Madrilek inbertsioak baimenduko ditu, baina «113 milioiak osorik ez»

Mikel Aranburuk azaldu du 17 milioi eurogatik ez zuela iaz Nafarroak gastu araua bete, eta horregatik behar duela oniritzia. Eskaera bidali dio Ogasun Ministerioari, eta espero du epeak azkartzea

Mikel Aranburu, Nafarroako Parlamentuan, apirilean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Azkenean jaso du Espainiako Gobernuaren erantzuna. Atzo, Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilariak azaldu zuen Espainiako gobernua prest dagoela iazko superabiteko 215 milioi euroetatik kopuru bat inbertsio publikora bideratzeko. Dena den, ez dirudi Madrilek guztiz gogobeteko duenik laukoaren nahia. Izan ere, Nafarroako Gobernua babesten duten lau taldeek aurreko astean aurkeztu zuten lege proposamen bat 113 milioi euro inbertsio publikora bideratzeko. Haatik, Aranburuk atzo zehaztu zuenez, Ogasun Ministerioak ontzat jotzen du inbertsioa, «baina agian 113 milioi euroak osorik ez». Orain hori guztia fintzea eta gauzatzea falta da.

Dena den, ez da gutxi azken 48 orduetan korapiloa zerbait askatu izana,Pedro Sanchezen gobernua orain arte isil mantendu baita afera horren inguruan. Publikoki oraindik adierazpenik egin ez badu ere, bederen eman da jada lehen hartu-emana. Azken batean, Sanchez gobernura iritsi denetik ahalegindu da Uxue Barkos inbertsioari atea irekitzen, eta gerora Iruñetik hainbat saiakera egin dira hala Espainiako gobernuarekin, nola PSOEko zuzendaritza federalarekin oniritzia lortzeko. Azkenean, hautsi da isiltasuna, modu ez-ofizialean bada ere.

Zalantza zegoen benetan Madrilen oniritzia behar ote den 113 milioi euroak inbertitzeko. Izan ere, aste hasieran EH Bilduko Adolfo Araizek komunikabideen aurrean azaldu zuen ez zela beharrezkoa. Haatik, legearen arabera, gastu araua betetzen ez duten administrazioak behartuta leudeke Madrilen baimen hori izatera, eta, antza, Nafarroak arau horren atal bat ez zuen bete iaz.

Haatik, Aranbururen arabera, egiazki, Hitzarmen Ekonomikoaren koordinazio batzordeari dagokio zehaztea auzi hori, eta ez Madrili; hots, bi gobernuen artean ebatzi behar dute. Alta, oraingoz ez dirudi azkar batean bilduko direnik: «Ministerioak ez ditu koordinazio batzordeko ordezkariak izendatu ere egin, eta, are gutxiago, batzorde horretara deitu», aipatu zuen Aranburuk.

Hori gertatu zain, Aranburuk bai onartu zuen Nafarroak gastu araua «gutxigatik» ez zuela bete, eta hamazazpi milioiko kopurua aipatu zuen parlamentuan. Kopuru horretan zerikusia izan dezake 2015 eta 2019 eperako bi gobernuek hitzartutako akordioak: «Erregaien indizearen osagai batzuk aldatu genituen, eta gastu arauaren kalkuluan eragina dute. Guk diogu indize hori aintzat hartu behar dela, eta estatuak, ez. Desadostasun metodologiko bat dugu». Era berean, neurri handi batean akordio horri esker izan zuen iaz 215 milioi euroko superabita.

Koordinazio batzordeak auzi hori behin betiko argitu bitartean, ezin da zehatz-mehatz esan Nafarroak gastu araua bete ez zuenik eta, ondorioz, Madrilen baimena behar duenik. Alta, era berean, Nafarroak presa du baimen hori lortzeko. Urriaren 4an eztabaidatuko du parlamentuak inbertsioak zehazteko lege proposamena, eta ordurako Madrilen oniritzia izan nahiko luke gobernuak.

Aranbururen ustez, korapilo hori askatzeko prest dago estatu idazkaria. «Esan zigun eskaera formala egin behar genuela», azaldu du Aranburuk. Hala egin zuen Ogasun Departamentuak herenegun arratsaldean, eta pauso horrekin tramitazioa azkartzea espero du. «Horrekin epeak aurreratzen baditugu, ongi etorria izan dadila. Gero batzorde koordinatzaileak oniritzia emango dio akordio horri».

Hala ere, datozen asteetan ikusi ahalko da benetan PSOEren gobernuak borondatea duen. Estatuko Aurrekontu Orokorren xedapen gehigarri batek ahalbidetu ditzake 113 milioi euroren inbertsioak. Aranbururen ustez, Nafarroak betetzen du xedapen hori, baina Ministerioak uler dezake ez duela betetzen. Inbertsio iraunkor kontzeptua «zehaztugabea» da, eta hainbat interpretazio onar ditzake. «Zerbait berria da denontzat, eta, horregatik, hala Ministerioa nola gu inprobisatzen ari gara nola konpon dezakegun». Azkenean, akordioa balego, 113 milioiak ez lirateke aurten erabiliko, datorren urtean baizik.

Txibiteren haserrea

Lege proposamena aurkeztuta, Espainiako Gobernuaren gain jarri du presioa laukoak, eta PSNko idazkari nagusiak, Maria Txibitek, bere haserrea azaldu du. Haren ustez, laukoak urriaren 4ko eztabaida hori atzeratu egin beharko luke inbertsioak ziurtatu arte, Espainiako Gobernuak helegitea jartzeko arriskua saihesteko. Hartara, arrisku hori onartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.