Duintasunaren Tourra

Hamahiru emakumek Frantziako Tourreko ibilbide osoa egin dute andrazkoen itzuli handi bat eskatzeko: etapakakoa eta ondo antolaturikoa. Laugarren urtea dute, eta aldarrikapenak hartu duen oihartzuna ikusita, baikorrak dira.

Imanol Magro Eizmendi, Imanol Eppherre
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Frantziako Tourra uztailaren 29an bukatu zen, eta 145 gizonezko bueltaka ibili ziren Eliseo zelaietan. Hura, baina, ez zen izan asteburu hartan Parisen egon zen tropelik handiena, bezperan ia 300 txirrindulariko multzoa ibili baitzen Garaipenaren Arkuko biribilgune ezagunean. «Izugarria izan zen, 200 txirrindularirik gora batu zitzaizkigun. Lehen astean, Bretainian, eromena izan zen; hura zen jendetza gurekin, eta Ezpeletan ere 100dik gora ginen. Jendea gurekin dagoela sumatu dugu». Anna Barrerok (Roda de Bar, Katalunia, 33 urte) zirraraz deskribatu du Donnons del elles au Velo ekimenaren azken etapa. Izan ere, Barrero Frantziako Tourreko ibilbide osoa egin duten hamahiru emakumeetako bat da, eta ozen zabaltzen du euren aldarria. «Emakumezkoen Frantziako Tour bat nahi dugu. Egun etapa bakarreko proba bat jokatzen da, eta hori absurdoa da. Ez dute zertan 21 etapa izan, baina etapakako itzuli handi bat izatea nahi dugu, lehen egon zen modukoa».

Gizonezkoek etapa jokatu bezperan osatu dituzte ibilbideko 3.329 kilometroak, eta haiek bezala sufritu zuten 25 mendateetan gora, eta haiek bezala gorriak ikusi zituzten harbide zatietan. Aurtengo laugarren ekitaldia izan da, eta lauretan egon da Claire Floret baionarra (33 urte), egitasmoaren sustatzaile nagusietako bat. «Bere garaian etapako itzuli bat jokatzen zen , baina 1989an desagertu egin zen, eta itzuli motzago batekin hasi ziren. Txirrindularitza kirol mistoa dela erakutsi nahi dugu, eta Tourra berriz ere abian jartzearen alde militatzen dugu. Hasi ginenean, hiru emakume zoro ginen, bukatuko genuen jakin gabe. Aurten, hamahiru irten gara tropeltxoan, eta multzo polita dugu, hiru fisioterapeuta eta mekanikari batekin». Egun Bretainian bizi dira biak.

Bretainian bizi, eta Bretainian lan egin, kide guztiak amateurrak baitira. Aurtengo multzoan, baziren triatloian zebiltzanak, baina profesionalik ez. Barrero, esaterako, ikerlaria da Rhoazongo Unibertsitatean. «Nik lanari esker ezagutu nuen egitasmoa. Kirol Zientziak ikasitakoa naiz, eta kirol proba gogorrek luzera begira emakumeen bihotzean izan dezaketen eragina ikertzen ari naiz. Bigarren urtean, egitasmoari kasu egin nion, eta iaz hartu nuen parte lehenbizikoz. Hori bai, hau prestatzea urte osoko lana da, eta guk lanorduetatik kanpo eta, batez ere, asteburuetan prestatu behar dugu geure burua. Behin urria iritsita, entrenatzen hasi behar duzu. Hori nik, oinarria badudala kontuan hartuta».

Bien hitzetan, epika da nagusi, baina euren kasuan, ibilbidea ez da izan traba bakarra. «Tourreko antolakuntzatik erabat kanpo dagoen erakunde bat gara. Ibilbidean geziak daude, baina azpiegiturak ez daude guretzat jarrita». Floretek dotore azaldutakoa sakondu du Barrerok. «Guretzat, errepideak ez daude itxiak, autoen artean ibili gara askotan. Semaforo eta stopetan gelditu behar dugu. Guk, multzoan ibili gara, eta autoen bozina hotsa askotan entzun dugu... Baina pozik gaude herrietan-eta izan dugun harrerarekin. Horrez gainera, tematiak gara, eta guztiok bukatu dugu. Emakumeek ere Tourra egin dezaketela erakutsi dugu. Eta guk errepide irekiekin eta dedikazio profesionalik gabe lortu badugu, pentsa eliteko txirrindulariek».

Aurtengo Tourra, gainera, oso gogorra izan da, eta hori ere nozitu dute biek. Floretek Lourdes-Larrun etapan pasatu zuen okerren. «201 kilometro, 35 graduko beroa, 5.000 metroko desnibela... hasi aurretik beldurra nuen. Guk profesionalek baino denbora gehiago behar dugu, eta horrek indarberritzeko denbora gutxiago uzten digu». Gizonezko profesionalek ez bezala, ez dituzte esku-eskura autobus eta hotelak. Barreroen amesgaiztoak, aldiz, beste izen bat du: «Alpe D'Huez». «Bi egun pasatu nituen urdaileko arazoekin, hustuta nengoen, jota. Etapa hartan, proba uzteko zorian egon nintzen. Baina une horietan zeure buruari esaten diozu zergatik ari zaren, eta bukatu egiten duzu».

Ibilbidea Euskal Herritik ere igaro zen, eta biek oroitzapen ona dute. «Oso kilometro gutxitan joan gara bakarrik, oso polita izan da, eta Ezpeletan bi txirrindulari elkarte batu zitzaizkigun. Guretzat erlojupekoak jai egunak ziren!», esan du umoreko Barrerok. Floretentzat, bereziagoa izan zen. «Ezpeletako auzapezak harrera izugarri polita egin zigun, bazekien nire txikitako lurretan nintzela. Familia eta lagunak etorri ziren sostengatzera. Plazera izan zen niretzat. Zale asko zeuden gu irits gintezen zain».

Baikorrak dira

Eta Frantziako Tourrak zer dio? Barrerorena da erantzuna: «Hitz egin dugu antolatzaileekin, baietz esaten digute, baina noizbait emakumezkoen Tourra antolatuko duten galdetuz gero, ez dagoela aurreikusia diote. Egin daitekeen zerbait da, logistika bera baliatuz: goizez irten, bezperan, kilometro gutxiago...». Gainera, Barrerok badaki ez daudela bakarrik euren borrokan. «Skoda auto etxea gure egitasmoko babesleetako bat da, Tourreko babesle ofizialetako bat, eta hark jendaurrean esana du emakumezkoen proba nahiko lukeela. FDJ ere gurekin dago. Warren Barguil txirrindularia gure aitabitxia da. Inork ez du ulertzen nola ez dagoen emakumezkoen Frantziako Tourrik».

Floret eta Barrero bat datoz Frantziako gizartean eztabaida puri-purian dagoela. Beraien egitasmoaren oihartzunak auzia mahai gainean jarri du. Hainbeste, oso baikorrak baitira; kataluniarra bereziki. «Nik uste dut antolakuntzak zerbait egin behar duela. Aurten, sekulako oihartzuna izan dugu hedabideetan, mundu guztitik etorri dira gurekin hitz egitera: AEBetatik, Australiatik... Tourreko antolakuntzak ezin dio entzungor egin». Eta egingo balio? «Ez antolatu behar izatea nahiko luke, gustura joango naiz emakumezkoen eta gizonezkoei txalo egitera, zaleak berdin gozatuko duelako. Baina antolatu behar badugu, han izango naiz berriz ere».

Beti izan da arreba txiroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.