Eta hemendik aurrera zer?

Esan ohi den bezala, 'errazena' egin du Eibarrek: mailaz jaistea. Beste bide bati ekin beharko dio orain, eta nolakoa izan behar duen azaldu dute Mikel Arruabarrena kapitain ohiak eta German Albistegi kontseilari izandakoak.

Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Eibarrek errazena egin du, Bigarren Mailara jaistea, eta orain datorkio lanik zailena: berrantolatzea maila berrian ahalik eta ondoen lehiatzeko. Bi alor hauen gainean eraiki beharko du: instituzionalean eta kirolean.

Bigarrengo horretaz aritzeko egokia da Mikel Arruabarrena (Tolosa, Gipuzkoa, 1983). 2009tik 2016ra taldeko jokalari izan zen, baita kapitain ere. Horrez gain, entrenatzailea ere bada, Tolosa Hirugarren Mailako taldean.

Euskarri horietan oinarritu da baieztapen sendo hau egiteko: «Betikora itzuli behar du klubak. Zer den betikoa? Hasteko, bertako jokalari gehiago behar ditu. Lehen, ohitura zen hori, eta Lehen Mailan jarraitu dugun heinean, galduz joan da». Bertakoak zein izan daitezkeen gehitu du, inguruko beste klubetara begiratuz: «Realak eta Athleticek, adibidez, gazte mordoa ateratzen dituzte, eta hor egon badaude guretzat egokiak izan daitezkeen jokalariak». Taldea eraberritzeaz aritu da: «Lehen bezala, hamabost jokalari berri ekarri beharko dira, baina lan polita da. Bigarren B Mailako onenak erakarri, Lehen Mailan lekurik ez dutenak...».

Langintza horren ardura kirol zuzendariak izango du, eta berria beharko du izan, Fran Garagarzak ez du-eta jarraituko. Arruabarrenaren ustez, «etxekoa» izan behar du, edo «gutxienik, etxea ezagutzen duena». Lehen Mailan taldeak egin dituen zazpi denboraldiez harago joan da: «Garai hartan kluba zer zen bizi izandakoa izan behar du». Entrenatzaile berriaren profilaz ere antzera mintzatu da: «Gaztea behar du izan, gosea duen norbait, eta azken denboraldietan garatu den jokatzeko moduari segida emango diona».

Lehen Mailara berriz igotzeko aukeraz ere aritu da: «Berez, jaitsi eta hurrengo sasoia izaten da mailaz berriz igotzeko errazena». Diru kontuei aipamena egiteko baliatu du: «Bigarren Mailan diru gehien jasotzen dutenak jaisten diren taldeak izaten dira, eta, alde horretatik, leku paregabean egongo da Eibar». Dirua nola erabili behar den ere gehitu du: «Eibar beti izango da gauzak ondo egin dituena, eta diru asko sartu du klubean azken urteetan, asko profesionalizatu da, baina lehengoak izan behar du bidea».

Albistegi: «Dirua, zelaian»

Betiko Eibar horren eraikuntzari eusten aritu zen German Albistegi (Eibar, Gipuzkoa, 1960) bere garaian, kontseilari izan baitzen hainbat urtez, aurretik jokalari aritu eta gero. Gero, 2017an, presidente izateko aurkeztu zen, baina irabazi egin zion Amaia Gorostiza egungo presidenteak.

Klubaren arlo instituzionalak zer bide hartu behar duen azaldu du, eta diruari egin dio aipamena: «Dirutza handia jasoko du mailaz jaisteagatik, eta horrek baliabideak emango dizkio kontseiluari». Nola gastatu da kontua: «Diruak zelaian egon behar du, eta ez banketxean. Betiere, zuhurtzian oinarrituta». Baina oin puntetan ibiltzeak ez luke «anbiziorik ezaren» sinonimo izan behar: «Ahalik eta talderik onena osatu behar dute, Lehen Mailara berriz igotzeko. Espanyol edo Mallorca izan behar dugu [aurreko sasoian jaitsi arren, aurrenekoa igo egin da, eta bigarrena bidean da ». Zer ez litzatekeen pentsatu behar esan du: «Ezin dugu esan 'Eibar gara, eta gure lekua Bigarren Maila da'. Ezin da pentsatu Lehen Mailakoa oparia izan denik. Hori izan zen lehen sasoian, baina, gero, oinarria erabat aldatuz joan da, jaso den dirutzarekin».

Administrazio kontseiluan egon izan balitz, aurreneko lanetako bat kirol zuzendaria aukeratzea izango luke. Garbi dauka nora begiratuko zuen: «Ezin da etxekoa izan. Kanpokoa behar du. Etxekoei errespetu osoa diet, baina kutsatuta daude, hitzaren adierarik onenean; izan ere, taldea gaizki hasten bada, giro onik ez da sortuko. Ideia berriekin datorren bat ekarriko nuke». Bigarren lana kontratua duten jokalariekin zer egin erabakitzea litzateke: «Gure garaian, kontratu batean bi kopuru egoten ziren, Lehen Mailarako bat, Bigarrengorako beste bat. Diotenez, Kike Garcia-eta libre dira ospa egiteko, eta ez dut ulertzen». Entrenatzaile berriak «kanpokoa baina etxea ezagutzen duena» izan behar luke: «Andoni Iraola —Rayo Vallecano— edo Jon Perez Bolo—Ponferradina—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.