Zer kate sinkronizatu

Berri Txarrak, Muse eta Crystal Fighters musika taldeak izango dira bihar Bilboko San Mames zelaian. Piztu Bilbok protesta ekitaldiak antolatu ditu egunotarako

2015ean Bilboko BBK Live jaialdian Muse musika taldeak jotako kontzertua. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Ez da eztabaidarik gabe igaro. MTV telebista katearen EMA European Music Awards sarien galaren aterpe izango da Barakaldoko BEC erakustazoka etzi, eta aste osoan hainbat musika emanaldi egin dituzte Bizkaian zehar. Musika sariek 25 urte beteko dituzte aurten, eta edizio «ahaztezina» izan dadin eginahalak egingo zituela iragarri zuen Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiak, sari banaketa Bizkaian izango zela iragartzearekin batera. Berehalakoan eman zuten etorreraren truke diputazioak ordaindutako diru kopuru bat: 3 milioi euro. Gastu horri, segurtasuna, garbitasuna eta bestelako gastuak gehitu behar zaizkio.

Egitarau zabala prestatu dute sari ematearen harira. Biharkoa izango da esanguratsuena: Muse eta Crystal Fighters talde britainiarrak eta Berri Txarrak izango dira Bilboko San Mames estadioan, 19:30etik aurrera. Sarrerak bukatuta daude jada. Bateko ala besteko, baina ez du inor epel utzi ekitaldiak. Hainbat sektorek MTV telebista kate pribatuak zabaltzen duen kultura eredua kritikatu du; eta erakundeetako ordezkariek, berriz, mundu osoko herritarrak Bizkaira begira egotearen garrantzia azpimarratu dute.

38.000 lagun bilduko dira bihar San Mamesen egingo den jaialdian. Muse taldea da ekitaldiaren kartelburua. 1994an sortu zen, eta 20 milioi disko baino gehiago saldu ditu orain arteko ibilbidean. Sari zerrenda luzea du Matt Bellamy, Dominic Howard eta Christopher Wolstenholmek osatutako banda horrek; eta, paradoxa izan zitekeen arren, bost alditan jaso du MTV EMA saria. Hala, sarion 25. urteurrena ospatuko dute Bilbon. Diskoa argitaratzear duela joko du Musek biharko kontzertua, esana baitu hilaren 9an Simulation Theory estudioko zazpigarren diskoa kaleratuko duela.

Bigarren aldiz izango da taldea Bilbon; 2015ean ere izan zen Bizkaiko hiriburuan, BBK Live jaialdiko kartelburu gisa.

Emanaldi laburra eskainiko dute britainiarrek, eta haiek itxiko dute biharko jaialdia: 21:30etik 22:30era bitarteko emankizun bat dute iragarria. Aurretik izango dituzte Crystal Fighters eta Berri Txarrak. Azken talde hori izango da oholtzara igotzen lehena, hain zuzen ere.

Crystal Fighters taldeak hartuko dio txanda Berri Txarrak-i. Ingalaterran sortu zen taldea, 2007. urtean, eta hiru disko kaleratu ditu ordutik. Musika elektronikoa egiten dute, eta, bitxia izan daitekeen arren, euskal doinuak uztartzen dituzte beren lanetan: txalaparta da haien soinuaren elementu bereizgarrienetako bat. Sarritan izan dira Euskal Herrian: 2016an, Lekornen (Lapurdi) izan ziren, Euskal Herria Zuzenean festibalean; 2014an, BBK Liven jo zuten; 2013an, Zugarramurdiko koban (Nafarroa) aurkeztu zuten Cave Rave bigarren diskoa.

Kontzertuak hasi baino bi ordu lehenago irekiko dituzte San Mameseko ateak, 17:30ean, eta 23:00etarako bukatuta egongo da ekitaldia.

Jaialdiaren gastuak

Duela urtebete eman zuten berria: negoziazio luze baten ondoren, MTV EMA sariak Bizkaira ekartzea lortu zutela azaldu zuten Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak. Ospakizun itxura eman zioten iragarpen ekitaldi hartan, zera adierazi zuen Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak: «Jaialdi hau saria da Bizkaiarentzat. [...] Denen artean lortu dugu lurralde moderno eta erakargarria egitea, eta horrek esan nahi du lan egokia egiten ari garela». David Lynnek, MTV katea parte den Viacom taldearen presidenteak, Bizkaiko hiriburuaren modernizazioa izan zuen hizpide. «Bilbok MTVk duen berrikuntzarako gogoa du. Espero dugu ekitaldia mugarri izatea Bilboko kultur ibilbidean».

MTV EMA sarien ekitaldia Bizkaian egin dadin erakunde publikoek gastatuko duten diru kopuruak —3 milioi eurotik gorakoa izango da— haserrea sortu du oposizioko taldeen artean. Askok zalantzan jarri dute bidezkoa ote den diru publikoa erabiltzea eragile pribatuen ekitaldi handiak erakartzeko. Eztabaida bera piztu da Barakaldoko Udalean ere. Barakaldoko EH Bilduk salatu duenez, 220.000 euro jarriko ditu udalak MTV jaialdiaren jiran antolatutako ekitaldietarako. BEC erakustazokaren alokairuko gastuak ordainduko ditu Barakaldoko Udalak, zehazki. Amaia del Campo alkatearen (EAJ) hitzetan, herria sustatzeko aukera emango du jaialdiak. «550 milioi etxetan ikusiko dute sari banaketa». Eta turismoan izango duen eragina ere nabarmendu du. «146.000 bisitari baino gehiago hartuko ditu Bizkaiak».

Aldundiko ordezkari jeltzaleek ere gastuaren defentsa egin dute, argudiatuz ordaindutakoa baino askoz diru gehiago itzuliko dela lurraldera. Rementeriak behin baino gehiagotan adierazi du 44 milioi ingururen etekin ekonomikoak eragingo dituela jaialdiak. Areago, 600 lanpostu sortu dituela ere azaldu dute, baina hainbat eragilek ohartarazi dute behin-behineko lanpostu horien «prekaritateaz». Aurreikuspenok bete ote diren ala ez jakitea nekeza gertatu ohi da, halako ekitaldietara bideratu ohi den diru publikoaren zenbateko zehatza jakitea bezalaxe —ekitaldion harira Bilboko Udalak zenbat diru gastatuko duen ez da jakinarazi, esaterako—. MTV jaialdiko antolatzaileek iragarri dutenez, 7 milioi euro gastatuko ditu telebista kateak igandeko sari-banaketa galan. Castinga ere egin du kateak egunotan, BECen egingo den ekitaldiaren lehen lerroan izango diren 2.500 zale aukeratzeko.

Jaialdiaren aurrekontua ez da eztabaidagai bakarra izan, hala ere. Berri Txarrak taldea biharko kartelean egoteak ere eztabaida piztu du: Nafarroako talde horren erabakiaren aldeko zein kontrako iritziak zabaldu dira sare sozialetan azten asteetan. Hala ere, ez da izango MTV jaialdiaren jiran antolatutako ekitaldietan parte hartu duen Euskal Herriko talde bakarra. Astelehenetik hona, hainbat kontzertu egin dituzte MTV Music Week izeneko ekitaldietan, eta, besteak beste, Revolta Permanent, Aneguria, Belako, eta WAS izan dira Barakaldon, Durangon eta Bilbon jarritako oholtza berezietan. Kontzertuetan uste baino jende gutxiago bildu da, eta kritikak ere izan dira horregatik. Durangoko Landako guneko emanaldietan, adibidez, 8.000 lagun espero zituzten eta 1.000 inguru elkartu ziren.

Egitarau «alternatiboak»

Barakaldo eta Bilbo dira jaialdiaren eragina gehien nabarituko dutenak. Eta Piztu Bilbo eta Piztu Ezkerraldea egitasmoak sortu dituzte bi hirietan, MTV telebista katearen balioak eta kultura eredua salatzeko. Bi munduren arteko «talka» irudikatu nahi dute egitasmo horiekin, eta hainbat salaketa ekitaldi antolatu dituzte egunotarako. Gaur bertan, mahai ingurua egingo dute Bilboko Zirika gunean, Espazio publikoak eta jaialdi erraldoiak goiburupean. Jule Goikoetxea EHUko irakaslea arituko da dinamizatzaile lanetan, eta Harrera Auzoak-eko kideak, Emakumeen Mundu Martxakoak eta Errekaleor Bizirik-ekoak izango ditu aldamenean. Lutxo Egiak ere parte hartuko du. Bihar, manifestazioa egingo dute 18:00etan, Plaza Eliptikotik abiatuta.

Igandean, BEC erakustazokan MTV EMA sarien banaketa egingo dutela eta, egun osoko egitarau «alternatiboa» prestatu dute herriko San Bizente plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.