Jose Luis Korta. Arraunlari eta entrenatzailea

«Nire lehen estropadaren ondoren, traineruan berriro ez sartzea pentsatu nuen»

Ez alferrik bilatu Kortaren izenik aurtengo traineruren batean. Ez dago. Horixe du berrikuntza apartekoa sasoi honek. Erdi alboratuta daukala ere, badu zer kontatua.
MONIKA DEL VALLE / FOKU

Aitor Manterola -

2019ko urtarrilak 22
Familia, arrauna eta ehiza. Horra Jose Luis Kortaren bizitzako hiru zutabe handienak. Iaz arte, arrauna, familia eta ehiza zen hurrenkera, urte luzez egon baita arraun munduan sartuta, 1968an Orion hasi zenetik. Orain ez, orain arrauna hirugarren jarria dauka, familia eta ehizaren atzetik: erdi utzita dauka, ezin erabat utzi eta.

Elantxoben laguntzen ari omen zara.

Deitu zidaten laguntzeko, eta hor nabil, baina konpromiso handirik hartu gabe.

Arriskua udan lotuta ibiltzeko berriz ere, ala ez?

Aurrena, konpromisoak dauzkat, etxean batez ere. Oporrak ere hartzeko ditut, lehen egin gabea bainaiz. Ikusiko dut zer egingo dudan udan.

Arraunak zer egitea galarazi dizu?

Presaka ibili izan naiz azkenaldian entrenamenduetara iristeko eta. Ehizatik azkar bueltatu behar izan dut, adibidez. Nahiz eta iaz Kaikun baimen berezia eman zidaten ehizan lasai ibiltzeko. Gero, Aste Santuan oporrik ez dut inoiz eduki, entrenatu egin behar genuelako. Garai ona izaten zen probak egitera joateko Legutioko urtegira. Baina orain arraunlariek oporrak nahi garai horretan, eta aldatu egin da gauza.

Konpromiso gutxiago al du oraingo arraunlariak?

Kobratu egiten dute orain, eta ez da lehengo obligaziorik. Garai batean, goiz eta arratsalde ere entrenatzen ginen asteburuetan. Gaur egun, ezinezkoa da hori. Jendea kobratzen hasi denetik, asko aldatu da arrauna. Arraunlariei iruditzen zaie betebehar gutxiago dituztela dirua kobratzen dutelako.

Zailagoa da entrenatzaileentzat taldearen aurrean agintea edukitzea orain?

Bai, zaila dago. Arraunlari asko daude, baina gazte gutxi ateratzen dira. Betikoak dabiltza batetik bestera.

Gazte gutxi ateratzen da, ala gazteak ez du gaitasunik beteranoak paretik kentzeko?

Gazte asko hasten da, baina, arraunlariak batetik bestera ibiltzen direnez, ez daukate erraza. Gure garaian, inguruko arraunlariak izaten ginen denak, eta orain ez. Talde ia guztietan, erdiak baino gehiago kanpoko arraunlariak dituzte.

Dirua bai, baina klubek irauteko biderik sendoena harrobiko lana da, dirua izan duten talde ia guztiak zulora joan baitira.

Asko aldatu da gauza. Irabazi nahi duenak gastuan sartu beharra dauka, arraunlariak batetik bestera baitabiltza. Ikusi da klub askok hondoa jo dutela; batez ere, Kantabrian (Espainia). Kaikuk ere behera egin du, ez dauka lehengo aurrekonturik. Zaila da harrobikoentzat ere, arraunlari onak ateratzen dituztenean klub irabazleetara joaten baitira.

Baina arraunean dirua sartu zelako lortu duzu zuk hemendik bizimodua ateratzea.

Gaizki ez zait etorri, baina ni baino lehen baziren entrenatzaileak kanpoan ibili eta dirua irabazten zutenak: Trabuko oriotarra [Ramon Arreseigor] Kaikun, Sarasua Castron; Altxerri ere [Juan Lizarralde] ibiltzen zen kanpoan. Nik zortea izan nuen Bizkaira joan eta hango arrauna suspertu egin zela. Nik asko eman diot arraunari, eta arraunari esker familia aurrera atera ahal izan dut. Gustuko zerbait eginda bizimodua ateratzea gauza handia da. Egun, jende asko dago horrela arraunean.

Arrauna bide okerretik al doa diruaren ustezko bide handietan barrena?

Berdin da. Ni Castrora etorri nintzenean, jendeak ez zuen dirurik kobratzen. 2002an, Astillero hasi zen guri arraunlariak kentzen, eta han aztoratu zen dena. Beti izan dira klubak goian. Gipuzkoan, Hondarribia, Orio eta pasaitarrak, eta, Bizkaian, Kaiku, Santurtzi, Zierbena... Dirua behar da gaur egun goian ibiltzeko, arraunlariak direla eta materiala dela. Arraunlariek ez balukete kobratuko, betiko klubak izango lirateke indartsuak; batez ere, gipuzkoarrak. Oraingo sistemarekin, dirua duten klubak goian ibiliko dira, eta ez daukatenak, behean. Baina diruaren kontu honetan inork ez du egiarik esaten. Kaikuk dirua zuenean, denek esaten zuten hala zela, baina orain, gutxi duenean, denak isilik.

Zuen garaian arrauna lotuago ez al zegoen herrietara?

Bai. Oriok ingurua hartzen zuen, eta besteek ere haien bueltako herrietako jendea ibiltzen zuten. Baina orduan ere izaten ziren komeriak. Ezagutu izan dut Kontxako Bandera sailkatze estropadarik gabekoa, traineru gutxi zeudelako. Begira orain zenbat joaten diren. Afizioz-eta eusten dio arraunak. Arraunlarien kalitatean, ez dakit hobeak ginen edo oraingoak diren trebeagoak. Orain, selekzioak dira taldeak, eta lehengo beste zera hori galdu egin da, inguruko arraunlariekin taldea osatzea eta abar. Gure garaia baino lehentxeago, arrantzaleekin-eta osatzen ziren traineruak, indartsuak zirelako. Gero, aulki mugikorrean zaildutakoak hasi ziren Orion kluba osatu zenean. Ni 1968an hasi nintzen. Orduan, ume guztiek genekien arraunean; sekulako zaletasuna geneukan. Festetan estropadak jokatzen genituen. Kirol guztietan ematen genuen izena, ez arraunean bakarrik. Baina, Oriokoa izanda, arraunlari izan beharra zegoen. Beste nonbaitekoa banintz, futbolaria izango nintzen agian, baina Orioko erreka bazterretara ez zen baloirik erortzen; orduan, usteldutako oilaskoak-eta etortzen ziren [barrezka].

Nola gogoratzen duzu traineruan egindako lehen estropada?

Michelinekin izan zen, 1969an, Orion trainerurik ez genuelako egin. Asko sufritu nuen eskumuturretatik, eta pentsatu nuen ez nintzela gehiago sartuko traineru batean. Begira gero noiz arte ibili naizen.

Olinpiar Jokoak ere ezagutu zenituen. Moskun izan zinen, 1980an, eta baita diploma irabazi ere.

Urte askoan egon nintzen Espainiako selekzioan, baina ezin lehiaketetara joan, Kontxarekin batera izaten zirelako. Moskun uda baino lehen izan ziren, eta joan ahal izan nintzen. Urteetan aurrera nindoan orduan, eta hantxe bukatu ziren nire kontuak.

Zer izan zen zuretzat Olinpiar Jokoetan lehiatzea?

Beste mundu bat da hori. Kirol guztiak elkarrekin, kirolariak mundu guztikoak... Gorena da. Kontxaren parekoa arraun munduan: giroa, historia...

Zer dela eta hasi zinen entrenatzaile lanetan?

Ohitua nengoen entrenamenduak egiten eta prestatzen, eta, Lasarte-Michelinen hiru urte egin eta gero, Kaikura joan nintzen. Orduan erraza zen entrenatzaile izatea. Arraunlarien konfiantza irabazi nuen, emaitzak onak baitziren, eta horrek erraztu egiten ditu gauzak. Orduan, beterano asko ibiltzen ziren, eta segituan hasi ginen irabazten. Zarauzko aurreneko bandera ia Kaikurekin irabazi genuen, bigarren izan ginen. Bizkaian arraunak gora egin zuen, Santurtzi eta Zierbena ere ondo zenbiltzan, eta hantxe harrapatu ninduen ni.

Gogorra izan zara entrenatzaile gisa, edo hala diote, behintzat.

Badira ni baino gogorragoak. Oihu asko egin bai nik, baina badakizu zer dioen esaerak: «Zaunka askoko txakurrak, haginka gutxi». Oraingoak arriskutsuagoak dira, atzetik ibiltzen baitira. Oihu egiten ez duenarekin argi ibili. Suge pozoitsu asko dago arraun munduan, gozo-gozo hitz egin baina gero... Norbaitek bakoitzaren izaeraren araberako epaiketa egingo balu, gauzak ederki aldatuak leudeke honezkero. Bakoitza bere lekuan geratuko litzateke. Nirekin arraunean ibilitakoekin oso harreman ona izan dut, baina gauzak asko okertu dira dopin kontuekin. Kirolera zer-nolako mundua etorri den ikusi besterik ez dago.

Irabazi beharrari gehiegizko garrantzia emateak eragin du hori?

Uler daiteke txirrindulari bat dopinean sartuta ibiltzea, sekulako diru pila irabaz dezakeelako Tour batean garaile izateagatik. Baina guk arraun munduan egin ditugun sakrifizioak egin eta orain dopatuta daudenek nola irabazten duten ikustea, hori ez da kirolaria, eta horrelako asko dago orain.

Lehen ez al zen batere?

Gure garaian? Bai zera!

Orain asko dago?

Harrapatzen den guztia. Badakizu orain zein den garrantzitsuena klubetan: ez entrenatzaile eta ez arraunlari. Diruarekin gaizkilea sartu da klubetan, eta aurrera. Horrelako asko pasatu dira arraun mundutik azkenaldian, eta, okerra eginda ere, aske ateratzen dira. Horretarako, klubak indartsua behar du izan. Gizartean gauza bera gertatzen da. Azukre koskor bat lapurtzen duena kartzelara doa, eta mila milioi osten dituena, ez. Arraunean orain dagoena ez da kirola.

Zure taldeetan ez da inoiz dopin konturik ibili?

Galdetu nirekin egon diren medikuei zer esan izan diedan: «Medikuntzaz ez zekiat ezer, baina, okerren bat egiten harrapatzen bahaut, lepoa neuk moztuko diat». Niri galdetzen didate, akusatuz bezala, ea nola irabazi ditudan nik irabazitako guztiak. Nola? Sakrifizioa erruz eginda, nik eta nire familiak. Argazkian ateratzeko dopatzen dira asko, eta orain badira medikurik gabe beren burua dopatzeko gai direnak ere. Jende asko dago hemen zikinkeria asko hartutakoa; jakinaren gainean, agian, ez, baina zertan ari diren susmoa izanda bai.

Zuk diozuna egia izanda, zertarako erabiltzen du dopina arraunlariak?

Ez dakit. Ez direlako kirolariak. Ondo dago irabazi nahia edukitzea, baina ez dago etxera lasai joatea bezalakorik, eta ez gaizki pentsatuz, «zer sartu ote dit orain medikuak» galdetuz. Denbora asko baino lehen hasiko da jendea aitortzen.

Nola ikusten duzu emakumeen traineru estropaden goraldia?

Ondo dabiltza emakumezko arraunlariak, animazio handia hartu dute denbora gutxian. Baina gizarte honetara ez da berdintasunik iritsi oraindik. Emakumezkoek soldata bikoitza beharko luketela esaten dut nik, gure etxean bai behintzat, nire aldean lana bi aldiz egiten dute eta.

Gustatuko litzaizuke arrauneko zure ibilbidea Orion amaitzea?

Polita litzateke, jakina. Baina zaila da. 70 urte dauzkat dagoeneko. Gauza asko egin litezke Orion: gazte asko dabiltza, emakumezkoak... Lehengo aldean, hobeto daude orain; egundoko instalazioak dituzte, adibidez. Orion lan egitea erraza da, odolean baitago arrauna bertan. Oraingo jendearekin ere egin daiteke lan ona, antolatu ondo, eta aurrera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna