Elias Kerejeta Eskolako lehen ikasleak, gertu

Irailean hasiko da zinema eskolaren lehen ikasturtea, 45 ikaslerekin. Komisariotza, artxiboa eta sorkuntza izango ditu ardatz
Tabakalerako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Elias Kerejeta Zinema Eskolako ordezkariak, atzo, Donostian.
Tabakalerako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Elias Kerejeta Zinema Eskolako ordezkariak, atzo, Donostian. GFA

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko uztailak 10
Elias Kerejeta Zinema Eskolaren estreinako promozioa gertu da udaren bueltan martxan hasteko. Irailean abiatuko da zinema eskola, Donostiako Tabakaleran, eta 45 ikasle jasoko ditu denera, Euskal Herrikoak zein atzerrikoak. Zinemagintzari, ikus-entzunezkoei eta arteari lotutako ikasketak dituzte hautatutakoek, eta 29 urte dute, batez beste. Eskolak elkarlanean jardungo du Tabakalerarekin, Donostiako Zinemaldiarekin eta Euskadiko Filmategiarekin, eta sustatzaileak pozik azaldu dira lehen ikasturtean izandako erantzunarekin, mundu osotik iritsitako 113 eskaera bildu baitituzte. Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuaren hitzetan, aldundiak Tabakalerari egindako «funtsezko ekarpen bat» da zinema eskola. Hala esan zuen atzo, Donostian egindako agerraldian: «Eskola egungo legealdiko apustu nagusietakoa dugu, eta munduan prestakuntzaren goi mailako erreferentzia bihurtzea nahi genuke».

Hiru ardatz izango ditu eskolak, hiru espezialitate: artxiboa, komisariotza eta sorkuntza. Hamabost ikasleko taldea ariko da alor bakoitzean, arduradun banarekin: Clara Sanchez-Dehesa artxiboan, Maria Palacios Cruz komisariotzan eta Laida Lertxundi sormenean. Modu horretan, «hiru denbora elkarrizketan» jartzea da eskolaren asmoa: artxiboko ikerketa iraganari lotuta, komisariotza eta programazioa orainari, eta sormena etorkizunari. Zinema egitearen esperientzia eta gogoeta, lan munduarekiko harremana eta esperimentazio praktika landuko dituzte hiruretan, esperientzia luzea duten profesionalen eskutik. Irakasleen izen zerrenda luzean daude, besteak beste, Leire Apellaniz, Peio Agirre, Thierry Fremaux, Koldo Almandoz, Erika Balsom, Xabier Erkizia, Vanesa Fernandez, Takashi Makino eta Maider Oleaga. Euskadiko Filmategiko, Tabakalerako eta Donostiako Zinemaldiko kideak ere ariko dira irakasle lanetan.

Zinemaldiaren atarian

Eskolak urriaren 2an hasiko badituzte ere, irailaren 19an irekiko du atea Elias Kerejeta Zinema Eskolak, Donostiako 66. Zinemaldiaren atarian ireki ere, bi egun lehenago. Izan ere, jaialdiak iraun artean, ikasleek aukera izango dute proiekzioetara, prestakuntza saioetara, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketara eta bestelako jardueretara joateko. Ikasturtean zehar, Zinemaldiko kideek irakasgai berezi bat eskainiko dute programa akademikoaren barruan, eta jaialdiaren prestakuntzaren eta filmen aukeraketarako irizpideen berri emango diete ikasleei.

Ikasketen lehen maila antolatzeaz gain, ikerketa programa garatzen eta programa publikoa zabaltzen eman du urtea Elias Kerejeta Zinema Eskolak. Publiko zabalarentzat antolatu dituen ekitaldien artean daude, besteak beste, Zinema anonimo eta zurtzaren historiak (eta estetikak) nazioarteko mintegia, Izenik gabeko zinema ikus-entzunezko erakusketa, Andrei Tarkovskiren lezio galduak jardunaldia eta Abangoardiako zinema programazioaren mende erdia konferentzia.

Zinema eskola hasiera-hasieratik aritu da Tabakalerarekin, Euskadiko Filmategiarekin eta Donostiako Zinemaldiarekin lankidetzan, eta, hala, Lucrecia Marteli, Argentinako Zinema Unibertsitateari eta Andrei Tarkovskiri eskainitako zikloetan ere parte hartu du azken urtean. Berriki, Ikusmira Berriak egonaldi programako kide ere egin da eskola. Aurrenekoz, bi egonaldi eskaini ditu aurten programak, eta irailaren 9an irekiko da izen ematea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna