Donostiako 70. Zinemaldia. Jose Luis Rebordinos. Donostiako Zinemaldiaren zuzendaria

«Dena ezin da egon Zinemaldian: mundua ez da hemen bukatzen»

Beste urte batez, Rebordinosek errugabetasun presuntzioa defendatuz erantzun die Sail Ofizialeko bi filmen inguruan sortu diren polemikei: «Jaialdiak ez du epaitzen». Gustura dago era askotako filmak bildu dituztelako lehiaketarako.

JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Jose Luis Rebordinosek (Errenteria, Gipuzkoa, 1961) bere hamabigarren Zinemaldia zuzenduko du bihartik hilaren 24ra, eta, oraindik ere, «loa kentzen» diote aurreko egunek. Hala ere, sarreren salmentak beste urte batzuetan baino buruhauste gutxiago ekarri dizkio aurten, banatuago antolatu baitute dena. Harrituko duten filmen ehizan igaro du urtea—«Cannesen, Venezian eta Berlinen beti aurkitzen ditut ikaragarri gustatzen zaizkidan lauzpabost»—, eta Donostiako 70. Zinemaldiko ikusleei gauza bera gertatzea nahi luke. Artean Jean-Luc Godard zinemazaleen elkarrizketa guztietan agertu aurretik aletu du aurtengo programazioa.

Murrizketarik, maskararik eta osasun protokolo zorrotzik gabeko jaialdi bat, berriro. Lasaiago zaude aurten?

Pandemiaren lehenengo urtea oso gogorra izan zen, jaialdia egiteko erabakia hartzea bera ere gogorra izan baitzen; jendea hiltzen ari zen. Ondo joan zen, eta, orain, pozarren gaude: aretoak beteta, jendea kalean... Pentsa, jendea etorri eta elkartu dadin antolatzen dugu jaialdia, eta, bi urtez,segurtasun protokoloak egiten aritu gara hori bera eragozteko; gogorra da. Normaltasunera itzultzeak badu bere lana, lehengo aurrekontura itzultzea baitakar, baina gozatzeko urte bat da, batez ere.

2019ko kopurura itzuli zarete?

2019an zortzi milioi eta erdi izan genituen, eta, aurten ere, hor nonbait. 400.000 euro gehiago izango ditugu, baina inbertitzaileen nazioarteko topaketetarako, eta hori Europako funtsetatik dator.

Pozik zaude 70. urteurreneko ospakizunekin?

Uste dut jaialdi polita dela. Tabakalerako Imajinatu Zinemaldia erakusketa oso ondo dago, eta urte amaieran hasiko gara webgune batean jartzen jaialdiaren artxibo historikoko materiala: argazki ezezagun asko, jaialdiaren eguneroko guztiak, lehenengotik azkenera arte... Lau edo bost urtean lortuko dugu artxibo guztia berreskuratzea eta eguneratzea, aurrekontuak uzten badigu.

Bi Donostia sariren berri eman duzue...

Bai, eta ez da besterik egongo. Nahiago genuke gehiago izatea, urteurrenagatik, eta bat gehiago izateko lanean aritu gara, baina ez dago denborarik. Bi izango dira, eta oso onak: Juliette Binoche eta David Cronenberg Donostia sari eztabaidaezinak dira.

Autore kutsukoak biak, ezta?

Bai... Uste dut Binochek dena daukala: aktore handiaren glamourra dauka, baina bere lana modu berezian bizi du; ez da irudi hutsa, gauza asko kontatzen ditu. Bestalde, Cronenberg zuzendari inportantearen eredu bat da; ez jende guztiarentzat, baina bai nire zinemaren maitale bizitza markatu dutenetako bat.

Jaialdia hasi aurretik, bi kexa egon dira Sail Ofizialean. Batetik, Manuel Abramovichen Pornomelancolía filmeko protagonista Lalo Santosek esan du ez dela etorriko filma aurkeztera,filmaketako «tratu txarragatik».

Esan zuen ez zutela ondo tratatu, ez ziotela nahikoa ordaindu... Ez dut detaileen berri, baina ezagutzen dut ekoizlea, Gema Juarez, eta miresmena diot arlo profesionalean eta kariñoa arlo pertsonalean. Seguru nago ez litzatekeela ezer txarrik gertatuko filmaketa batean bere esku balego; beraz, nire konfiantza osoa du. Ez naiz nor Lalok esan duena epaitzeko.

Potoloagoa izan da Ulrich Seidlen Sparta-rekin gertatutakoa: Der Spiegel-ek argitaratu du aktore adingabeek ez zutela informazio eta tratu egokirik jaso, pedofiliari buruzko filmaketa batean.

Irakurri dut artikulua, eta ez daukat ezer esateko. Errumanian haur horien gurasoren batek salaketa bat jarri omen du. Ni ez naiz han egon. Guk filmak jartzen ditugu. Sparta ikusi dut, eta berezia iruditu zait, interesgarria, eta ziurtatu dezaket filmean ageri den ezer ez dela delitua, ezta inondik ere. Der Spiegel-ek artikulu bat egin du, eta galdetu digu ea filma kenduko dugun. Zergatik? Artikulu bat idatzi dutelako? Guk filma kenduko dugu baldin eta epaile batek esaten badu legez kanpokoa dela.

Torontoko Zinemaldiak (Kanada) programaziotik kendu du.

Bihar, haien sail ofizialeko hogei filmetatik hamabostetako inork esango balu irregulartasunak egon direla filmaketan, hamabostak kenduko lituzkete? Lagunak ditut, baina arriskutsua da erruduntasun presuntzioa erabiltzen hastea errugabetasun presuntzioaren ordez. Ematen du sare sozialek eragiten duten presioak gehiago epaitzen duela epaileek baino. Bestalde, uste dut Me Too mugimendu garrantzitsu, interesgarri eta beharrezkoarekin batera puritanismo olatu bat etorri dela AEBetatik. Adingabeekin eta sexuarekin zerikusia duen edozerk zikina eta txarra izan behar du; ni ez nago ados horrekin.

Diskurtso horri eutsi diozu azken urteetan.

Erraza da: jaialdiak ez du epaitzen. Nik inoiz ez dut esan Johnny Deppek ez duenik tratu txarrik eman; ez daukat ideiarik ere. Bakarrik esan dut Depp inoiz ez dutela tratu txarrengatik akusatu epaitegi batean. Iaz, agurtu ninduenean —atsegina eta edukatua da—, gauza polit bat esan zidan: «Asko eskertzen dizut esan izana ni errugabea izan naitekeela. Badakit ez duzula esan errugabea naizenik; esan duzu errugabea izateko eskubidea dudala kontrakoa frogatzen den arte». Bazihoala, buelta eman zuen, eta esan zidan: «Baina zaude lasai, zeren errugabea naiz».

Sail Ofizialean denetik dago, eta Espainiak eta Latinoamerikak presentzia handia dute.

Izen handiak daude: [Christophe] Honore, Hong Sang-soo, Seidl, [Diego] Lerman... Apustuak ere bai: Suro eta Pornomelancolía Ikusmira Berriak-etik datoz, Runner bigarren filma da... Uste dut gustu guztiak asetzeko moduko filmak daudela: konplexuagoak, gogorragoak eta komertzialagoak. Urteak dira ez dugula izan Espainiako eta Latinoamerikako filmen halako hautaketarik.

Zer eratako lanak dira?

Latinoamerikatik, Lerman, Abramovich eta Laura Moraren itzulera indartsua daude. Espainian, Alberto Rodriguezen Modelo 77-rekin hasiko gara; publikoarentzako film bat da, baina Albertoren izaera darama. Suro ezuste handietako bat da. La maternal, Pilar Palomeroren bigarrena, helduagoa, garrantzitsuagoa. Girasoles silvestres, Rosalesen itzulera. Fernando Francoren La consagración de la primavera euskal koprodukzioa da —Koldo Zuazua ekoizleak urte batzuk daramatza segidan Sail Ofizialeko lehian—; oso polita da, ez Francoren aurrekoak bezain erradikala. Jendeari asko gustatuko zaio.

AEBetako film gutxi dago, Veneziarekin kontrastean.

Bai, Venezia bihurtu da munduko festibalik garrantzitsuena Ipar Ameriketako estreinaldietarako, eta ezin gara lehiatu horrekin. Runner dugu lehian, eta asko gustatzen zaigu; Perlak-en Olivia Wilderen Don't Worry Darling dago; eta film sorpresa AEBetako pelikula garrantzitsu bat da, konpainia garrantzitsu batekin etorriko dena.

Konforme zaude egungo sailen egiturarekin? Badirudi telesailek Sail Ofizialean aurkitu dutela beren tokia, lehiaketatik kanpo.

Ekoizpen tradizionalaren eta plataformen artean bereizketarik egiten ez dugun bezala, hor ere ikus-entzunezkoak epaitzen ditugu. «Movistarreko asko dituzue», esaten digute: ez babeslea delako, baizik eta zinemagileekin lan egiten dutelako. Telesail horiexek interesatzen zaizkigu. Esan izan dut: beti egoten dira lehiaz kanpo, baina uste dut Antidisturbios-ekin ausardia pixka bat falta izan zitzaigula lehian sartzeko. Bost ordu horiek segidan, pantaila handian, film zoragarri bat ziren; zinema bete-betean. Niretzat, [Rodrigo] Sorogoyenek inoiz egin duen lanik onena da, Espainian egindako telesailik onena.

Euskal zinema nola ikusten duzu? Badirudi azken urteetan lotura bat sortu dela urteko euskal film handiaren eta Sail Ofizialeko lehiaren artean; aurten ez dago horrelakorik.

Ezin da izan. Aurten, bi euskal koprodukzio daude, baina gaztelaniaz. Nest sailean bi labur daude, bi neska gazterenak, lehen aldiz euskaraz eginak [Mikele Landaren Noizko basoa eta Nagore Murielen Erro bi]. Hori oso polita da. Niri bibrazio onak ematen dizkit, gure zinemaren etorkizuna delako. Gertatzen dena da aurtengo film handia, industriakoa, Irati dela, generoko film bat zeharo. Guk eskaini genienak ez zuen bat egiten haiek nahi zutenarekin, eta oso ondo ulertzen dut hori. Sitgesen egongo da [Herrialde Katalanak], eta arrakasta handia izango du, seguru. Donostian, proiekzio berezi bat izan zitekeen Sail Ofizialean? Zailagoa da; uste dut ez zela hain ondo ulertuko. Niri asko gustatzen zait, eta, ahal izanez gero, Sitgesera joango naiz, babesteko. Eta ez da ezer gertatzen. Dena ezin da egon Zinemaldian: mundua ez da hemen bukatzen.

Garrantzitsua da belodromoa berreskuratzea?

Bai, normaltasunera itzultzea baita. Hiru saio eder ditugu: Leon de Aranoaren dokumentala [Sintiéndolo mucho], hamar urte Joaquin Sabinari jarraitzen; Paco Leonen Rainbow, oso berezia, desberdina; eta, noski, euskarazko film handi bat, Black Is Beltza II: Ainhoa. Fermin [Muguruza] aparta da, profesional izugarri bat, eta euskaldun asko dago filma ikusteko gogoz. Eta, barkatuko didate hirurek, baina goizero 2.500 haurrekin beteta ikustea da belodromoko gauzarik ederrena. Hori gabe, jaialdiak zerbait galtzen du, guretzat inportantea den gauza emozional bat.

Gero eta zailagoa da etorkizuneko zinemaldi bat imajinatzea?

Nik uste dut datozen hamar urteetako jaialdiak antz handia izango duela gaurkoarekin. Gauzak aldatu egiten dira, eta zaila da detailera iristea, baina jarraituko dugu filmak aretoetan ikusten, egongo dira eztabaidak, industria jarduerak... Eboluzio bat izango du, baina ez eten bat. Ez nau kezkatzen: uste dut dena ondo joango dela.

Nola ikusten duzu zure etorkizuna? Orain dela gutxi argitaratu dute zeuk egin dituzula urte gehien Zinemaldiko zuzendari karguan.

Pixka bat beldurtu nintzen hori ikusi nuenean. Garbi esanda, erretiroa hartzeko bi aukera ditut —horrek ez du esan nahi ez dudanik segituko jaialdiari lotuta; hori hurrengoek erabakiko dute—: 63rekin edo 65ekin. Bi edo lau urte geratzen zaizkit gehienez. 65ekin, nahiz eta oso ondo egon, joan egingo naiz. Ez dut uste adinarekin ezgauza bihurtzen zarenik, baina beste kontu batzuk egin nahi ditut, eta badago jende gaztea, jaialdia primeran zuzenduko duena; gaurko ideien fruitua dira, ni baino gehiago.

Bada kolpetik harrapatu zaituen filmik egitarauan, ikusi ahala eduki beharrekoa zela pentsarazi zizunik?

Lehia ofizialekoez ezin dut ezer esan, baina izugarria iruditzen zait lehiaz kanpo datorren Isabel Coixeten filma [El sostre groc]; gai oso zail bat bikain lantzen du; Isabelen lanik onenetako bat da. Perlak-en asko daude: ni Louis Garrelen L'innocent-en fan handia naiz; aktoreak, Louis eta Noemie [Merlant], supersoniko daude, eta umore beltz asko dauka. [Hirokazu] Koreeda beti maite dut, eta aurtengoa potenteetakoa da. Sorpresa txikiak ere badira: Corsage interesgarria da, Moonage Daydream ikusi beharrekoa da David Bowieren zalea izanez gero... Eta Tequila. Sexo, drogas y rock and roll dokumentala, musika taldeari buruzkoa, liluragarria da niretzat; ea gazteei zer iruditzen zaien. Jaialdia zinemaren festa handi bat da, eta ikusle bakoitzak bere filma aurkitu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.