Lehen demokraziaren sinbolo zena, orain genozidioaren ukatzaile

Suu Kyi Myanmarko ministro eta Bakearen Nobel saridunaren aldeko manifestazioa, atzo, Yangonen. LYNN BO BO / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunak keinurik egin gabe entzun zituen, atzo, rohingyek jasan zituzten erasoen deskribapen lazgarriak. Nazioarteko Justizia Auzitegitik bertatik ikusi zuen rohingyen kontrako erasoak epaitzeko lehen auzi saioa, eta gaur berak hartuko du hitza. Myanmarko Gobernua defendatuko du Suu Kyik. Espero dena da Myanmarrek «genozidioa» bultzatu zuela ukatzea, kanpaina militarra terrorismoaren kontrako operazioa zilegi izan zela ziurtatzea eta armadaren gehiegikeriak jokabide oker isolatu gisa aurkeztea.

Suu Kyik Myanmarren jarrera defendatzeko erabakia hartu izanak kritika ugari eragin dizkio bere herrialdetik kanpo. Myanmarren diktadura militarrari aurre egiteagatik demokraziaren aldeko ikur izandakoari leporatu diote defendatu dituen printzipioei uko egitea. «[Suu Kyik] Ez du ezer ere egin hilketa eragozteko. Nazioartearen laguntza eska zezakeen. Eta, orain, azken irain modura, armadak egindakoa defendatuko du auzitegian», adierazi du Antonia Mulvey Legal Action Worldwide elkartearen sortzaileak.

Myanmarren, ordea, gehiengo budistaren babes zabala jaso du Suu Kyik, eta haren aldeko mobilizazioak egin dituzte Hagan (Herbehereak) —NBEren auzitegiaren parean— eta Myanmarren. «Bai, diktadura militarrak giza eskubideak urratu ditu Myanmar osoan», adierazi du Moe Moe Hnin manifestariak, Hagan. «Ez da Myanmar, ez dira Myanmarko herritarrak edo gure erlijioa.Gu ez gara arrazistak», gaineratu du. Myanmarko gehiengoarentzat, ordea, rohingyak ez dira bertako herritar, legez kanpoko migratzaileak baizik, eta haiei herritartasuna onartzearen aurka daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.