Sorgin jaio eta sor hil

Juana Ines Gurutzekoari buruzko musikala da 'Ni, munduko txarrena'. Bihar estreinatuko du Vaiven taldeak, Donostiako Antzoki Zaharrean

JON URBE / @FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Urnieta
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Argi-ilunetan, hiru egitura metaliko gorri, gurpildunak, agertokian. Aldiro, atzeko pantaila irudiz betetzen da, piztu-itzali betean. Ugaitz Alegria azaldu da ezkerraldeko ilunpetik, sotana eta txapela hega-zabala soinean. «Lagunduko al didazue hau janzten?», entzun da Itxaso Kintanaren boza bozgorailuetatik, eta, halako batean, fokupera agertu da, ilea estaltzeko toka zuria esku batean, toka gainerako beloa bestean. «Bai, bai», erantzun dio Ainara Ortegak. Mojaz jantzita doa hori ere. Bien paparretan ageri da Mexikoko ikonografiatik aterea dirudien kaskezur larrosaduna. «Lehendabiziko kantuarekin hasiko gara! Aurrena erdaraz, gero euskaraz!», egin du oihu Olga Margallo zuzendariak.

Halaxe Sarobe antzokia (Urnieta, Gipuzkoa), Vaiven konpainiaren ekoizpen berriaren estreinaldia ate joka dagoenean. Ertzik txikiena ere berdintzeko tenorea da. «Emaitza oso konpaktua da jada, eta urduritasunak jota gaude, estreinatzeko desiratzen», dio Ana Pimentak. Mojaz jantzita dago hura ere. Vaiven konpainiako kide beteranoa aktore eta ekoizpen zuzendari lanetan ari da Ni, munduko txarrena honetan. «Feminismoaz hitz egiteko gogoa geneukan, baina ez topikotik, puntu ireki batetik baizik». Hamlet-en bertsio feminista bat egitea pentsatu omen zuten lehenik, Ofeliari egiten zizkion gehiegikerietatik abiatuta, baina gehiegitxo behartzen ez ote ziren ari pentsatu zuten. «Hor agertu zen sor Juana Ines Gurutzekoaren pertsonaia. XVII. mendeko emakume hari ez zitzaion utzi ikasten, kultura hartzen. Eta toki askotan hala izaten segitzen du gaur ere. Hortaz, mezu erabat garaikidea zeukala iruditu zitzaigun». Horregatik, ez dute XVII. mendea berregin nahi izan, pertsonaia haiek XXI. mendean ordukoaz hizketan jarri baizik, eta bi mendeon artean jauzika ari dira agertokian.

Distirarik ez

«Ni, munduko txarrena», Juana Ines Gurutzekoak bere buruari buruz idatzitako esaldirik ezagunenetako bat da, eta horri egiten dio erreferentzia obraren izenburuak. Gurutzekoa XVII. mendeko gaztelaniazko idazlerik distiratsuenetako bat bihurtua zen idatzi zuenerako, ikasteko eta sortzeko zeukan gaitasun harrigarriari bide emateko gizonez mozorrotzea eta moja sartzea erabaki izanari esker. Ez zioten barkatu Eliza katolikoko hierarka bati publikoki kritika egitea, baina, eta obrak baditu horren oihartzunak: 1695etik abiatzen da, izurriteak jotako Santa Paula komentuan; Elizako hierarkei aurre egin izana leporatzen dioten ahizpez inguratua ageri da Juana Ines, hil aurreko azken orduetan, pertsonak Jainkoa bera baino gehiago maitatu izana egozten dion Antonio Nuñez Miranda aitorlearen begiradapean. Hainbeste borrokatzeak merezi ote zion galdetzen dio protagonistak bere buruari. «Ikusle bakoitzak erantzun beharko dio galdera horri obra amaieran», dio Margallo zuzendariak. Baietz dio historiak.

Juana Ines Gurutzekoak Juana Asbaje Ramirez izena zuen berez. San Miguel de Neplantan jaio zen, 1651n, Mexiko espainiar inperioaren kolonia zen garaian. Aita euskalduna zuen, eta, berak ere, euskarazko hitz batzuk sartu zituen Arantzazuko Ama Birjiñari eskainitako bertsoetan: «Guacen galanta contigo/ guacen nere lastana/ que al cielo toda Vizcaya/ has de entrar./ Galdunaiz ay! que se va/ nere vici gucico galdunaiz».

3 urte zituela, Asbajek irakurtzen ikasi zuen, eta, artean ume zela, latina, erretorika eta filosofia landu zituen. Espainiako errege-erreginen ordezkariek Mexiko hirian zuten gorteko dama izan zen, eta, ezkontzeari uko eginda, moja sartu eta ikasten jarraitzea erabaki zuen. Horiek guztiak azaldu nahi ditu Vaiven konpainiaren obrak, Margallok nabarmendu duenez:«Antzerkia dago antzerkiaren barruan, eta eszena errealistak, eta haustura asko laugarren paretarekin. Txotxongiloak bakarrik falta zaizkigu». Musikal formatuan, bai. «Uste du aurreiritzi asko dagoela musikalen inguruan. Ez dago istorio bat kontatzeko modu hoberik, hitzetik, mugimendutik eta musikatik baino».

Hori guztia behar bezala uztartzea ez da erraza izan, Ortegak nabarmendu duenez: «Musikalak ez dira ez haur bat, ez bi, ez hiru, lau batera jaiotzea baizik. Musika, koreografia, eszenografia... Oso lan luzea eta sakona izan da hau». Duela sei hilabete hasi zen Antonio Muñoz de Mesa testuak idazten, duela bi hilabete hasi ziren entseguekin. Iñaki Salvadorren musika ere lehengai izan dute horretarako. «Iñakik musika pasatu zigunean, ahots moldaketak egiteko eta ahotsok noiz eta nola sartu erabakitzeko eskatu zidaten», gogoratu du Ortegak. Muñoz de Mesak bost abestitarako gaztelaniaz egindako hitzak euskarara ekarri ditu, gainera. «Hori izan da lan denetan zailena niretzat». Beste bi kanta Juana Ines Gurutzekoak berak idatzitako bi olerki musikatu dira. Horien hitzak gaztelaniaz entzungo dira euskarazko emanaldietan, goititulatuta. «Sorgin jaio eta sor bukatu zuen pertsona distiratsu batez ari gara».

Itxaso Kintanak jokatzen du sorgin-sor horren rola. Badaki zer den musikal batean aritzea: besteak beste, Ederra eta Piztia eta Mamma mia-n aritua da. «Hau ez da ohiko musikala, baina. Barrutik kantatzea garrantzitsuagoa da ondo kantatzea baino. Asko kostatu zait testua ikastea,eta abestiak ere ez dira errazak, baina menderatu ditugu. Pertsonaia hau opari bat da».

Bihar estreinatuko dute obra, Donostiako Antzoki Zaharrean, 20:00etan. Larunbatean ordu eta toki berean emango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.