Arrauna. Kontxako Bandera

Batzuen poza, besteen tristura

Donostia Arraun Lagunak lehena izan da Kontxako Banderako sailkatze estropadan, eta haren atzetik sartu dira Orio, Hondarribia, Tolosaldea, Deustu, Hibaika eta Chapela. San Juan ez da sailkatu

Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlariak, itzulerako luzeko azken txanpan, atzo, Donostiako Kontxako Banderako sailkatze estropadan. Lehenak izan ziren. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Donostia
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun

Joan den urteko isiltasunean jarraitzen zuen atzo Donostiako Kontxako badiak; izurriak baldintzatuta, mutu zegoen portuaren eta Aquarium gainaren ingurumaria, aldian-aldian olatu koxkorrek eta kaioen hotsek mozten zuten bitartean. Uretan, ordea, bazen nahiko zirrara eta urduritasun hogei ontzien artean; denboraldiko topaketarik garrantzitsuenean baitziren: Kontxako Banderako sailkatze estropadan.

Ikusi gehiago.Argazki bilduma

Zazpi traineruk baino gehiagok zuten zakuan sartzeko aukera eta gaia, baina denek ezin saria jaso. Donostia Arraun Lagunak etxeko ontzia, Orio, Hondarribia, Tolosaldea, Deustu, Hibaika eta Chapela ariko dira datorren igandean eta hurrengoan bandera preziatua etxeratzeko lehian, Donostiarrarekin batera. Inork nahi ez duen zorigaiztoko zortzigarren postu malapartatuan San Juan geratu zen, Chapelarengandik 1,65 segundora. Huskeria, baina nahikoa atea itxita atarian geratzeko. Kolpe latza Erreka ontziarentzat; baita Ondarroa, Cabo eta Zumaiarentzat ere —hiru talde horiek segundo bakarrean helmugaratu ziren—. Galiziako gorrien inguruan, bereziki, ikusmina zegoen euskal taldeen inguruan; izan ere, haien herrialdeko ligako txapeldunak izan baitira aurten. Bada, Kontxako uretan ez ziren fin ibili atzo, eta larrutik ordaindu zuten.

Itsasoa hutsaren hurrengoa zen; Kontxako badia igerilekuaren gisan zegoen: leun-leun, Igeldoko mendiaren eta Santa Klara uhartearen babespean; kanpoan, aldiz, ekialdeko haize petralarekin batera bazen mugimendua; olatuen errepunpak ontziei Aquarium aldetik nahiz uharte aldetik jotzen zieten. Funtsean, arraun egiteko deserosoa, eta patroientzako trainerua gobernatzeko lan mardula. Kontuak kontu, Donostia Arraun Lagunak-ek soilik jaitsi zuen hamaika minutuko langa; Lugañene ontzia, egungo Euskotren ligako garailea, izan zen atzoko azkarrena, ziabogan zein helmugan. Lehen zazpikoteko kinielan sartua zegoen Arraun. «Baina hau Kontxa da, eta estropada osoan ez gara erlaxatu», gogorarazi zuen Andrea Astudillo patroiak, trainerua lehorreratu eta berehala. «Orain bigarren ametsa betetzen ahaleginduko gara», gehitu zuen gero, ahoan irribarrea zuela.

Donostiarren ondoren, Orio sartu zen, zortzi segundora; kanporanzko luzean sei segundo atzetik zen, eta barruranzko lana, berriz, bi segundo motelago egin zuen. Segundoak segundo, lasai mintzatu zen Nadeth Agirre patroia. «Emaitzak ez gaitu kezkatu. Talde bakoitzak bere kartak ditu, eta igandekoa beste estropada bat izango da».

Bi talde horien atzetik Hondarribia sailkatu zen, hamalau segundora. Ane Marcos arraunlaria «gustura» zen taldeak egindako lanaz. «Uztailean izan genuen sentipen ona berreskuratzea lortu dugu». Euskotren ligako kanporaketari begira, bestalde, Tolosaldea eta Deusturen aurretik geratzea datu «ona» izan zela nabarmendu zuen. Hain justu, Ama Guadalupekoa ontzitik bi segundo eskasera geratu zen Tolosaldea, ETE ligako irabazlea. Estropada ona egin zuen bestea Deustu izan zen; bosgarren postuan amaitu zuen Tomatera traineruak, eta haren ondoren Hibaika sartu zen. «Helburua sailkatzea eta gozatzea zen, eta biak bete ditugu. Hurrengo bi igandeetan etortzen dena ongietorria izango da», zioen Inge Ugarte lemazainak estropada amaitu berritan.

Txanponaren bi aldeak

A multzokoek ekin zioten lanari, eta Chapela izan zen estatxa askatu zuen lehen taldea. Erlojuaren aurka denean, gainerako taldeen erreferentziak beti izaten dira mesederako; ba, itsu-itsuan atera ziren Vigoko itsasadarrari itsatsita dagoen arraun elkarteko arraunlariak. Euren lana bete zutenean, gainerako taldeen emaitzen zain itxaronaldi luzea egin zuten. Barne lineatik zazpigarrenak izan ziren baieztapena jaso orduko lehertu zen Chapelaren ontzia. Maria Lopez arraunlaria, hunkituta, eskuratutako lorpena irudikatzeko ez zen gauza. «Taldeak lan handia egin du aurtengo denboraldian, eta ziur ginen sariren bat jasoko genuela. Kontxarako sailkatzea handia izan da», atera zitzaion barrutik.

Txanponaren alderdi iluna San Juani egokitu zitzaion; zortzigarren lekuan amaitu zuen. Ziabogan zazpikotetik kanpoan zen Erreka trainerua, eta barruan zihoazen arraunlariek egoera horren berri bazekiten. Horiek hala, herio bizian egin zuten itzulerako luzea; hain justu, poparerako jarduna Chapela baino sei segundo azkarragoa egin zuten, baina ez zen nahikoa izan. «Sailkatzeko itxaropena genuen, baina Chapela gu baino gehiago izan da, eta zoriontzea besterik ez dagokigu», zioen Maider Etxaniz arraunlariak, penatuta.

Atzoko galbahea igarota, hurrengo bi igandeetako dema beste upeleko sagardoa izango da. Lehen txandan, Donostiarra, Tolosaldea, Deustu eta Orio ariko dira; eta gero, Chapela, Hondarribia, Hibaika eta Arraun Lagunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.