Anaitasunari eta Bidasoari garai gozoan iritsi zaie Kopako derbia

Final-zortzirenetako joaneko norgehiagoka jokatuko dute, gaur, Artalekun. Irundarrak izan dira nagusi jokatutako bi partidetan

ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Asobal ligan jokatu zuten partidatik hilabete eskas baino ez da igaro, eta Bidasoak eta Anaitasunak elkarren aurka jokatuko dute berriro ere, gaur; oraingo honetan, Espainiako Kopako final-zortzirenetako kanporaketan. Joaneko lehia izango da, eta Artalekun jokatu dute (20:15) —itzulikoa datorren asteazkenean jokatuko dute, Anaitasuna kiroldegian—. Irabazlea Kopako Zortziko Finalerako sailkatuko da.

Bi taldeei emaitzen bolada onean iritsi zaie partida. Bidasoa denboraldi bikaina egiten ari da.Ligan bigarren dago, eta, azken jardunaldietan, Bartzelonaren aurka baino ez du galdu. Gainera, Granollers eta Ademar aurkari zuzenei irabazteko gai izan da. Defentsako lanean ari da nabarmentzen Jacobo Cuetarak zuzentzen duen taldea. Asobal ligan gol gutxien sartu dieten taldea da: 470, hain zuzen; batez beste, 23,5 lehiako.

Gorabeheratsua izaten ari da, ordea, Anaitasunaren sasoia. Urtea, gainera, hiru porrotekin hasi zuen. Baina azken bi partidak irabazi egin ditu, Teucroren eta Angel Ximenezen aurka, eta lasaitua hartu du, jaitsiera postuetatik aldendu baita. Hamargarren dago sailkapenean.

Hirugarren aldiz jokatuko dute elkarren aurka denboraldi honetan, eta, emaitzak aintzat hartuta, Bidasoak neurria hartua dio Anaitasunari. Izan ere, irundarrak norgehiagoka guztietan gailendu dira; Egiako torneoan, 31-25; eta ligan, 26-24 eta 19-27.

Baina Cuetarak argi du gaurko partida «desberdina» izango dela. «Kopa beste txapelketa mota bat da, eta boladek eta ligako sailkapenak ez dute ezertarako balio». Anaitasunaren inguruan, hau nabarmendu du: «Ziur ilusio handia izango dutela final-zortzirenetarako sailkatzeko. Ondo zaindu beharko dugu haien kontraeraso jokoa, indartsua baita. Horretarako, ondo aukeratu beharko dugu zer arrisku hartuko ditugun, baloia inozoki ez galtzeko eta komeni zaigun joko erritmoa ezartzeko».

Bestalde, Iñaki Anizek, Anaitasunako entrenatzaileak, Bidasoa egiten ari den denboraldia goraipatu du. «Baina irabaztera aterako gara, eta ez dugu pentsatuko itzuliko partida etxean jokatuko dugunik. Azken bi garaipenen ostean, taldea indartsu dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.