Maputxeak
Euren lurrak eskuratzeko borrokan ari dira Txile eta Argentinako maputxeak

Txile eta Argentina bi estatu diren arren, maputxeek herri bakartzat daukate euren lurraldea; Wallmapu Txilen, eta Puelmapu Argentinan. Bakarra da, halaber, haiek deuseztatzeko prozesua —amaitu gabea—, XIX. mendean hasia, eta geroztik jasan duten jazarpena, errepresioa eta kriminalizazioa. Txileko aldean Araucaniaren baketzea deitu zuten (1860-1883), eta Argentinako aldean, basamortuaren konkista (1878-1885). Nazio estatuen sorrerak, kasu bietan, berekin ekarri zuen herri indigenen eskualde autonomoen gaineko subiranotasuna ezarri beharra, eta lurrak kendu zizkieten bertako herriei. Kalkuluen arabera, Txileko kanpainan 50.000-70.000 maputxe hil zituzten, eta Argentinakoan 14.000 maputxe hil edo espetxeratu zituzten.
Txilen, maputxeen auzia aldatu egin zen 1960ko hamarkadan, Nekazaritza Erreformarekin. Dozenaka erakunde maputxe sortu ahal izatea ahalbidetu zuen mende hasieran piztutako indigenismoak, eta horiek bat egin zuten 1968an, Ercillako Kongresuan; han, ebatzi zuten egoera juridikoa ez zela egokia auzia bide baketsu eta legezkoetatik bideratzeko. Horiek hala, lurrak berreskuratzeko prozesuak hasi zituzten. Baina Augusto Pinocheten diktadurak lege bat onartu zuen komunitateen jabetzak banatzeko, lurren merkatu bat sortzeko helburuarekin.
Herrien militarizazioa
Orduko erabakiek ondorio larriak izan dituzte maputxeen egungo borrokan. Txileko Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen urriaren 12an Mallecon, Cautinen, Bio Bion eta Araucon —hau da, maputxeak gehiengo diren eskualdeetan—, eta militarren esku utzi zuen segurtasuna. Txileko presidente Sebastian Piñerak argudiatu zuen «narkotrafikoaren eta terrorismoaren aurka egiteko» hartu zutela neurria; aldiz, buruzagi maputxeek —tartean Batzorde Konstituziogileko presidente Elisa Lonconek— gaitzetsi egin dute erabakia. «Herriek irtenbide politikoak behar dituzte, eskualdeko komunitateei pobreziatik ateratzen lagunduko dien prozesu ekonomiko bat», esan du Lonconek.
Duela aste batzuk, Argentina eta Txileko gobernuak bildu egin ziren, segurtasun arloko ekintzak koordinatzeko. Argentinarentzat, erakargarria da Txileko eredu errepresiboari jarraitzea, nahiz eta bide horretatik zail den gatazka modu baketsuan konpontzea. Gaur-gaurkoz, hala ere, maputxeek euren lurrak eskuratzeko borrokan dihardute, eta tokian tokiko gobernuek Polizia baliatzen dute haiek geldiarazteko.
Gatazkan dauden lurren gaia konplexua da. Veronica Figueroa Huencho irakaslearen arabera, egur enpresa handien esku daude komunitate maputxeek eskatzen dituzten lur eremu gehienak.
Argentinan, 1994an Konstituzioa erreformatu zutenean, 75. artikulua gehitu zioten, eta bertan aitortzen dira Argentinako herri indigenak eta haien kultura, haien komunitateen justizia antolakuntza, eta haien komunitateak bizi izan diren lurren jabetza. Arautzen du, era berean, giza garapenerako lur gehiago eman behar zaizkiela, eta hitzematen du horiek ez direla besterendu edo eskualdatuko. Horrez gain, 26.160 larrialdi legeak bertan behera uzten ditu desjabetzeak, eta agintzen du herri lurrak herri indigenen esku uzteko.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.