Ezagun zaharrak eta aspaldiko auziak protagonista

Jose Maria Iparragirre euskal olerkari eta musikagilea jaio zela berrehun urte beteko dira aurten, eta, haren omenez, ekitaldi ugari izango dira. Arrastoa utziko du, halaber, 11 urteren ostean 'Iruña-Veleia auzia' ebatziko duen epaiketak ere.

aitor biain
2020ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Gitarra zartxo bat da/ neretzat laguna;/ onela ibiltzen da/ artista euskalduna:/ egun batean pobre,/ beste batez jauna,/ kantari pasatzen det/ nik beti eguna». Hala kantatzen zuen Jose Maria Iparragirre olerkari eta musikagileak (Urretxu, Gipuzkoa, 1820-Itsaso, Gipuzkoa, 1881) orain ia bi mende. Hura izango da hasi berri den urtearen protagonistetako bat, jaio zela berrehun urte beteko baitira aurten. Urteurrenaren karietara, hainbat omenaldi eta ekitaldi egingo dituzte.

Haren jaioterrian, adibidez, urte guztian izango dira kontzertuak, antzezlanak eta bestelakoak. Baina Donostiako Musika Hamabostaldiak ere omenduko du olerkaria; haren obran oinarritutako saioak izango dira jaialdian. Loraldiak ere Iparragirre, bihotzeko Jose Mari antzezlana estreinatuko du martxoan, haren omenez, Bilboko Arriaga antzokian.

Baina ez da Iparragirre izango 2020ko protagonista bakarra. Euskal Herrian ondareari buruz izan den aferarik nahasi eta luzeena amaiera bidean jarriko duen urtea ere izango baita. 11 urte labirinto judizialean eman ondoren, otsailean hasiko da Iruña-Veleia auzia ebatziko duen epaiketa, Arabako Auzitegiko 1. Zigor aretoan. Hiru lagun eseriko dira akusatuen aulkian: Eliseo Gil arkeologoa eta indusketa gunearen zuzendaria zena; Oscar Escribano arkeologoa; eta Ruben Cerdan ikerlaria. Iruzurra eta ondarearen aurkako erasoa egozten dizkiete.

2006ko ekainaren 8an ezagutarazi zuten aurkikuntza, Kristo ondorengo III. mendearen inguruko laurehun piezatik gorako multzoa. Baina, denbora gutxira, susmo txarrak piztu zituen. Arabako Foru Aldundiak iritzia eskatu zien hainbat ikertzaileri, eta 2008ko azaroan inskripzioak faltsuak zirela ebatzi zuen adituen batzorde hark. Horren ostean hasi zen bide judiziala. Auzipetuek defendatzen dute piezak benetakoak direla eta, ondorioz, errugabeak direla. Hainbat adituk, berriz, ziurtatu dute faltsuak direla. Bada, piezen faltsutasunari edo benetakotasunari buruzko argudioak azalduko dira saioetan.

Bisitari ezagunak musikan

Musikari dagokionez, ezagun zaharrak izango dira urteko beste protagonista nagusiak; alegia, Euskal Herriko agertokietan aurrez izan diren izen handiko musikariak, eta aurten berriz ariko direnak. John Fogerty da horietako bat: musikari kaliforniarra Azkena Rock jaialdira itzuliko da ostera —2017an aritu azkenekoz—. Ekainaren 19an eta 20an egingo dute jaialdia, Gasteizko Mendizabalan, eta Fogertyrekin batera oholtzara igoko dira, besteak beste, Patty Smith, Suzy Quatro, Brian Wilson, Incubus zein The Adicts. Bigarrenez ariko dira The Killers taldekoak ere BBK Live jaialdian. Orain hiru urte jo zuten Kobetamendin, eta, orduan bezala, kartelburu dira aurten ere. Uztailaren 9tik 11ra izango da jaialdia, eta bertan ariko dira, besteak beste, Kendrick Lamar, Pet Shop Boys, Four Tet eta Bad Bunny.

Wilco, aldiz, Gasteizen izan zen iaz, baina Donostian ariko da aurten, Kursaalean, ekainaren 30ean. Ez da Donostian izango den bisitari ezagun bakarra, nolanahi ere. Jazzaldian aurrez aritutakoak dira John Zorn saxo jotzailea, Abdullah Ibrahim, Kenny Barron eta Hiromi pianistak, eta Cecile McLorin Salvant nahiz Kurt Elling abeslariak. Aurten berriro joko dute jaialdian, besteak beste, Graham Nash, Dave Holland eta Marc Ribotekin batera. Uztailaren 22tik 26ra izango da jazzaldia.

Jendetza bilduko dute, halaber, bestelako musika jaialdiek ere. Ezagun zaharrak eta berriak bilduko dituzte Donostia Festibalak, BBK Music Legends jaialdiak eta EHZk ere. Irailaren 18 eta 19an Donostiako hipodromoan ariko dira Los Chicos del Maiz, Don Patricio eta Huntza. Ekainaren 5 eta 6an Sondikan (Bizkaia) joko dute, bestalde, Joanna Connorrek, The Jayhawksek eta Roger Hodgson Supertramp taldeko abeslariak. EHZri dagokionez, antolatzaileek aurreratu dute ekainaren 26tik 28ra izango dela eta, iaz bezala, Irrisarrin (Nafarroa Beherea) egingo dutela. Hil ala biziko egoeran egon ondoren, berrasmatuta eta indarberrituta itzuli zen iaz.

Bertsolaritzan, herrialdeko txapelketen urtea izango da aurtengoa ere. Arabakoa eta Gipuzkoakoa iaz egin zituzten, eta aurten Bizkaikoaren txanda izango da. Arabaren kasuan, baina, kuadrilla artekoa egingo dute. Bertsozale Elkarteak antolatzen duen Bertso Eguna Aramaion (Araba) egingo dute, urtarrilaren 18an.

2020ko maskaradak, berriz, Altzürüküko (Zuberoa) gazteek emango dituzte. Otsailaren 9an izango da lehen agerraldia, eta apirilaren 26an azkena, Altzürükün bertan, ohiturari jarraituz. Zuberoan egingo den beste ekitaldietako bat Jean-Louis Davant idazleak Abdelkader aljeriar emirrari buruz idatzitako pastorala izango da. Ezpeize-Ündüreinen antzeztuko dute, udan.

Zinemak bere erritmoa izaten du, eta batzuetan ez da erraza izaten jakitea film bat aurten estreinatuko den edo ez. Dena dela, litekeena da Lara Izagirrek Nora estreinatzea 2020an, eta baliteke Imanol Rayoren Hil-kanpaiak ere —Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberrian oinarritua— aurten estreinatzea. Fikziozko lanez gain, bestelako proposamenak ere estreinatuko dituzte; besteak beste, Oier Aranzabal, Ritxi Lizartza eta David Pallaresen Apaiz kartzela eta Oskar Alegriaren Zumiriki. Estreinaldi data du, berriz, Lur eta Amets Imanol Zinkunegiren animaziozko filmak: otsailaren 7a.

Euskal artea eta beste

Euskal Herriko museo nagusietako batzuek dagoeneko prest dute aurten erakutsiko dutenaren zerrenda. Gasteizko Artium museoak, esaterako, euskal artearekin hasiko du urtea. Zeru bat, hamaika bide izeneko erakusketa zabalduko du otsailaren 7an. Erakusketak 1997tik 2002ra «euskal testuinguruan garatutako praktika artistiko eta kulturalei buruzko gogoeta zabala» egingo du, eta museoko bildumaren funtsekin osatuko dute. Horrez gain, Juan Luis Moraza eta Gema Intxausti euskal artisten erakusketa bana ere egingo dituzte. Elena Mendizabalen obrek maiatzera arte jarraituko dute ikusgai.

Bilboko Guggenheim museoak, berriz, nazioarteko hainbat artista garrantzitsuren lanak erakutsiko ditu. Besteak beste, Vassili Kandinski, El Anatsui, Richard Artschwager, Lygia Clark, Olafur Eliasson, Lee Kraasnner eta Lynette Yiadom-Boadkyeren obrak izango dira ikusgai. Donostiako San Telmo museoan, bestalde, Elkanoren mundu bira, emakumezko artistak, argazkilaritza eta Pieter Brueghel izango dira aurtengo erakusketetako ardatzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.