LEKU-LEKUTAN

Itxoiten

Urtzi Urrutikoetxea -

2019ko urriak 6
Bihar, etzi edo hamar egun barru izango da, baina edonoiz izan liteke. Badakigu Euskal Herrian badatorrela, eta are hobeto dakite Katalunian, eztanda egitear dela lehergailua, egun batetik bestera filtrazio baten gisara zabalduko dela albistea eta minutu gutxian ofizial izango dela preso politiko katalanak hainbat urtetara zigortzen dituen espetxe-sententzia.

Inork ez du bestelakorik espero, ez alde bateko ez besteko epelenek ez beroenek. Gero, espainiarrek hain berezko duten klixeak espero ditugu, idatzi gabe zegoen baina esateak berak etorkizuna konplikatu eta katramilatzen dituen adierazpenak, epaileen iritzia errespetatzeaz, eta abar; gobernukideez gain Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart zigortzekotan esaterako, zein argudio erabiliko den gobernu-ardurarik ez zeukaten gizarte zibileko eragileei matxinada eta antzeko delituen zigorrak ezartzeko.

Urte bi dira sekula ahaztuko ez dugun irail-urri haietatik: asteartean zen erreferendumaren urteurrena, ostegunean Espainiako estatuburuak 40 urtetako diskurtsorik gogorrena eman eta alderdi politikorik garrantzitsuenak ildo nazionalista berera ekarri zituela, 155. artikuluari bide egin eta Kataluniari autonomia kentzeko. Teknikoki, dena dago berdin: bi alderdi independentista nagusiek elkarrekin osatutako gobernua, erbesteratutako presidente eta gobernuarekin harreman zuzenean eta espetxeratutako kideekin komunikazioan.

Baina sekula ez da ezer berdin, eta konpontzen ez diren auziek usteltzera, lizuntzera jo ohi dute. Ustelkeriak jotako PP kendu eta hondoa jotzear zen PSOEri flotagailua ematea ideia ona zirudien duela urte eta erdi Kataluniako independentismoaren zati handienarentzat, Espainia gobernaezina egitea proposatzen zuen sektorearen aurrean. Giro toxikoa garbitzea ere garrantzitsua da, ados, baina oso bizkor gelditu zen agerian Pedro Sanchezen agintearen mugak eta PSOEren ohiko jardun kosmetikoa, eskuin postfrankistaren zabarkeriarik gabe baina hark eragindakoak onbideratzeko gaitasunik ez, halaber.

Kataluniako independentismoa horretaz jabetu zenean bota zizkion atzera aurrekontuak, eta horrek, ziur aski, are ulertezinago egiten du azken hilotan ERCk bere burua umiliatzeko egindako ibilbidea: PSOEren agintepean balizko zigor gogor baten indultua irudikatze hutsak wishful thinking itzela eskatzen du, eta Espainian inondik inora aurreikusi ezin daitekeen epe ertaineko planifikazioa.

Ezkerreko diskurtsoarekin ezin izan duena, eskuin nazionalistaren planteamendua bere eginez irabazteko asmoa dauka Pedro Sanchezek. Soka tenkatzea beharrezko zaio, eskuinaren esparrua bereganatu, ia lekurik gabe utzi arte. Espainiako erregeak hauspotutako salbuespenezko egoera ustez mugatu bat, Kataluniari autonomia kentzen zion 155. artikulua, lasai asko mahai gaineratzen da orain, independentismoak ordukoaren itzal izan litekeen urrats txikienik ere egin ez arren. Alderdikerietan zatitutako eta ahuldutako mugimendu bat parean daukalakoan, oldarrari ekiteko eskuak libre dituelakoan dago Sanchezen gobernua: terrorismo kontzeptua bihurritu, CDRetaraino zabaldu eta aitzakia horren pean Kataluniako autonomia murritza ezabatu eta are kontrol gogorragoa ezartzeraino.

Ahulgunerik izan badu independentismoak, alderdi politikoak eta alderdikeria bera izan dira; indargunea, horixe bera, alderdikerietatik urrundutako mugimendu sozial antolatu indartsua, urriaren 1eko desobedientzia ariketa izugarria antolatzeko gai izan zena. Geroko espetxe, erbeste eta Espainiatik hedatzen ari den terrorearen aurretik, gogoan hartu behar da duela urte bi ere agerian gelditu zirela estatu horren mugak: eguerdian errepresioa eten behar izan zuenean, Berlindik deia jasota. Ankerra eta gupidagabea izan daiteke Espainia, historian mila aldiz erakutsi duen bezala, eta egiaz aurre egiten dion edozein matxinadaren aurrean hala jokatuko du, edonor dagoela ere Moncloan.

Katalanek ikasia behar lukete dagoeneko lezio hori: edozein alderdi katalanek baino gehiago sinetsi zuen Madrilek Kataluniako independentzian, eta Espainiaren azkena litzatekeela jakinik, bereak eta bi egin zituen eragozteko. Gupidagabe egin ere, baina ez mugagabe: urriaren 1eko eguerdian gainditu zuten katalanek Espainia. Orain ere, neke eta higadura begi bistan egon arren, euren (gure) esku dago. Espainiak, beti bezala, ez du hutsik egingo.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna