Europa, xake partidaren peoia

'Brexit'-aren egunerako zazpi aste eskas falta dira. Eskozian independentziari buruzko eztabaida berpiztuta dago, nahiz eta ez duen oraindik forma jakin bat hartu. Europako Batasunean gelditzearen alde bozkatu zuen gehiengoak, eta independentistek helburua lortzeko amutzat erabili nahi dute.
Independentziaren aldeko martxa bat, iaz, Edinburgo hiriburuan.
Independentziaren aldeko martxa bat, iaz, Edinburgo hiriburuan. MIREN MANIAS

Miren Manias -

2019ko otsailak 7
David Jamieson Common Space (Territorio komuna) hedabide digitaleko kazetariaren arabera, eskoziar askok Ingalaterrako gizartean errotutako fenomeno politiko gisa ikusten dute brexit-a. Nazionalista gehienek uste dute Eskozia EB Europako Batasunetik kanporatuko dutela biztanleen borondatearen aurka, eta Erresuma Batuan brexit-aren alde egin zuten boto emaileak gogobetetzeko. Ondorioz, areagotu egin da nazionalisten eta independentzia mugimenduaren haserrea. Baina ez hainbeste Europarekin harremana moztuko duelako Eskoziak, «demokrazia eskasiagatik» eta «eskoziarren iritzia alde batera uzteagatik» baizik, Jamiesonen ustez. Oro har, EB ez da ospe handiko instituzioa Eskozian, eta auzi nazionala da oraindik eztabaida konstituzionalaren elementu nagusia. Hala, aurrerantzean ere EBko kide izan ala ez «xake partidaren peoi» bihurtu da Eskoziako independentziarentzat.

Bestalde, ez da ahaztu behar eskoziarren %38k bozkatu zutela Europatik ateratzearen alde. Common Space-ko kazetariaren aburuz, «forma zehatzik gabeko taldea» da hori. «Batzuek, arrantza komunitateak esate baterako, Europako Batasuneko politikaren arlo jakin batekin lotzen dute brexit-a. Beste batzuk unionistak dira, zeinak Europatik ateratzeko nahia agertu zuten britainiar nazionalismoarekin edo eskuin politikarekin loturarik izan gabe». Egia da, halaber, brexit-aren aldeko boto horietan «ezkerrekoa zein eskoziar nazionalismo ideologiadunak» egon zirela. Bestela esanda, euroeszeptizismoa legoke bi joera horien atzean ere.

Brexit-aren gurpiletik ateratzeko irtenbidea independentzia izan daiteke Eskoziarentzat? 2014ko erreferendumean ezezkoa izan zen emaitza. Egun, aldeko boto kopurua «zer edo zer» handiagoa dela dio Jamiesonek, baina antzeko sostengua izango luke galdeketak. «Zaila da esatea». Hala ere, Jamiesonen ustez, oraintxeko arazorik handiena da Erresuma Batuko Gobernuaren krisia nola konponduko den jakitea; izan ere, aukerak eskain diezazkioke Eskoziari. «Theresa Mayren gobernua nahaspila hutsa da, eta gizarteak lidergo falta du. Unionisten alderdia banatuta dago oso, eta, gaur-gaurkoz, ezin du gobernatu».

Krisiaren eragina, ordea, bikoitza da. Batetik, brexit-a abian jartzeko orduan kaosa erakutsi du Londresek; eta, bestetik, kontserbadoreek ezkerraren mehatxua ikusten dute —Jeremy Corbyn laboristen alderdia, nagusiki—. Ondorioz, kontserbadoreek hirugarren fronte bat saihestu nahi dute, eta nekez egingo lukete beste erreferendumik Eskozian. Horrez gain, lidergo ausartaren falta sumatzen da independentziaren aldeko mugimenduan. «Ezin dugu parlamentuko estrategia estu batean oinarritu prozesua. Mugimendu zabalagoa behar dugu; estatuari aurre egingo dion estrategia politikoa, hain zuzen ere. Kataluniak egin duen bezala», azaldu du Jamiesonek.

Eskoziaren etorkizun politiko hurbila aurreikustea zaila da, orain. Alex Salmond SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buruzagi ohi eta Eskoziako lehen ministro ohia atxilotu zuten duela bi aste, bortxaketa saiakera eta sexu erasoak egitea egotzita. Horren eragina ere aintzat hartu beharko da; izan ere, Salmond 2014ko independentzia kanpainaren burua izan zen, eta Eskoziako politika zein nazionalismo modernoaren figura garrantzitsua da oraindik. Areago, egungo Eskoziako lehen ministroa eta SNPko liderra, Nicola Sturgeon, Salmonden begikoa zen.

EBko immigrazioa

Eskozian bizi diren EBko biztanleei aldaketa ugari eragingo die brexit-ak. Oro har, jendea nahiko urduri dago. Oraindik zenbaki ofizialak falta direla, EBko herritarren aldeko elkarteek kezka agertu dute. Ellen Hoefer Alemaniakoa da, eta hamabi urte daramatza Eskozian; EU Citizens for an Independent Scotland (Independentziaren aldeko EBko herritarrak) erakundeko zuzendari kreatiboa da. Dioenez, lagun asko dira Erresuma Batua utzi behar izan dutenak. «Herrialdean gure kontrako giroa bene-benetan sumatzen da, jada; segurtasun falta dago alor askotan: gizarte ongizatean, etxebizitzan, osasun zerbitzuan, banku kredituetan eta enpleguan, besteak beste».

Londresek ahalegin txikia egin du EBko biztanleen eta enpresen egoera brexit-erako prestatzeko, eta «diskriminazio» sentimendua nabaria da. Hoeferren kezkarik handiena da, ordea, arrisku handia dagoela ziurgabetasun egoerak pertsonengan gaitz mentalak eragin ditzakeela. Brexit-aren gaineko informazio gutxi dago, jendeak ezin du planik egin, eta eragina du beren familian, lagun sareetan zein bizimoduan. Hala ere, Eskoziako egoera pixka bat desberdina dela dio Hoeferrek. «Hemen bizi garenok badakigu ongi etorriak garela; esango nuke 2016ko Europako erreferendumaren ostean areagotu egin dela sentimendu hori». Dena den, Eskoziako Gobernuak ez dauka immigrazioaren gaineko eskumenik, eta ezin ditu EBko herritarrak babestu «Londresko politika gaiztotik».

2014ko Eskoziako independentzia erreferendumean EBko biztanleen %50 soilik erregistratu zen boza emateko. Eta gehienak kontra azaldu ziren (%60). Brexit-aren aurrean, berriz, independentzia izan liteke haien egoera hobetzeko irtenbideetako bat. «Ezin dugu ziurtatu, baina nahiz eta EBko biztanle askok alde egin duten, esango nuke hemen geratzea erabaki dutenek independentziaren alde bozkatuko luketela orain», uste du Hoeferrek. Erronka nagusia, agian, jende hori bozkalekuetara eramatea izango da.

Irlandako korapiloa

Glasgown (Eskozia) bizi den Peter Geoghegan kazetari irlandarrak dioenez, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak irtenbidea eman nahi dio Irlandako auziaria, parlamentuko tory-ak eta Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistak gogobeteko dituen akordioa lortuta. «Arazoa Europan eta Londresko parlamentuan dago. Mayk babesa izan dezakeelako parlamentuan backstop-a berriro negoziatzeko Bruselarekin, baina Europak ez du hori onartuko». Ezta Irlandako Errepublikak ere. Iaz Mayrekin sinatu zutena baita brexit-erako akordio «bakarra».

Ofizialki, Erresuma Batuko Gobernuak akordioa nahi du Irlandarekin. Mayk halaxe errepikatu du aste honetan bertan. Baina Geogheganek oroitarazi duenez, aldez aurretik ere esan zuen «akordiorik ez izatea akordio txarra baino hobea dela, eta argi dago kabineteko zenbait ministro oso pozik leudekeela horrekin». Kazetari irlandarrak horien artean aipatu ditu Liam Fox Merkataritza ministroa eta Andrea Leadsom Komunen Ganberako tory-en liderra. Hala ere, parlamentuan ez dago gehiengorik horretarako, baina ez da «nahitaez» lortu beharrekoa, «akordiorik eza martxoaren 29tik aurrerako egoera izango litzatekeelako defektuz». Gauzak hala, beste aukera batzuk aztertu beharko dituzte; nagusiki, «Irlandako parlamentuak akordioa nahi duelako, kosta ahala kosta».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna