ere, denda mota bat kolpeak jasotzen ari zen bitartean, merkataritza gune handien salmentek %2,5 egin zuten gora. Horrekin batera, elikagaien salmentak %4,6 egin zuen gora iaz, eta gainerako salgaiak %1,3 hazi ziren.

Ekintzailetza, behera

Denda txikien artean enplegua galtzen ari dela nabarmendu ostean, ekintzailetzak behea jo duela ere nabarmendu zuen Aspuruak. Areago, uste du krisiak ekintzailetzan oinarritutako merkataritza eredu bati eragin diola. Joera hori argi eta garbi erakusten du datu bakar batek: azken hamar urteetan 5.000 merkatari autonomo galdu dituzte Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak. Horregatik, Edurne Parro konfederazioko idazkari nagusiaren hitzetan, «euskal merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko sektore mailako estrategiak garatu behar dira».

Horretarako, Parroren ustez, erosleek garbi eduki behar dute dendak ez direla «erosteko leku soilak». Gizarteari balio positiboak eskaintzen dizkiotenez, erakundeei eskatu zien ekintzailetza bultzatzeko garaian «lehenik eta behin merkataritzaren balioa indartzeko». Kexu agertu zen Parro, azken urteetan merkataritzara bideratutako politika publikoen «indar guztia» hirigintzara bideratu dutelako, merkataritza jardueraren azpisektorea hobetzeko «ezer egin gabe». Hori dela eta, iazko merkataritzako datuak hobetze bidean zer egin handia dagoela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.