Espainiako Kopako finala

11 jokalari, hamaika bide

Athleticek eta Bartzelonak indarrak neurtuko dituzte Espainiako Kopako finalean. Partida irabazteko modu asko daude. Athleticek izan ditzakeenak aztertu ditu Eñaut Barandiaranek.

Bartzelona eta Athleticeko jokalariak lehian. JOSE MANUEL VIDAL / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Baloi bat, 90 minutu, luzeran 105 metro eta zabaleran 68 dituen futbol zelai bat, eta 22 jokalari. Horiek dira bihar Athleticek eta Bartzelonak jokatuko duten Espainiako Kopako finalak printzipioz izango dituen aldagai finko bakarrak. Beste guztiak aldakorrak dira, ez dira faktore zurrunak, eta aukera asko ematen dituzte. Denek nahi izaten dute irabazi. Ez dago bide finkorik horra iristeko; baina, aldi berean, mila bide daude helmuga horretara ailegatzeko. Zer bidetatik joan aukeratzen duena da entrenatzailea. Beste asko ez bezala, garaipenerako bidea ez da markatuta edo geziz josita egoten, eta prestatzaileak berak jarri behar izaten ditu. Batzuetan, huts egiten du; beste batzuetan, aldiz, asmatu.

Nahiko eskarmentu badute biek ala biek txapelketa honetan, baina aldi bakoitza ezberdina da, eta aurretik egindakoak ez du askotarako balio. Garaikurra altxatzeko Athleticek hartu beharko duen bidearen gako batzuk eman ditu Eñaut Barandiaranek (Zaratamo, Bizkaia, 1982). Gazteen Nazional Ligako entrenatzailea da, Basauriko Indartsu taldean, eta ondo baino hobeto daki partida bat prestatzea zer den. Biharko finalari begira, Athleticek irabazteko aukerak dituela uste du, baina neurketa berean final bat baino gehiago jokatuko dituen sentipena du, eta «aurretik galdutako finalen zama» izango duela taldeak.

INDARGUNEAK

Partidak irabaztea asko kostatzen da, eta norgehiagoka osoan zehar egin behar izaten da lan aurkariari gailentzeko. Galtzeko, aldiz, ezer gutxi behar da; edonoiz gal daiteke partida bat: estreinako minutuetan edo azkeneko jokaldian. Barandiaranek, baina, garrantzi handia ematen die finaleko aurreneko 20-25 minutuei: «Lehenengo minutuetan gertatzen denak markatuko du geroko guztia. Athletic ondo hasten bada, goian presionatzen eta bizitasun puntu horrekin, aukerak izango ditu. Bartzelonak hasiera-hasieratik baloiaren jabetza hartzen badu, aldiz, gauzak asko zailduko zaizkio».

Bartzelona talde handia da, eta hari irabaztea ez da erraza, baina ezta ezinezkoa ere. Aurtengo denboraldian ez da behar bezala lehiatu partida handietan Espainiako Superkopa, Txapeldunen Liga, ligan Real Madrilen eta Atletico Madrilen aurka.... Teknikariak defentsan ikusten du Herrialde Katalanetako taldea ahulen, eta zuri-gorriek hori baliatu beharra dutela uste du: «Bartzelona ez dabil fin atzean. Denboraldi osoan zehar ikusi da ez daudela oso ondo, eta gol aukera dezente sortzen dizkiete. Atzeko bi hegalekoen bizkarrean metro asko uzten dituzte, eta, erasora jokatzen dutenez, askotan bizpahiru jokalari uzten dituzte atzean. Williamsek aprobetxatu beharra du hori».

Erasora joaterako orduan ez dira makalak talde talde zuri-gorriko atzeko hegalekoak. Eskuin hegalean ondo aritu daitezkeen hiru jokalari ditu: Ander Capa, Oscar De Marcos eta Mikel Balentziaga. Ezkerrekoan, aldiz, Yuri Berchiche bakarrik dago, eta, gainera, eskuin izterrean min hartuta ibili da. Zarauztarra zelaian egotea oso garrantzitsua dela nabarmendu du Barandiaranek: «Yuri oso jokalari ona da, eta bera dagoenean, Athleticek asko irabazten du. Gainera, seguruenik, Serginho Dest izango da Bartzelonaren atzeko hegalekoa, eta aurten behin baino gehiagotan agerian utzi du ez dakiela defendatzen. Yuri gora asko joaten da, eta, ondo badago, hortik min egin dezake Athleticek».

AHULGUNEAK

Futbolak mila itzuli ematen ditu, eta gauzak asko aldatzen dira oso denbora tarte txikian, bai onerako, bai txarrerako. Orain dela hiru hilabete sekulako taldea zena, beharbada orain ez da ezer; eta haizeak nondik jotzen zion ere ez zekien talde hori, agian, orain futbolean jokatzen onena da. Bartzelonari horixe gertatu zaio: urtarriletik hona asko hobetu du, eta Koemanek beste eskema bat ere ezarri du: 5-2-3. Eskemak eskema, Barandiaran gehien kezkatzen duen afera zuri-gorriek presioa egiteko izan dezaketen zalantza da: «Bartzelonak ikaragarri hobetu du bere jokoa. Dembele sasoi onean da, eta, Athletic presioa egitera gora joaten bada, Dembele marka bakarrarekin utzi beharra daukazu. Atzean sartzen bazara, berriz, Pedrik, Messik eta Busquetsek ondo ukitzen dute baloia area inguruan, eta erraz sortzen dituzte gol aukerak... Ideiak garbi izatea komeni da, espazio handiegirik ez emateko».

Marcelinok eskema berbera erabiltzen du ia partida guztietan: 4-4-2koa. Athleticera iritsi bezain pronto, jakina zen horrela kokatuko zituela jokalariak zelaian. Hori hasieratik argi izan du teknikari zuri-gorriak, baina hain garbi ez duena da zelai erdiko euskarri horretan jarri beharreko bi jokalariak: «Euskarrian kokatuko dituen bi jokalarietan dago ezjakintasun handiena. Partida batean baino gehiagotan aldatu ditu. Argi dagoena da postuak Dani Garcia eta Vesgaren, eta Unai Lopez eta Unai Vencedorren artean banatuko direla. Dani ondo badago, nik uste dut jokatu egingo duela, baina ikusi egin beharko da. Bilbon, Vesgak eta berak jokatuko duten zurrumurrua zabaldu da, Bartzelonaren erdiko joko hori oztopatzeko asmoz. Baina nik ez dut uste horren aldeko apustua egingo duenik Marcelinok».

Realaren aurka beste final bat galtzetik dator Athletic, eta okerragoa dena: sentsazio txarra utzi zuen. Porrot hori gertu izateak eta aldartea onena ez izateak kalte handia egin diezaioke taldeari: «Lehen minutuetan Bartzelonak golen bat sartu edo gol aukera asko sortzen baditu, aurreko finaletako mamuak etorriko zaizkie, eta hor partida gal dezake Athleticek».

ERRITMOA

Dagoeneko apirilean gaude, ligako azken txanpan, eta hori asko nabaritzen dute taldeek. Aurtengo denboraldian, gainera, oso egutegi estua izan dute denek, eta neke fisikoa eta psikologikoa loratzen hasi dira, udaberri hasierarekin batera. Gauzak horrela, eta Bartzelonak duen taldea ikusita, Athleticek «partida luze bat» proposatu beharra duelakoan da Barandiaran: «Finalak jokatu ez, irabazi egin behar direla esaten da. Baina ni ez nago ados horrekin. Teoria horrek irabazten baduzu bakarrik balio du. Realaren aurkako finalean, adibidez, zer geratu zitzaion Athletici? Ezer ez. Final batean garrantzitsua da amaierara aukerekin iristea. Athletici ez zaio komeni erritmo handiko partida bat, ez dut uste oraintxe bertan horretarako gaitasunik duenik; urtarrilean, agian bai, baina orain, ez».

Neurketako azken txanpara iristeko, aulkitik ateratzen diren jokalariek zeresan handia izango dute. Bakoitzak bere baliabideekin, baina bi taldeen aulkiak «nahiko parekatuak» ikusten ditu: «Athleticeko ordezko jokalariak ez daude bolada onean:, Asier Villalibrek bakarrik erakutsi du aulkitik aterata min egiteko gai dela. Bartzelonak, Real Madrilen aurka, Griezmann ez zuen hasieratik jarri, eta bigarren zatirako gorde zuen. Ez dut uste bi entrenatzaileek horrelako planteamendu bat egingo dutenik, baina, final bat izanda, pentsatzeko modukoa da: normalean, hasieratik ateratzen diren bi jokalari hartu, eta azken zatirako gorde, taldeak bizitasun hori izan dezan. Athleticen, adibidez, Raul Garcia izan daiteke horretarako jokalari aproposa».

AURREKARIAK

Marcelinok hiru hilabete eskas daramatza zuri-gorrien prestatzaile moduan, baina tarte horretan, Koemanen taldearen aurka hiru aldiz jokatzeko beta izan du: bi Ligan, eta bat Espainiako Superkopan. Ligako biak talde blaugranak irabazi zituen, eta Superkopakoa, zuri-gorriek. Hiru neurketak gol bakarreko aldearekin amaitu ziren, markagailu estuarekin.

Bi entrenatzaileen artean aukeratu behar izanez gero, Barandiaranek argi du bere hautua: Marcelino: «Koeman teknikari ona da, gazteei aukerak ematen dizkie, baina taktikoki Marcelino hobea dela esango nuke. Partidak hobeto prestatzen ditu, eta neurketan zehar egiten dituen doikuntzek, normalean, funtzionatu egiten dute. Herbeheretarrari behin baino gehiagotan alde egin dio partida batek, egindako aldaketen ondorioz. Baina ziur nago biek ordu asko pasatu dutela final hau preparatzen eta aztertzen». Dagoeneko bidea aukeratua izango dute. Ikusi egin behar nora iristen den talde bakoitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.