Bigarren bizitza Mintxori

'Ipurbeltz'-eko klasiko bat izan zen Mintxo. Miguel Berzosak sortu zuen, eta 1977-1983 artean argitaratutako istorio denak argitalpen batean bildu ditu orain Harriet argitaletxeak

HARRIET.
itziar ugarte irizar
2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Ipurbeltz aldizkariko pertsonaia giltzarrietako bat izan zen Mintxo. 1977an atera zen aurrenekoz argitara, eta sei urtez, hilero-hilero, bere istorioek bi orri hartu zituzten komiki agerkarian. Miguel Berzosak sortu zuen, eta istorio guztiak bilduma batean jaso ditu orain Harriet argitaletxeak. «Baserritar bat da, inozentea, oso kuxkuxeroa eta baldarra, hanka sartu besterik egiten ez duena». Halakoxea da Mintxo, egilearen hitzetan. «Mutilzahar bat da», egin du azpimarra, «beti bere txakur bereizezinarekin doana hara-hona».

Hara-hona, batik bat, landa gunetik hirira eta hiritik landa gunera da Mintxorentzat. Hala ageri da bere joan-etorrietan, baserri eremuan askotan, eta arrotzagoa zaion hiriko zurrunbiloan besteetan. «Herri txiki batean bizi da, eta hiria esperpentikoagoa zaio, dena du berria hirian». Baina, bi-bietan, egoera korapilatsuetan nahasten da berdin; dela erromeria edo bolatoki batean, dela zinema areto, komertzio handi edo autoeskola batean. Horrek egiten du Mintxo, eta hor aztarrika bilatu zuen umorea Berzosak. «Gaizki-ulertuetan dago umorearen gakoa, eguneroko egoeretan jazotzen diren nahasteetan». Ez dago umore «absurdorik», Berzosak gaineratu duenez; izatekotan, «fantasiara hurbilpen bat».



Harrieten argitalpenari hitzaurre labur bat gehitu dio Koldo Azpitartek, eta Mintxorena «umore fisikotzat» jo du bertan, pertsonaia «zinema mutuaren heroiaren antzeko» bihurtzen duena. Bat dator Berzosa: «Umorea ez dago Mintxok esaten dituenetan, gertatzen zaizkion kontuetan baizik. Oso komiki bisuala da, elkarrizketa gutxikoa».

1977-1983 urte bitartean hartu zuten plaza Mintxoren aldrebeskeriek. Eta orain, lau hamarkada igaro direnean, espero ez bezala funtzionatzen dutela iruditu zaio egileari: «Bilduma egitea eskaini zidatenean, beldur handia nuen jada zaharkituta geratu ez ote ziren; ezustean, ordea, iruditu zait umoreak eutsi egiten diola, gaur ez nukeela hobeto egingo».

Lanak berrikustean lehen ikusten ez zuen beste puntu bat ere antzeman du Berzosak: ingurumenaren aldeko begirada bat. «Animaliak eta natura maite ditu Mintxok, animaliak defendatzen ditu eskopetarietatik, izeien salmenten aurka agertzen da... Alde horretatik, oso mezu aktuala du». Halere, gaur egungo gizarteari behatzeko baino gehiago, uste du 1970-1980 hamarkadetako giroa aztertzeko balio dutela. «Idazmakinak ageri dira, ez sakelakoak».

Ipurbeltz baten falta

Harrietek modu kronologikoan antolatu ditu Mintxoren istorioak. Garapen bat ikus daiteke hala, Azpitartek hitzaurrean dioenez. Garapenaren azken muturra, alta, azken istorioak erakusten du gehien: aurretik argitaratu gabeko istorio bat da, denetan luzeena, zortzi orrialdekoa. Mintxoren Ipurbeltz-eko zikloa itxi, eta urte batzuk pasatuta sortu zuen Berzosak. «Bi orriko istorioetan gag bat baldin badago amaieran, horretan ia gag bat dago orriko».

Mintxo utzi eta beste lan batzuetara jarri zen Berzosa, baina, dioenez, Mintxo beti izango da bere eskutik sortutako lehen pertsonaia. «Ordurako banenbilen marrazkilari lanean, baina ez zegoen argitaletxerik, eta benetako lehen aukera Ipurbeltz-ek eskaini zigun askori». Egun faltan nabaritzen ditu halako plataformak, «modu amateurrean» ari diren egileei leku egingo diotenak. Xabiroi aipatu du egungo argitalpen interesgarrien artean, baina han publikatzen diren lanek «maila profesionalagoa» dutelakoan da. «Ipurbeltz sortu zenean, [EAEko] Autonomia Estatutuaren garaian eta, dena egiteko zegoen, eta diru laguntza asko jasotzen ziren. Hori gutxituz joan zen, eta Ereinek azkenean utzi egin zion Ipurbeltz ateratzeari; ez zen sostengagarria».

Harrieten bildumak bigarren bizitza eman dio orain Mintxori. Batik bat, Ipurbeltz-en zuri-beltzeko zena koloretan datorrelako aurrenekoz. «Orduko lanak gaurko itxura hartu du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.